Olentzeroren lan zaila

Olentzeroren lan zaila

HORRA, HORRA…

Olentzeroren lan zailaOndo asko idatzita dator “Eta hemendik aurrera zer?” agiri mardula, Euskararen Aholku Batzordeak eta EAEko Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak sinatuta. Pasarte gogoangarriak ere ez zaizkio falta.

Adibidez: “hasiera beretik esanda gera bedi dokumentu honen helburua dela euskararen hazkundearen iraunkortasuna eta bizi-indarra ahalbidetzeko datozen bi hamarraldietan garatu beharreko hizkuntza politikaren oinarriak eta lehentasunen markoa finkatzea”.

Edota: “Euskara salbatuko da, eta hizkuntza bizia izango da, euskaldunok hala nahi dugulako, euskaldunok euskara nahi eta behar dugulako. Horrek ematen dizkio zilegitasuna eta hauspoa euskara salbatzeko jardunari… horra gako nagusiak”.

Beste hau ere bikaina da:
“Euskararekiko motibazioan eragiteko, garrantzitsua da erreferenteak izatea … Horretan garrantzitsua izango da, beraz, hainbat eragile eta esparrutan eragitea: familia, aisialdia, gazte elkarte eta taldeak, hedabideak, IKT, kultur sorkuntza… Jakina denez, motibazioa sustatzeko bideetan garrantzi handikoa da euskaraz sortu eta egindako kultura produkzioa… Betiere, gazteak lehenetsiz, etorkizuneko gizartean modu bateko edo besteko lidergoa izango dutenak alegia”.

.

ENTENDIMENTUZ JANTZIA…

Hainbeste eragile garrantzitsu biltzen dituen batzordearen eta EAEko gobernuaren beraren babesa lagun, etxeko gazteentzako gabonetako opariak erostera abiatu ginen Mari Domingi eta Olentzero, ustez, aurten bai, euskaraz sortu eta egindako edo sikiera euskarara itzulitako kultura produkzioa, orain arte baino askoz oparoagoa, ugariagoa eta anitzagoa izango zela.

Izerdiak bota ditugu, batean eta bestean arakatu eta miatu.

Olaberriako Carrefourrera abiatu ginen berbarako, pentsatuz, Goierri bezalako eskualde euskaldun batean kokatutako saltoki erraldoi horretan, euskarazko produktuen eskaintza ere erraldoia behar zuela… baina ez.

Erraldoia, españolezko eskaintza da Goierriko Carrefourren. Euskarazkoa ere badago, baina oso urria “gure” derrigorrezko hizkuntzarenaren aldean.

Donostiako FNAC-en ere aritu ginen bilaketan… baina euskararen Donostia ez da FNAC-en oso barrura sartu oraindik. Euskarazko eskaintza barregarria da bertan, graziarik ez badauka ere.

Gasteizko ELKARrera jo genuen azkenik, pentsatuz bertan aurkituko genituela euskarazko altxor askotarikoak. Baina Elkarren ere, aurreko bietan baino askoz eskaintza oparoagoa eskaini arren, dagoena dago. Izan ere, euskarazko eskaintza ipotxa baita españolezkoaren aldean (Iparraldean frantsesarekin gertatu bezala). Baita bertoko ekoizpenari erreparatuta ere.

.

KAPOIAK ERE BADITU…

Etsigarria da sukaldaritza, mendia, edo perretxikoak bezain “gureak” diren bezalako gaiak eskaintzen dituzten ataletara hurbiltzea. Sukaldaritzaren erakustokira hurbildu eta dozenaka-asko liburu aurki daitezke españolez, horietako asko eta asko goi-mailako sukaldari euskaldunek idatziak. Beste horrenbeste mendiari gagozkiolarik, edo perretxikoei…

Batez ere gazteen artean, baina gero eta gehiago adin guztietan hain arrakasta handia duten Komikiekin ere berdin…

Areago, beste sail batzuetan, nekez aurki daiteke euskarazko alerik.

Eskaintzaren urria gutxi balitz, sarritan nahastuta ageri dira erdarazko eta euskarazko aleak, azken hauek ia ikusezin bilakatuz. Berdintasunaren ala birrintasunaren izenean ote?

