Iraultza linguistikoa
Iraultza Linguistikoa
Agerikoa da gure hizkuntzaren normalizazioaren ardura dutenek, gero eta gehiago gutxiesten gaituztela euskaldunok. Euskara hegemonikoa zen garaiak, ez dauka zerikusirik orain daukagun eszena linguistiko deskafeinatu honekin.
Hizkuntza ohiturak jaiotzen zarenetik agertzen dira, baina ez da 10 eta 16. urtera arte, finkatzen hasten direnean. Euskaraz dakiten gurasoak izan dituenak zorte handia eduki duela esango nuke. Nik nire kasua agerraraziko dizuet, antzeko milaka kasuen pareko baita: neure amak berak gutxi daki baina ondo ulertzen nau euskaraz solasten naizenean; nire aitak, ordea, ez daki piperrik ere, eta zer esanik ez bere ulerpenari dagokionean. Nire aitak, Bilbora ailegatu zenean, bera zegoen lekua deskribatzeko, “Estoy en la calle KALEA” esaten zuen. Saiatu saiatu zen bere garaian euskara ikasten, baina hor geratu zen dena, bere lana zela medio (eta agian zailegia iruditzen zitzaiolako). Beraz, nire ustez, egoera horietarako prestatu behar gara, etxean euskaraz mintzatzea eskuragarri ez daukagunok, kalean, dendetan, etab., euskaraz egiten. Eta hori 10-16 urtekoen artean egitea, haien etorkizun linguistikoaren erroak ondo finkatuko dituelakoan nago.
Bizi naizen lekuan, Bilbon, alegia, hori ez da askotan ikusten. Denda batean sartzen zarenean eta euskaraz hasten direnean, ustekaben hartzen zaitu. Gehienetan, euskaraz mintzatzen saiatzen zarenean, berehala gazteleraz erantzuten zaituzte. Auzo mailan esaten ari naiz, Alde Zaharreko denda edo taberna gehienetan, guztietatik erdietan edo, hori ez da gertatzen, eta batzuetan beharrezkoa egiten zait bertako establezimendu batera sartzea, euskarazko harrera zer den gogoratzeko. Donostian, aldiz, ni egon naizenean bederen, berdin da non sartzen zaren, euskeraz hitz egiten dizutela gehienetan (edo behintzat dakien baten bat egoten da). Euskal Herriko txoko gehienetan, euskararen erabilera Bilbon baino handiagoa da (nahiz eta kopuru absolutuan hiztun gehien dituen udalerria izan, hau da, 68.000 inguru, ez dira hiztun aktiboak eta hiztun aktiboak direnak oso dispertsatuak daude). Turismo maila handia daukagulako izango da? Donostiak ere eta ez da gauza bera gertatzen.
Gure hizkuntzak beste muga batzuk dituela uste dut. Unibertsitatera ailegatu naizenean konturatu naiz horretaz. Euskara uneoro aberatsa egiten dute euskalkiek. Gauza interesgarria eta polita da, baina batzuetan traba iruditzen zait. Euskal Herrian herri batetik bestera euskara aldatzen da, ez goitik behera, baina bai hitz egiteko eran eta hitz batzuetan. Kontu oso erakargarria da, baina ez ordea, ulertzen saiatzen zarenean eta hitz egiten ari denak ulertua izan nahi badu. Eta barkatu, baina euskalkia ez dakienak ez dauka errurik eta ez du zertan euskalki hori derigorrez jakin. Zer egin behar dugu ba, Euskal Herriko euskalki guztien ñabardurak ikasi? Eta gauza bat euskalki hori ez jakitea da, eta beste bat oso desberdina, leloa izatea. Euskaraz jakin badakigu, eta euskaraz hitz egin nahi dugu. Euskalki hori dakienarekin muga gabe hitz egin, baina ez dakienarekin lasai egon, eta dakigunarekin konpontzen saiatu, ez da gutxi eta. Gogoratu, hiztun on bat (komunikatzailea bederen) ez da hitz zailak eta azkar erabiltzen dituena, baizik eta entzulea itaunik gabe uzten duena.
