Euskararekin astun

Euskararekin astun

Ez da Amelia Barquin irakaslearen Kinka blogetik salabardoak sarrera bat hartzen duen lehen aldia. Arreta handia merezi duen gai bati heldu dio:

«Tus padres son un poco pesaos con eso del euskera ¿no?»

.

Euskararekin astunAnek (12 urte, Gasteizen, bere amari):

Ama, gauza bat esan behar dizut. Nik badakit etxean euskaraz hitz egin behar dudala eta ondo iruditzen zait, baina nire lagunekin beti hitz egiten dut gazteleraz, eta gure etxera etortzen direnean, nire lagunekin euskaraz hitz egin behar dudala esaten didazuenez, roilo bat da niretzat. Denbora osoan nago “euskaraz mesedez”, “euskara mesedez”, eta nire lagunek esaten dute “jope, apur bat astuna zara euskararekin, ezta?” edo esaten didate “zure gurasoak apur bat astunak dira euskararen kontu horrekin, ezta?”. Ama, benetan, roilo bat da.

Amak:

Bai, ulertzen dut, kuttuna. Dilema ederra daukazu. Lagunen gustura jokatu behar duzun ala etxeko nagusion gustura. Egia esan, nik ez dut ondo eramaten zuri gure etxean lagun euskaldunekin gaztelaniaz entzutea. Nik badakit zure lagunei gure etxera jolastera etortzea gustatzen zaiela eta nik beti pentsatu dut hemen euskaraz egiteko eskatzea ez zela gehiegizkoa, onuragarria zela haientzat. Haietako batzuek eskolan bakarrik entzuten dute, eta euskarak beste zerbaitetarako balio duela konturatzea eta erabiltzea ondo etortzen zaie haiei eta euskarari.

Anek:

Ja, nahi duzun guztia, baina nire lagunentzat eta niretzat roilo bat da. Azken aldi honetan ez ditut ekarri nahi.

Amak:

Bai, ulertzen dut ze zaila izan behar den. Izan ere, momentu honetan, niri ez zait konponbiderik bururatzen.

Amak pentsatzen eta esaten ez duena:

Datorren urtean ez duzu zailtasunik izango, lasai egon. Institutura joango zara eta, zure neba nagusiari gertatu zitzaion bezala, han ere euskara ez da gelatik aterako, baina berari bezala, zuri ere ez dizu jada inportako gure iritziak edo aurpegi txarrak, kalean edo etxean zure lagunekin gaztelaniaz entzungo zaitugunean. Bake gehiago izango duzu. Bestalde, interesatzen zaizkizun komikiak, telebistako programak, interneteko telesailak, bideoklip gehienak… ez dira euskaraz aspaldidanik.

Etxeko nagusiok ohituko gara eta halabeharrez amore emango dugu, garai hobeen esperoan (talde batean militantziak, lagun jakin batzuen eraginak, lanpostu jakin baten exijentziak, ume bat hazteko beharrak, noizbait garatutako kontzientziak… egunen batean euskarara berriro ekarriko zaituelakoan).

Jakinda, hala ere, irakaslearekin eta gurekin egiten duzuna alde batera utzita, zure euskara lozorroan egongo dela, eta euskal elebiduna izatetik erdal elebiduna izatera pasatzen ari zarela, pixkanaka.

Euskararekin astun

euskara, gurasoak, jarrera, lagunak, seme-alabak
Salabardoa

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen ditut, gure interesekoak direlakoan.

4 pentsamendu “Euskararekin astun”-ri buruz

  • Istoriotxoa irakurri eta, bozkatzekotan ,ez nekike zein aurpegitxo hautatu.

    Istorioa nahiko erreala ematen du eta errealitatea gordina eta setatia izaten da. Aurpegi tristea jarri diote, oraingoz, gehienek.

    Hamabi urteko neska horrek institutuan gaztelaniaz sozializatuko da eta euskara institutuko eta etxeko matraka horietako bat besterik ez dela pentsatzeraino iritsiko da agian. Irakasle, guraso eta zaharren kontu horietako bat. Eta behar bada, urte batzuk geroago bere ikuspegia aldatuko da eta, batek daki, agian euskararen aldeko eragilea bihurtuko da… Batek daki.

  • Aka Baramos 2016-04-12 22:35

    Batek baino gehiagok daki, Gorka. Badakigu zer gertatzen den, hamarkada batzuetako eskarmentua badaukagu eta. Proportzioan gero eta gutxiago dira euskaraz bizitzeko hautua egiten dutenak, dena kontra baitaukate: guraso gehienak erdaraz bizi dira, euren ingurua erdalduna praktikan %90ean, euskarazko telebista kate (baztertu) bakarra daukate, saio onak, dionak, kaxkarrak, eta baita erdarazko bat edo beste ere (oholtzan sarritan, adibidez) eskaintzen dituena. erdarazko 40 kateren artean.
    Interneten ematen dituzte orduak eta orduak nerabeak, eta nahi duenak badaki euskarazko interneteko eskaintza noraino ez den heltzen, eta erdarazkoak noraino heltzen diren. Segi kioskora, tabernetara eta abar, eta abar…
    Herri erdaldunduetako gazte elebidun gehien gehienak erdaraz bizi dira. Batek badaki, eta besteok ere bai, begi-belarriak zabalduz gero.

  • “English came, Irish went. If Irish is to come, English must go”. Gaztelania eta euskerarekin berdina egin behar da, aurreko mendearen hasieran irlandar gutxi batzuk esaten zuten moduan. Ez dago beste aukerarik.

  • Beñi, majo, seguru asko nahi gabe egingo zenuen, baina gaurko BERRIAn argitaratu dizuten “Migrazio” gutunean hanka ederki sartu duzu.
    Esaldi honetan: «Euskal Herrian finkatu dira, euskara ikasi dute eta euren seme-alabak ikastolara eraman dituzte». Beharbada ez duzu jakingo, baina azalduko dizut etorkin gehienek, lehen eta orain, eskola publikora eramaten dituztela umeak, eta hor ari direla
    ikasten euskara.
    Ez horregatik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude