Kaleko eserlekua
Kaleko eserlekua
Kontrakoa badirudi ere, berehalakotasunaren, estresaren eta presaren tiraniaren atzaparretatik ihes egiten duten espazioak aurkitu daitezke hirian. Eraikin handien pareten arteko bazterretan, etorbide handien ertzetan edota erronden izkinetan sortzen dira. Bertan denbora gelditzen dela dirudi. Momentuek eskainitako naturaltasuna nagusi, orduak joaten dira. Ostera, arintasunean harrapatutako gizartea dago, beti aurrerantz korriketan, ingurura begiratu gabe.
Duela hilabete batzuk nire auzoan zegoen eserleku batek ezkutatzen duen istorioa kontatuko dizuet. Lauzpabost pertsona batzen ziren kaleko eserleku hartan egunero. Zutundu eta berriro ere esertzen ziren lasaitasunez, bazekiten inork ez ziela eserlekua kenduko. Zeren, denbora kontsumitzeko soilik denbora dagoen gizarte honetan, nork nahiko zukeen beraiekin eseri?
Egun batean, eguerdi partean, udaletxeko garbiketa brigada aurkeztu zen bertan. “Bankutik joan behar zarete”, esan zien teknikarietako batek, lehor, zergatiaren azalpenik gabe. Batak besteari begiratzen zioten, harrituta. “Berriro ere jarriko dugu”, esan zuen gizonak, gezurretan. Oraindik ere pertsona talde hura leku berberean batzen da egunero, baina nork daki gogoan ote duten teknikariak egindako promesa.
Kalean atsedenaldiak eskaintzen dituzten elementuak kendu edo blokeatzeari hirigintza defentsiboa deitzen zaio. Espazio hauek ezgaitzeaz arduratzen da, sistematikoki kenduz ( kasu honetan bezalaxe) edota klase askotariko elementuak jarriz ( banakako eserlekuak, metalezko pintxo edo piboteak, hormigoizko esferak…) izan zezaketen funtzioa baliogabetzeko edo oztopatzeko.
Hirigintzaren ikuspegi honek diseinuaren eta garbitasunaren paradigma faltsua hartzen du oinarritzat, eta horrekin limurtzen du iritzi publikoa. Baina, argi dago beste pertsona batzuekin komunikatzeko eta erlazionatzeko aukerak murrizten dituela. Hala nola espazio publikoaren pribatizazioa sustatzen duela (kalean eseri nahi baldin baduzu, terraza batean kontsumitu beharko duzu).
Baina ez hori bakarrik, hirigintza defentsiboaren helburuetako bat ere bada hiriko aurpegi polita “zikintzen” duen ezer kanporatzea, erakargarritasuna kendu diezaiokelako. Hau da, pertsona batzuk ‘soberakinak’ bezala katalogatu ditu sistemak, eta kanporatzeko trikimailuak egiten dituzte, hiriko ustezko edertasuna ez hondatzeko.
Ez da soilik kaletik kendutako eserleku bat. Ezta ere lehen eseri zitezkeen eta orain zutik dauden pertsona batzuk. Istorio honek garrantzia du gizartearen sostengua suntsitzen duen apustu politikoa agerian uzten duelako. Pertsonak produkzio eta kontsumo praktiketara murrizten saiatzen delako hirigintza.