Adibide bat: Bizkaieraz egiten duen batek “Zer guruzu?” lehen aldiz esan zidanean, nik “Ze arraio dio honek?” galdetu nion nire buruari. Gerora, ulertu nuen “Zer gura duzu?” edo “Zer nahi duzu?” esan nahi zuela. “Kalia hamendik gurutzau inbiozu”-tik “Kalea hemendik gurutzatu behar duzu”-ra heltzeak lanak eman zizkidan. Entzunaren entzunaz, azkenean deskubritzen duzu hitzen pilaketa horretatik, eskolan irakatsi dizuten euskara estandar edo uniforme horretara heltzen. Kontua da, euskalkiarekin etengabeko kontaktua ez baduzu, nekez egingo duzula prozesu hori.
Nire ustez euskara ez uniforme horrek badu bere gatza eta piperra. Naturalagoa da. “Arima” du. Nik inbidia dut, izan ere, horrela aritzea gustatuko litzaidake. Baina lehen esan dudan bezala, herriz herri egiten den forma eta aldaera guztiak menperatzea ezinezkoa da. Nik eskatzen dudana zera da; bestearen azalean sartzen jakitea, alegia. Batuan aritzen garenok euskalkietara hurbildu behar gara, baina euskalkiotan dabiltzanak, batuaz aritzen den baten aurrean, molda dezala bere hizkera pixka bat.
Gaztelaniaz ere erregistro eta lokalismo ugari daude (edozein hizkuntzatan bezala). Baina oro har, guk “¿Qué hisíste, pibe?” ulertzeko (eta baita “geolokalizatzeko” ere) gaitasuna badugu, nolabait, euskaraz ere gaitasun hori bereganatu behar dugu. Eskolan ez ziguten irakatsi. Nik neure kabuz ikasten dut (zer esanik ez orain unibertsitatean ezagutu ditudan EHko hainbat pertsonekin harremana landuz) eta gustora gainera. Baina herrietako jendeak erregistro ezberdinak daudela present eduki beharko luke ere, euskara “arnasgune” ez direnetara zabaldu behar badugu behintzat.
Beraz, utz ditzagun ikurriñak geure etxeko balkoietan, eta has gaitezen euskara behingoz HARROTASUNEZ partekatzen. Pertsona asko euskarazko leloak dauzkaten kamisetak jantzita ikusten ditut, baina gaztelera haien ahoetan (Bilbo inguruan ohikoa da). Atzerritar erdaldun bati “eskerrik asko”, “lasai” edo “barkatu” soilik esatea jada aldaketa da. Agian geure egoera berdinean dagoen beste pertsona bat aurkitzen dugu hitzaren beste aldean. Lagunekin, senitartekoekin, edo bikotearekin euskaraz egiten saiatu, nahiz eta maila ezberdinekoak izan, beti zerbait aberasgarria atera dezakegu bata bestearengandik. Eta ez izan lotsati, ez izan beldur okertzera, oker egiten ikasten baita zuzen egiten.
Iraultza, normalizaziotik haratago dago. Iraultza hori gauzatzeko indarra gazteengan jartzen dut (duela 40 urtetik hezkuntza D ereduaren ezartze eta zabaltzearen ondorio zuzena). Gaur egun Bilbo edo Gasteiz bezalako batean, 25 urtetik beherakoen artean %50ek jada badu nahikoa maila elkarrizketa erraz bati aurre egiteko. Beraz, herrietatik hiri horietara doan edozein euskaldun petok eduki, badu aukera euskaraz saiatzeko (hori bai, agian, euskalkiaren erregistroa moldatu beharko du pixka bat “batua”ra egokitzeko). Gaur egun, euskaldun horiek lehen hitzetik erdarara jotzeko joera izaten dute. Baina gogoratu, 25 urtetik beherakoengana euskaraz zuzenduz gero, IRAULTZA LINGUISTIKOA bultza genezake!
Bai, konpromezua baduzula dirudi baina zure aitarena barkaezina da. Berehala hasi zara aitzakiak idazten: lana, zaila izango zitzaiola… Oso ziurrenik 30 urte baino gehiago daramatza Euskal Herrian bizitzen eta ez daki euskaraz hitz egiten. Semea ikastolan sartu zuela esango du beharbada, horrek dena arinduko balu bezala. Zure aita bezalakoak inpresentable batzuk dira. Oso gordina oraintxe esan dudana, bai, baina bada garaia euskaldunok pentsatzen duguna ahotik botatzen hasteko. Zure aita bezalakoekin potrotaraino gaude! Zenbat aldiz esan ote du “me hablas en castellano por favor”… baina hori bai, semea ikastolara bidali zuen, kupoa bete zuen eta beharbada BILDU edo EAJri ere eman dio botoa edo euskal sindikaturen batean afiliatua dago edo manifaren batera joan da. Bete du kupoa. Zure aita ez da euskalduna, atzerritar bat da, etorkin izena ere ez du merezi, aspaldi pasa ditu etorkin bati integratzeko ematen zaizkion denbor tarteak. Integratu ez den atzerritar bat da, besterik ez. Esaiozu Google Translator-ekin nik idatzi dudana itzultzeko espanolera eta irakurtzeko eta irainduta sentitzen bada esaiozu bere jaioterrira itzultzeko.
Nire amak euskalkia erabiltzen du eta ez du zertan aldatu beharrik.
Aizu, bere aita zona erdaldun batera joan zen, Bilbora, ez Busturialdera edo Tolosaldera, hark ez du zona euskaldunik “kutsatu”. Zure iruzkinarekin euskararen aurkako iritziak sustatzen dituzu. Behintzat bere semea ikastolara bidaliz haren familian euskararen hazia landatu du eta bere ondorengoak euskara erabiltzeko kapazak izango dira.
Ta zer Bilbora bidali bazun? Aitzaki da hori? Nire aitak ez daki ta pasaiakoa da, asko maite dut baina niretzako ez da euskalduna, beti lanean egon da ta niretzako hori ez da inongo aitzakirik, ta asko maite dut baina hori ez du erran nahi ezin direla horrelakorik onartu edo ondo ikusi. 30 urteetan behintzat ulertzeko edonork du abagunea, Txinan egongo bazan ziur Txinera ikasiko zukeela.
Euskararen kontra dihoala? Zer errango zuketen Madriltarrak horra dihozaten atzerritarrak Gaztelania ikasteari uko egingo bazioten?
Momentuz ezingo zuten Nazionalitatea izan, baina euskararekin bada beti dago zerbait.
Nire aitarena ez dago ondo ta berarena ere ez.
Pasaian behintzat bazuen euskara erabiltzeko eta ikasteko aukera, nahiz eta biztanleriaren gehiengoa gaztelania ama-hizkuntza izan, baina Bilbon non kale-erabilera %3 baino txikiago den ez, eta are gehiago orain dela 30 edo 20 urte. Txinan eta Madrilen denek hitz egiten dute txinatarrez edo gaztelaniaz beraz han gizarteratzeko hizkuntza hauek izango dira. Baina zuek eskualde erdalduneetan egun batetik besterako mirariak nahi dituzue.
Nire aburuz, herri euskaldun peto batean bizi izan denak euskara ez jakitea larria litzateke baina ez euskaraz bizitzeko aukerarik izan ez duen bilbotar batek.
Ni ere aitzaki zalea izan naiz.
Erabili, ezin duzu erabili albokoak ez badaki, ez naiz erabileraz ari, niri euskara egiten galarazten didatenek ez dakitenak dira, ta gainera ikasteko inolako esfortzurik egingo ez dutenak dira.
Nire euskara maila Belen Estebanen gaztelania mailaren parean dago, behin baino gehiagotan erran dut.
Ta ze hizkuntzan bizitzen da Belen Esteban? Gaztelaniaz, nolatan maila horrekin? Ba bai Gaztelaniaz, Ingelesez, Frantsesez… akats asko egiten direlako, baina euskeraz eginak badira….
Diozu hortik irakurri duzula nik idatzitakoa ez? Ta hemengo aldizkari guztietan ze hizkuntza erabili dut? Euskara?
Adibidez, Noticias de Navarran, euskaraz galdetzen dut ea zergatik euskara defendatzeko gaztelera erabili behar dan.
Erantzuna, besteekin elkar ulertzeko.
Milaka iruzkin irkurri ta gero, ez dut behin bakar bat ere Euskararen aldekoek ta aurkariek ados jartzen ikusi, hori bai elkar ulertze horrengatik den dena gaztelaniaz, euskaldunak gero ta gehiago gaztelaniatuz ta gaztelaniadunei demostratzen ez dela beharrezkoa euskara ikastea…
Hoietako geyenek ni baino euskara maila hobeoa izango dute bainan….
Ta ez, enaiz Euskaldunzahar bainan normalen erbiltzen dedan euskara idazteko ezta hitzegiterakuan erabiltzen dedana,ta nee euskara maila traketxakin Berria, Argia, Iparrladeko hitza…. ulertu ditzazket, euskaraz bizi naiteke galarazten ez didatenen,Bizkaieraz irakurtzen sayatzen naiz, Xibereraz…. liburuak bakarrik euskaraz irakurtzen ditut baina hobeo zatekeen maila hobeo izatea geo askok bezala len aldin gaztelaniyara pasatzeko..
Espainian, Txinan, frantzian… Frantsesa, Txinera… ez zian lur eremu guztiyetan hitzeiten, gutxiyo era naturalen.
Bortxen ta armen bidez ezarri zian ta gaur egun legearen bidez… beraz hemen derrigortzea hemengo hizkuntza jakitera, eztu ezer txarrik, gaizki iruditzea jendeak ikasi nahi ez izatea eztu ezer txarrik, ta pentsatzea guraso askok burua zuritu zutela umeak B edo D ereduetara bidaliz egiya izateaz gain, gugan jarri zutela erantzunkizuna handikap izugarrikin argi dago, berayekin euskaraz eitea ezinezko bihurtu zuten ta gurasoak dia lenak umeetzako eredu izaten, beraz umeei hein haundi baten galarazi ziyeten guztiz euskalduntzea. Norbait maitatzea ez du ona bihurtzen berak egindako guztiya.
Ondo izan.
Ikaragarria iruditzen zait zure post-ean Iñigoren aitari botatzen dizkiozun irain pertsonalak. Oso gogorra zara besteak juzkatzen e!. Gustatuko litzaidake jakitea zeure bizitzan hain kontsekuentea zaren, Eta Suagaar lagunaz zer esan! Urteak daramatza hemen eta antzeko foroetan idazten eta iruditzen zait urte hauetan guztietan ez duela iñolako ahaleginik egin bere euskara hobetzeko, agian euskaldun zaharra izango da baina analfabeto totala!
Ikaragarriak izango ez dira ba bota ditudanak! Esan beharrik ez duzu! Ba horrelako milaka etorkinek parte handia izan dute genozidio honetan, modu konszientean gehienak. Eta berriz diozut: 30 urte ondoren gaur egun euskara ulertzeko gai ez dena Bilbon edo nahi duzun tokian bizita ere, ez du barkamenik, punto. SUGAARen erantzuna logikoagoa da, arrazoitzeko gai dela erakusten du, hitz gordinekin kateatuta gelditu ordez. “Euskararen kontrako iritziak sortzen dituzu” erantzun didate. Zer esan nahi didazu? Galtzak jaisten dituzula. Oso erratuta zaude eta garbi izan, oso sinpatikoak izan garelako asko galdu dugula eta irmoagoak izango bagina orain askoz hobeto egongo ginatekeela.
Eta Sugaar-en euskara mailarekin sartuz euskaldunen aurka dagoen espainiar bat ematen duzu. Haiek ere horrela erreakzionatzen dute, logika bera erabiliz.
