Irriak, baina hunkigarriak
Irriak, baina hunkigarriak –
Barrea sortzea negarra sortzea bezain zaila izan daitekeela diote. Erraza ez da behintzat. Batzuek badute dohaia horretarako, ordea.
Nik, aitortu behar dut, hala ere, sentibera naizela. Niri dagokidanez, erraza da norbaitek nire barrea edo negarra eragitea. Baina jarraian azalduko dudan istorio eta bideoaren bidez, ziur nago bihotz gehiago ere hunkituko direla.
Nire euskara irakasleak aurkeztu zidan istorio hunkigarri batek nire arima ukitu zuen. Ziurrenik ezagutuko dituzue Euskal Herrian ditugun pailazo ospetsuenetakoak. Nik {oraindik} umerik ez dudanez, ez nago mundu horretan murgildua. Baina klasean erakutsi zidaten materialaz deskubritu nuen mundu hau, pixka bat bederen.
Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek eta bere inguruan dauden lagun eta lankideek lan izugarria egiten dute ikuskizunak, abestiak, liburuak eta bestelako produktuak ekoizten eta eskaintzen. Lan hori guztia euskara hutsean egiten dute, arrakastaz gainera. EHko gune erdaldunetara ere heltzen dira, antzokiak betez eta eskoletako bozgorailuetara bere kantak eta erritmoak helaraziz. Euskara modu eraginkorrean bultzatzen dute, hortaz.
Baina horretatik guztitik haratago, baloreak eta ideiak ere transmititzen dituzte. Euskalgintza eta elkartegintza sustatzen dute. Umeen eredu direnez, oso serio hartzen dute zer eta nola esan.
Egitasmo guzti hauek “Katxiporreta” eta “Irrien Lagunak” erakundeen bidez bideratzen dituzte. Eta horren bultzatzaile nagusia, hastapenetatik, Porrotx dugu, Joxe Mari Agirretxe, alegia.
Duela jada urte pare bat, ETBko saio baten bidez ezagutzera eman zuten hau. Joxe Mari-ri, orain arte egindako lan guztiagatik omenaldia eskaini nahi izan zioten. Baina omenaldi hori ezusteko bezala antolatu zuten. Porrotx-en lankide eta jarraitzaileen lagutzaz bideratu zuten. Gainera, omenaldia eta TB saioak, istorio hunkigarri bat izan zuten ardatz.
Ikuskizunak eszenatokian ikusi ezin dituzten umeengana heltzeko, Pirritx, Porrotx eta Marimotots, batzuetan, ospitaleetara bertaratzen dira, zaintzan dauden haurrek ere ikuskizunez goza dezaten. Ume horiek normalean arazo larriak izaten dituzte. Eta ume horietako batek, Eibarreko Ane Perez deiturikoak, minbizi hilgarri bat pairatzen zuen. Nahiz eta bere egoera larria eta kezkatzekoa izan, badirudi, bizitzeko grina ez zuela galdu. Horrela adierazten zuen gainera, ospitalera gerturatu eta pailazoak agertu zirenean, euren abestiak gogotsu abesten zituen eta.
Hainbestekoa izan zen erakutsi zuen bizipoza, non Porrotx-i bururatu zitzaion, hurrengo ikuskizunean Marimotots-i mototsak jausiko zitzaizkiola. Horrela, umeei ezagutaraziko zieten badirela batzuetan gaixotasun larriak eta horrelako egoerak jasaten dituztenak. Elkartasuna adierazteko modu bat izango zen. Hala, Marimotots-ek mototsak galdu eta zapia jarri zuen buruan. Ane Pirata deituriko zapia, hain zuzen. Ikuskizuna, gainera, “Eskerrik asko” izena hartu zuen eta bertan Anek parte hartzeko aukera ere izan zuen.
Anek esperientzia berri eta zirraragarriez gozatzeko aukera izan zuen. Pailazoen bidez, abentura ugari bizi ahal izan zituen. Baina, tamalez, borrokarik latzena ezin izan zuen gainditu.
Bada minbizia jasaten duten umeen elkarte batzuk. Bada, erakunde hauen bidez, Porrotx-i bere esker ona adierazi nahi izan zioten aipatutako omenaldiaren bidez. Porrotx-en eskuzabaltasun eta zintzotasuna aldarrikatu zuten, nor eta Porrotx bera hitzik gabe geratu zelarik! Hori bai komeria, hain berritsu eta alai dugun pertsonaiaren sortzailea erabat hunkiturik eta berbarik gabe! 🙂
Hurrengo bideoan xehetasun guztiekin ikusi ahal izango duzue. Hartu denbora, ordu bat irauten baitu. Baina pena merezi duela pentsatzen dut.
.
Joxe Mari Agirretxe, “Porrotx”, irri sortzaile, euskara sustatzaile
Bizitzan denok pairatzen ditugu heriotza eta gaixotasunak. Sahiestu ezinak dira. Baina elkartasun eta laguntasunean, min hori beti izango da arinago. Nahiz eta hunkitu, nahiz eta negarra eragin, mina arindu egiten dugu. Izan ere, gure arima baretzeko bideak dira. Min sentimendua hustu egiten dugu, irriari tokia utziz. Eta irritik, barreari eta algarari atea irekitzen diogu.
Joxe Marik dioen bezala, Sentitu, Pentsatu, Ekin. Mila esker Joxe Mari-ri eta prozesu hau ulertzeko lan egiten duten guztioi! Bejondeizuela!