Kafe bat eskatzeko hamaika modu

Kafe bat eskatzeko hamaika modu –

Kafe bat eskatzeko hamaika modu

Gogoratzen dut institutuan “ahalera, hipotetikoa, alegiazkoa, subjuntiboa” eta antzerako hitz arraroak ikusi eta ikasi egin behar izan genituela. Irakasleari ikaskide batek hauxe galdetu zion: Maisu, “zeniezadake” noizbait erabiltzen da?

Irakaslearen iritziz, euskal hiztunek ez dute “zeniezadake” asko erabiltzen, jende askok ez duelako ulertzen eta batzue, nahiz eta ulertu, horrela esateak erreparo ematen diolako. Baina irakasleak esan zuen erabili behar zela, gaztelaniaz “¿Me podrías poner un café con leche?” barra-barra erabiltzen delako kafetegietako barran eta inolako arazorik gabe. Irakasleak kritikatu zuen euskaldunek ez dutela egiten esfortzu handirik ondo hitz egiteko.

Ondoren, kafetegian edo okindegian egunero eskatzen ditugun gauzei buruz ikerketa bat utzi zigun. Honakoa:

  1. KAFESNE BAT (nahi dut), MESEDEZ.
  2. KAFESNE BAT JARRI.  -Ohikoena.
  3. KAFESNE BAT JAR EZAZU/IEZADAZU
  4. KAFESNE BAT JARRIDAZU (aurrekoaren elkarketa)
  5. KAFESNE BAT JARRIKO DIDAZU?
  6. KAFESNE BAT JARRI AHAL DIDAZU?
  7. KAFESNE BAT JAR DIEZADAKEZU?  (nahiko formala)
  8. KAFESNE BAT JARRIKO ZENIDAKE? (nahiko formala)
  9. KAFESNE BAT JAR ZENIEZADAKE? (oso-oso formala)
  10. KAFESNE BAT JARRI AHALKO ZENIDAKE? (luzea eta oso formala. Ez ohikoa)
  11. KAFESNE BAT JARRIKO?  (aditz laguntzailerik gabe. Erosoa, baina Gipuzkoan izan ezik, gutxi erabilia)
  12. KAFESNE BAT JARRIKO DOSTAZU? (bizkaiera)
  13. KAFESNE BAT JARRIKOSTAZU? (bizkaiera, haurrekoaren elkarketa)

13 modu. Aditzik gabe edo “nahi” erabiliz, 3 agintera, 4 indikatibo, 3 ahalera, 2 baldintza hipotetikoan (ondorioan). Gutako inork ez genuen ikusi ikerketa hau aurretik eta pixkat arraroa egin zitzaigun. Gaztelaniaz edo ingelesez ere hainbat forma daudela ikusi genuen (ponme, me pones, me puedes poner, me podrías poner…) (would you, may I have, can I have, will you…) eta hortaz, hizkuntzaren forma-aniztasuna ikusiarazi zigun.

Orain, kafetegi edo okindegi batean gehiago fijatzen hasi naiz, baina nire inguruan arazoa da oso jende gutxik eskatzen duela euskaraz edo langileak normalean atzerritarrak direla.

Baina Bakion udatiarra naizenez, badaukat euskeraz hitz egiteko zein entzuteko aukera txikia, Bilboren aldean, bederen. Azkenean, hain kostata eta modu aseptiko eta hotzean ikasi behar izan genituen aditz bitxi horiek erabili ahal izango ditut. Irakasleak arrazoia izango zuen. Hizkuntza bat altxor bat da, eta benetan erabili dezakegunean bere benetako balioa ikusi daiteke.

Kafesne bat, mesedez.

Kafe bat eskatzeko hamaika modu

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude