Jainko txiki
Jainko txiki
Txiki-txikiak ginela sartu gintuzten eskolan, eta ordutik, egunero-egunero, gai berriekin bete digute burua. Lehen hezkuntzan ingelesa ikasten hasi ginen. Bigarren Hezkuntzan, frantsesa. Batxilergoan, kimika eta biologia. Espainiako historia ikastea ere beharrezko ikusi zuten; Europako mapekin, integral zein deribatuekin, Platonekin edo zelularekin batera. Ez ziren horrekin soilik asetu, ordea. Geroago, zelulako organulu guztiak, Descartes eta Kant, euskal literaturako idazle garrantzitsuak eta proiekzioak ikasi genituen. Buruan gehiagorako lekurik ez zegoela pentsatzen genuenean, gainera, Espainiako industria eta turismoa, Pío Baroja, García Lorca eta Blas de Oteroren testuinguru historikoak, ekuazioak, azidoak eta baseak, inmunologia eta Nietzsche ikasi genituen.
Burua jakintzaz bete digute; etorkizunean hain garrantzitsu izango diren gaiez. Izan ere, hemendik aurrera ogia erostera joaten naizen bakoitzean, batuketak egin ordez, pare bat integral egingo ditut. Nahikoa ez balitz, gainera, haur batek umeak nondik datozen galdetzen didanean; meiosia azalduko diot, ugal-zelulak nola sortzen diren jakin dezan. Amaitzeko, hurrena jolasten dudan mahai jokoan Espainiako diktadorearen izena galdetzen didatenean, Frankismoaren faseetako bakoitza, eta horien ondorioak esango ditut.
Oso ondo iruditzen zait gazteok kultura apur bat izan dezagun nahi izatea; eta guztiz beharrezko ikusten dut, gainera. Hala ere, ez dakit ez ote garen pixka bat esajeratzen ari. Urtebetean irakasleentzat ere ezinezkoa den adina materia ikastera behartzen gaituzte, eta hori gutxi balitz, SELEKTIBITATEA izeneko azterketa potolo batean demostratu beharko dugu ikasi dugula eurak nahi zutena. Urte osoa, beraz, azterketa potolo horren itzalak beldurtuta igarotzen dugu; presioa egiten digute: azterketak, irakasleek eta geure buruak.
Hezkuntza-sistema egokia dela uste duen horri idazten diot; gaur, apunteen artetik. Izan ere, urte osoan ezin izan diet deskantsurik eman. Poltsan eraman ditut urte osoan zehar; ebaluaketakoaz ez baziren, kontrolerakoak. Oporretan ere, lana aurreratu behar izan dut, selektibitatearen itzalak mapatik desagerrarazi ez nazan.
Hezkuntza-sistema egokia dela uste duen hori; benetan, ezagutu ezazu selektibitatea egin behar duen pertsona bat. Benetan diotsut, ikuspegia aldatuko dizu!
Jainkoak dena omen daki. Eta ez dakit, hezkuntza-sistemak, Jainkoaren beldur, ez ote dituen jainko txikiak sortu nahi. Guztia dakiten gazteak; bizitzako alor guztietan adituak, zalantzarik egingo ez dutenak, erantzun guztiak dituztenak… Beldur naiz, zalantza mapatik desagertarazi nahi ote duten. Izan ere, izututa nauka hezkuntza-sistemak. Jainko txikiak sortzearena, ez dut dirudiena bezain ideia ona denik uste.
Jainko txiki