Gustauko litzaidake hainbeste kritikatzen duten horiek 20 edo 30 urterekin (edo hortik gora) poloniera edo finlandiera ikastea euren herrian bertan. Izan ere, gustatu ala ez pertsona batzuek euskaraz egiteko aukera eta ingurua poloniera edo finlandiera egitekoaren antzekoa da.
Inguruarekin sinbiosia egiten da. Ingurua hizkuntza jakin batean etengabe entzutea ezinbestekoa da ikasketan laguntzeko.
Artikulu honetan esaten diren gauza askok bete-betean asmatu dute.
Ene burrasoek ere eskualkia dute baliatzen eta ez dute zertan aldatu. Ikas beza zure amak eskuara baxenabartarra heiekin mintzatzekoz eta fini. Bertzenaz, joan bedi pikutarat.
Ni euskaldun zaharra eta euskalikiduna naiz eta arrazoi guzti guztia ematen dizut.
Euskalkiak aberasgarri dira baina oztopo ere izan daitezke oker erabiliz gero. Adin batetik aurrerako jendeari ez dut uste eska dakiokenik ahalegin hori, alegia komunikazioa hobeste aldera euskera batuan saiatzea. Aitzitik, gazteagoei bai. Euren heziketa osoa euskera batuan egin dutenek ez dute aitzakirik. Nere ustez fenomeno hau batez ere Bizkaian gertatzen ari da, lokalismorako joerarena. Izan ere parraldeko jendeak adibidez hegoaldeko jendearekin mintzatzen denean batuan egiteko saiakera egiten du, komunikazioa hobesten du, ahalegina egiten du bestearen tokian jartzeko. Eta antzekoa esango nuke espainol elebakarren kasuan. Herri euskaldunetan euskerarik ikasi ez duenaren ardura eta Bilbo, Gazteiz edo Tutera batetan bizi eta ikasi ez duenarena ez da berdina. Baina gazteek ez dute hemen ere aitzakirik, eskolan ikasitakoa praktikan jarri,ahalegina egin, bestearen tokian jarri, errespetuz, eta iraultza egin. Zuk egiten duzun bezela. Animo eta segi holaxe.
Oso ondo esan dok:
“Batuan aritzen garenok euskalkietara hurbildu behar gara, baina euskalkiotan dabiltzanak, batuaz aritzen den baten aurrean, molda dezala bere hizkera pixka bat.”
Pixkanaka euskara homogeneizatuko da, alde batetik barne migrazioekin (lana, familia…) eta bestetik euskara batuaren eraginez. Jada irakurri genuen nola euskara geroz eta bateratuago dagoen. http://www.berria.eus/paperekoa/2007/002/001/2016-10-23/bigarren_batasun_bidea_euskalkiak.htm
Nire ustez Iparraldean zuberera nafar-lapurteratuko da, hango biztanleria txikia denez, euskara ikasten duten haurrek Lapurdira ikastera joaten direnez eta lana kostaldean dagoela kontuan izanda. Hegoaldean berriz, gipuzkerak eta nafarrerak batuarekin duten hurbiltasuna ere haien bateratzea erraztuko du.
Jakin nahiko nuke Donostiara joan diren euskaldun zaharren umeek nolako esperientzia daukaten, hau da, ze euskara mota erabiltzen duten euskara batuaz hazi diren lagunekin. Gurasoen euskalkia erabiltzen duten, batua erabiltzen duten edo nahasketaren bat erabiltzen duten.
Ba zer nahi duzu esatea! Zuberera galtzeak sekulako oinazea sortarazten dit. Ni euskalkien eta batuaren eta denen alde nago eta denak nahi ditut hitz bat bera ere galdu gabe.
Nik ez dut esan ona edo txarra denik baina hizkuntzeekin hori gertatzen da, bertoko estandarrak finkatu beharko lirateke alemanarekin gertatzen den moduan (Suitzakoa, Austriakoa…) baina Zuberoako egoera ez da ona jende asko handik joaten delako, wikipediaren arabera ezagutza %22,8koa da baina erabilera %5,8koa eta soilik 17.000 lagun bizi dira. Frantziak ez digu mesederik egiten.
