Kaktusa itsasoan

Kaktusa itsasoan

Batzuetan badirudi barrua harramazkatzen dizun horrek ez duela inolako punta zorrotzik. Eta baldin badu ere, ez dizu eztarria iltzatuko zuk behatzekin tentuz ferekatzen duzunean. Itotzen zaituen hori barruan mantendu nahi duzunean baizik. Bere kaxa idortzen utzi beharrean, ezten honek lehertuko baitu ahots-korden artean lotuta zenuena.

Eta lirismo hau alde batera utzita, kritikotasunaz mintzatu nahi nuen. Edota agian kritikotasuna kritikatu. Baina barne-kritika edota barne-gogoetak urperatu du (edo lurreratu) hasieran burutu nahi nuen egitasmoa. Izan ere, nire helburuaren harira, berak haritu eta lotu nau; (barne-) kritikotasuneko sarean harrapaturik.

Bidenabarkerietan ibili gabe: bai, neu ere barne-kezkek jan naute eta lanazko jertse potolorantz trabatu. Kritikoak garela uste dugu edozer egin dela eta hari buruzko iritzi libre bat egiteko askatasun osoa dugunean. Eta kritiko paregabeak gainera, gainontzekoek erabili ez duten fokuratze batez gure filosofia bermatzen dugunean. Baina nolako kritikoak izan behar gara geure buruarekin? Eta ez nabil gainontzekoen iritzia alderatzearekin duda-mudatan. Norberak, kanpoko ekintzak kritikatzeko duen askatasun osoa norbanakoa kritikatzeko erabiltzen duenean baizik.

Oso erraza egiten zaigu arau moral edota arauak (kasuan kasu) direla medio, gainontzekoak edota gainontzekoek egina auzitan jartzea. Baina geure burua zorrotz begiratzen dugunean? Eta ez nabil ispiluko erreflexu gezurtiaren begien bila; askotan geure buruarengan ikusten dugun ispilatzeaz baizik. Hau da, geure burua beste batzuen begiekin begiratu behar dugunean komeni zaigun graduazioaz.

Izan ere, horixe bera gertatu zitzaidan lehengoan lentillak lehen aldiz probatu nituenean. Oraindaino betaurrekoak izan dira nire aitzakia, irtenbide eta (era berean) oztopoa. Baina (asko kosta ondoren) ongi ipini nituenean, mirailak espero ez nuen erreflexu bat itzuli zidan. Betaurrekoen aitzakia eta maskara erantzirik, agerian aurkitu bainuen nire aurpegia. Erabat ohikoa nuen nire erreflexu gezurtia “mozorro” (“betaurreko”) batzuez ikustea. Eta hauek eranztean, itsu sentitu arren, erabat libre nintzen siluetak lausotzeko eta xehetasunetan arretarik ez ipintzeko. Askotan galdetzen zidaten lagunek ea ezpainetako margo gorria ezpainetik atera zitzaien edo begi gaineko marra zuzen zegoen. Nik beti esan izan dut: “Ederto daukazu, oso polita zaude”. Eta hauek, nire iritzia kontuan hartu barik, betaurrekoak behar ez dituen batengana jo aholku eske. Ez bainuen xehetasun txikietan erreparatzen. Eta jende askok dio:”Xehetasunetan dago desberdintasuna”. Baina haiei erreparatu gabe bizi denak zer dio?

Bada lentilla pare horiek jarri nituenean egin nuen topo xehetasunekin: pinportak, orbanak, ileak… Eta baita sudur gaineko lehergailu eremuarekin ere. Ez zulo beltzez josita zegoelako; horietako bat zapaldu nuenaren sentsazioa izan nuelako baizik. Izan ere, halako batean hain garbia zen nire ikusmena, ze, ez nintzela gai inora begiratzeko. Banekien eta dena zen bezala ikusiko nuela. Banekien eta dena nire ikusmodura moldatuko nuela.

Kaktusa itsasoanKimikako irakasle batekin oroitu nintzen momentu hartan. Erreakzio-kimikoak ematen ari ginen, eta ikasleok gaiarekin ulergaitz aurkitu gintuen irakasleak. Halako batean, molekulen abstraktutasuna arintze arren, mahaira begira jarri eta “Nik ere ez dakit non dauden edo nolakoak diren, baina badakit hor daudela” eta kalkulu matematiko batekin jarraitu zuen. Baina ni hortxe geratu nintzen. Neuk ere noski banekiela mugak eta hariak bazeudenik, baina non zeuden jakin gabe ederki bizi nintzen. Honela ez bainuen hauek ezkutatzeko nahirik sentituko.

Barne-kritikara begira jarri, eta gainontzekoen iritziaren beldur sentitzen bainintzen. Azkenean, barne ika-mika piztu besterik ez nuen egin.

Ez gara ohartzen ordea, batzuetan betile bat begietan sartzen zaigunean, haren bila hasten garela kendu nahian. Begia erabat gorritu arte arituko garela behatzekin ea ditxosozko betile galdu hori kanporatzen dugun. “Barruan jarraitzen du?”. “Nik ez dut ikusten”. Agian bertan jarraitzen duelako da; agian aspaldian kendu duzu. Haatik, bertan sentitzen duzu. Batzuetan baitirudi ez duela punta zorrotzik. Eta are gutxiago behatzekin ferekatzen duzunean.

Kaktusa itsasoan / Kaktusa itsasoan