itsaSO

itsaSO –

Azti ikerketa zentroan lan egiten duen eta ozeanografian aditua den Anna Rubiori Radio Euskadiko Hágase la luz programan egindako elkarrizketa entzun dut. Zer da itsasoa monitorizatzea? -galdetu dio irrati esatariak. Finean, itsasoari erregulartasunez so egitea ei da. Adituak azaldu duenez, populazioaren %25 kostatik gertu bizi da. Euskal Herrian, portzentaia are altuagoa da, populazioaren %60 kostaldetik 5 km baino gutxiagora bizi omen da-eta. Kostaldeko herrietan bizi garenok, itsasoari begira egoteko ohitura dugula aipatu du Anna Rubiok. Eta itsasorik gabeko lekuetan hura faltan botatzen dugula pentsatu dut nire baitarako.

Azkoitira bizitzera joan den lagun batek hala esan dit, hutsunea sentitzen duela. “Getaian, akaso enai egunero jaitsiko moia itsasua ikustea, baina badakit hor daola”. Bilbon bizi nintzenean sentitu nuen itolarriaz oroitu nintzen. Exageratuegia izan daiteke zenbaitentzat itolarri hitza, baina hala sentitu nintzen ni hiri handian, itota. Itsasoa ikusi eta entzutea plazer izugarritzat dut aspaldidanik. Badakit hor dagoela, nahi dudanean ikus dezakedala, senti dezakedala, busti nazakeela. Barnealdeko herrietan bizi direnek ba al dakite edo interesatzen ote zaie, gaur, adibidez, eguerdiko 12etan marearen egoera zein izango den? -galdetu diot neure buruari.  Gaztetapetik paseotxo bat emateko garrantzitsua da, bada, hori jakitea.

Kirol portuan amarratuta dauden txalupak eusten dituzten txikoten marruskadurak sorturiko soinu hori zirraragarria zait. Orduak emango nituzke musika hori entzuten. Kkkkkkkkkkkkkrrrrrrrrrrrrrrrrrrr.

Zura eta ura liburuan, Konrado Mugertzak argazkien bidez azaltzen digu azken bi hamarkadatan kirol portuetan gertatu dena, hainbat idazleren hitzak ere biltzen dituen liburu zoragarrian. “Zuriak estali ditu koloreak” aipatzen da testuan. Itsasontzigintzan zuraren ordez material sintetikoak erabiltzeak, arrantza portuen kolorearen desagertzeaz batera, ia oharkabean, identitate galera bat ere ekarri duela aipatzen du. Eta ados nago. Fatxada zuridun etxeak, denda eta taberna argiztatuegiak, yate txuriak eta auto zuriak edo beltzak. Koloreek gerra galdu dute eta era berean, bizia galdu dute herriek. Poliesterra ez omen da zahartzen, baina zahartzea, nonbait, jakintsuagoa egitea ere badela dio Mugertzak, eta zurak asko dakiela horretaz. Betierekotasuna garrantzitsu bihurtu dela uste dut, betikoa baztertuta. Egurrak badaki zertaz ari naizen.

Itsasoa ezin da esku ahurrean hartu. Atzamarretatik ihes egiten digu urak, eta harekin, itsasoak. Eduki ez arren, senti dezakegu. Bada zerbait.

itsaSO