Jarrera, erespetu eta komunikazio kontua da: Iparraldeko gazteek hegoaldera datozenean esfortzua egiten dute eta batua egiten saiatzen dira. Hegoaldeko hitzak eta esamoldeak erabiltzen saiatzen dira. Hegoaldeko jendea aldiz iparraldera goazenean ez gara ezta zipitzik ere mugitzen gure sukaldeko ama-hizkuntzatik. errespetoa zero, jarrera alferra eta neretzat ondorio penagarriena horren zergatiatik edo fenomeno horri esplikazio bat bilatzetik datorrena: EZ DUGU KOMUNIKATZEKO GANORAZKO EZER.Hala balitz, egingo genuke ahalegina, baina ez gure txokoan goxo. Benetan portaera ergela. Beste adibide bat: Ezagutzen ditudan iparraldeko gehientsuenak gazteleraz mintzo dira. Gure artean zenbat gara gauza frantsesez berba egiteko:? nere inguruan ez dot bat bera ere ezagutzen eta estatuen arteko muga hortxe bertan dago. Berriro diot: errespetorik ez, alferrak eta antzutasun komunikatiboa, hori bai, euskaldun euskaldunak. Barriketia!!! Besterik ez. Ea laster konturatu eta aldatzen garen. Iraultza gure baitatik hasten dugu, behingoz. Ea Ipar haizeak esnarazten gaituen.
Han erabiltzen duten batua ez da guztiz guk erabiltzen dugun batu berbera, baina haiek hegoaldeko euskara batua entzuteko (irratiak, telebista..) edo irakurtzeko (aldizkariak, liburuak…) aukera gehiago dituzte. Guk ordea hango euskara entzuteko edo irakurtzeko beharrik ez dugunez, hango euskara hango gaietarako erabiltzen delako, hitz egiteko zailtasunak ditugu. Dena den, hegoaldeko euskal hedabideetan iparraldeko euskalkien gabezia nabaritzen da.
Batua bat da, bestela ez dago baturik. Nik dinotena zera da: nekatuta nagola nazio mailako bilera edo ekitaldietara joan eta zuberoako hiztunek batuan aritzeko eginalahalak egiten ikusteaz eta aldiz (batez ere Bizkaiko) hegoaldeko hiztunek herriko taberna zuloan balira bezela aritzea. Goian aipatu ditut nere baitako arrazoi batzuk neretzako fenomeno erneagarri bezain batzuetan surrealistak esplikatzeko. Azkenerako ematen baitu bakarrisketan jarduten direla batzuek. Eta harritzen nau ez konturatzea euren mezua ez dela heldu hartzailearengana. Edo agian ez dagoelako mezurik..Edo
agian ez delako nahi mezu ulergarririk igortzea…Edo agian ez dugulako argi zer trasmititu nahi dugun eta kunplitzeko ba horixe, etxeko hizkeran mordoiloa bota eta horkonpon…Alegia komunikatzeko edukinik ez, baina hitz jarioa demasekoa. Jardun eta jardun baina sustantziadun ezer ez esateko aitzakia edo tresna ederra euskalkia batzuentzat. Eta ez konfundidu, nik bizkaieraz berba egiten dut etxeko ume, zahar eta lagunekin, beharko! KOmunikazioarako modu eraginkorrena egiten zaidalako, mezua hartzaileari errez eta azkar heltzeko. Eraginkorrena zaidalako kontestu horretan.
