Euskara planak: euskararen etsai?

Euskara planak: euskararen etsai? –

Euskara sustatzeko planak ez dakit ez ote diren batzuetan euskararen kalterako. Bi adibide:

Burlata: euskarak atzera, plangintzen izenean

Oraintsu arte, Burlatako Euskararen Ordenantzak ezartzen zuen euskararen balorazioa gutxienez %5 izanen zela lanpostu guztietan, “deialdiko puntu guztien gainean (lehiaketa gehi oposizioa)”. Berriki onetsi den Ordenantza berrian ezabatu egin da gutxieneko hori, baina, betiere, “Euskara Zerbitzutik txosten bat egin beharko da, non plantillako lanpostu bakoitzerako perfil linguistikoa zehaztuko den (…) nahitaezko edo merezimendua izanik ere”. Txostenak, azterketak eta plangintzak ez daitezela falta. Ondorioa? Seguru euskara hemendik aurrera %5etik behera baloratuko dela.

Erriberan: alemana bai eta euskara ez, betiereko?

Euskararen Foru Dekretu berriak dioenez, “eremu ez euskaldunean” euskararen balorazioa %7 artekoa izan daiteke (merezimenduen %7; hots, deialdi osoaren %3,5 baino gutxiago, gehienez). Baina, foru dekretuak dioenez, lanpostuen azterketa eta plangintza egin bitartean, “gutxieneko portzentajeak aplikatuko dira”. Hau da, Erriberan, zero. Beraz, Nafarroako hegoaldean segitzen dute alemana, frantsesa eta ingelesa baloratzen, eta gure hizkuntza baloratu gabe. Noiz arte?

Arartekoak esana dio Nafarroako Gobernuari atzerriko hizkuntzak ez direla baloratu behar euskara baino gehiago. Ezin al zen horixe jarri arauz, plangintzen eta azterketen zain egon gabe?

(Eta egoera hain pobrea izanik ere, hortxe dabiltza UGT, CCOO, AFAPNA, SPA, APS eta Sindicato Médico de Navarra jo eta ke Euskararen Foru Dekretu berriaren aurka. Esaten dute batzuek euskarari esker lortzen dutela lana, baina zenbat liberatu daude euskarari kontra egiteko?)

Euskara planak: euskararen etsai?

Euskara planak: euskararen etsai?