Hein handian Sugaarrekin bat nator. ALFERRIK DA EUSKARA ERDARAZ DEFENDATZEA. Sinpatikoarena egitea, gutxi es mucho kanpainak eta abarrekoak hizkuntzaren agonia luzatzea zuritzeko baino ez dute balio. Batuaren eta euskalkien arteko ika-mika laga eta benetako minbiziari begira jarri behar da. ERDARA(K) arnasguneak ere arrakalatzen ari dira. Eta arnasguneen ostean ez dago ezer ere, akabo. Horra, ba, galdera, arnasgune baten , izan Azpeitia, izan Oiartzun, izan X, zergatik jaitsi da ezagutza 10 puntutan eta beste horrenbestetan erabilera? Zergatik etorri berriek ez dute ikasi bi urtean bertan bizitzeko tresna beharko luketena? Nor ari zaie sinpatikoarena egiten inolako ahaleginik egin beharrik izan ez dezaten? Euskaldunek berek? Zergatik gara euskaldunok sinpatikoagoak katalanadunak baino gazteliadunen begietara?Nora goaz horrela? Txillardegik argi utzi zigun eredua: flamenkodunek euren hizkuntza-indarra berreskuratzeko bidea frantsesdunei neerlanderaz egitea izan da gaur egun arte, eta, Brusela salbuespen, arrakasta sekulakoa izan dute erronkan. Horra bidea, euskara indartsu dagoen leku apurretan bizitzeko ezinbestekoa egin behar da, bestela gureak egingo du laster baten.
Guztiz ados
Jakina, ados ni ere bai Irala-rekin. Eta bagara batzuk hori egiten dugunak. Kontua hori ilegala dala. Eta horretarako ez dugula lege edo araurik egiteko aukerarik, arnasguneak mugatu eta bertan euskera derrigortzeko. Eta erdaldunek legearen babesa dutela. Gaztelera obligaziozkoa da eta euskera hautazkoa nahiz eta biak ofizialak izan. Intsumisioa? Desobedientzia?Ba bai. Ni ados. Zer egin jende gehiago ilegalitatean murgiltzeko? Nola dago EHE elkartea? Bertako erakundeak bustitzeko prest? Prest gaude aurpegia emateko, eta zigorra badator gure gain hartzeko, gure egunerokotasun erosotik irtenda? Katalunian bezelako prozesu bati ekingo bagenio agian grina ere biziberrituko litzateke.
Ba, ni Iñigorekin nago, IRAULTZA LINGUISTIKOA sustatu behar dugulako, norberaganik hasita, eta INTSUMISIO LINGUISTIKOA egunero praktikatuz, gazteekin, eta helduekin ere behar denean, ARMAIRUTIK IRTENDA, eta batuan zein euskalkian. Animo, Iñigo. Gero eta gehiago gara horretan gaudenak. Urte berri linguistiko on!
Bittor
Espero dut jendea konturatzea gure birkonkista linguisitikoan ez dela nahikoa intsumisioa, “kaixo” batekin elkarrizketa hastea edo mediku euskalduna edukitzea.
Zertarako nahi dut nik okindegian euskaraz hitz egin ezin badut ganorazko filmerik edo libururik irakurri? Ezin badut maite dudan nire profesioa egin ez soilik nagusi putaseme bat dudalako baizik eta ez dagolako ezta nire lanbideari buruzko literaturarik?
Euskarak oinarri literario eta profesionalak behar dituela denok dakigu, baina gutxi ikusten dut martxan hau hobetzeko. Euskarak ezin du gehiago jarraitu intsumiso, pasibo, kexati eta kontsumitzaile izaten. Guk sortu behar ditugu gure kultura eta lanbideak.
Eta euskaraz baino egin ez, intsumitu izan behar bada ere, ez? Eta gatazka pertsonala ere sortu gure herrian euskaldunoi ulertzeko batere ahaleginik egin gabe bizi den guztiari, ezta? Eta hori ez da pasibo egotea, ezta, xagu? Edo bai?
Ederki azaldu duzu, bejondeizula!
bat nator Iñigorekin. sinple eta argi adierazi du adierazi beharrekoa. ez bere aita ez beste inor ez nuke horrelako arinkeriaz epaituko. egun ere, Bilbo euskaraz ikasi eta bizitzeko ahalegin dexentea egin behar da. duela 30 urte, zer esanik ez.