.

ALAITU ZAITEZTE?

Modu eraikitzailean aurkeztu behar ei dira arazoak ere, esan ohi denez, baina hain da esanguratsua eta lotsagarria, eta hain luze irauten du auzi honek denboran, ze, ez baitzait bururatzen nola egin baikortasun puntu batez amaitzeko.

Zeren gure erakunde eta batzordeetako adituak arazo honetaz jakitun badira (aditu baldin badira, behintzat), baina ezer zehatzik ez dute proposatzen; eta erakundeek sustatutako ekimenak hain dira ahulak, itxurakeriaren antza dutela beste edozerrena bainoago. Ez baita diru arazoa, duintasun, borondate eta ausardia kontua baizik.

Eguberri on!

Olentzeroren lan zaila Olentzeroren lan zaila Olentzeroren lan zaila Olentzeroren lan zaila
bai euskarari, euskararen aholku batzordea, Eusko jaurlaritza, Mari Domingi, olentzero, Olentzeroren lan zaila, saltokiak
JJ Agirre

ELAkidea eta abar.

7 pentsamendu “Olentzeroren lan zaila”-ri buruz

  • Pat Garrett 2016-12-27 00:16

    Konsumitzaileek –hau da, konsumitzaile-masa aski handiek– eskatzen balituzte euskarazko produktuak, merkatariek eskaintzen lizkiekete. Euskarazko konsumitzaileak kausitzen dira, kopuruz, euskara-jakileen eta euskara-erabiltzaileen artean.

  • Eta, nik honi, gehituko nioke, tamalez, udal liburutegien egoera. Joan zaitez pelikula edo dokumental bat hartzera zure zazpi urteko umearekin…. NEGARGUREA! Herri euskaldunetan diot!
    Askotan pentsatu dut herri euskaldunetako udal liburutegiek, gehienbat, erderaren zabalkundea egiten dutela.

  • JJ Agirre

    Pat, kontsumitzaileak kontsumitzen du, kontsumitzeko aukeraren eta egiten zaion propagandaren arabera. Ia miraria da oraindik euskaraz kontsumitzeko tema daukan hende askotxo egotea. Ez naiz luzatuko. Hain da bistakoa…

    Eta Ipuru, guztiz ados zurekin. Liburutegi publikoetako panorama negargarria izan ohi da. Gainera, nik ezagutzen ditudanentzat behintzat, gaika antolatzen dira liburuak, aldizkariak eta abar, eta horrek euskarazko produktuak are ikusezinago bihurtzen ditu.
    Ez da sinestekoa ere.

    • JJ, nik esango nuke bi noranzko erlazioa dela. Euskarazko antzerki, film eta abar asko, beren urrian, ia ikuslerik gabe pasatzen dira, euskaldun petoak Tele 5ko zabor-programa zornetsuenak eta futbol emankizunak ikusten pilatzen diren bitartean.

      • Ez delako batere ohikoa euskarazko edo antzerki obra bat programatzea herri gehienetan.
        Zer esanik ez euskarazko film bat.
        Batetik ez gaude ohituta, eta bestetik, españolez / frantsesez dagoelarik inguratzen gaituen ia guztia, hobeto moldatzen gara españolez / frantsesez euskaraz baino, eta horrela, euskarazko filmak, antzerkiak eta abar, arrotzak gertatzen zaizkigu gehienoi.
        Euskaraz egitea militantzia ariketa da gehienontzat, herri oraindik euskaldunak kenduta, eta euskarazko film bat ikustera joatea, are militantzia ariketa zailagoa.
        Erdarazko filme bat ikustera gogoak ematen dizunean joan zaitezke. Edonoiz, edozein ordutan, nahi duzun lagunarekin, eta dozena bat filme dauzkazu aukeratzeko uneoro.
        Euskarazko filmeak oso noizbehinka sortzen dira, ikusteko aukera oso mugatua da, eta zuhur ibili beharra dago ikusi nahi bada (zein gai den ere) gehienetan.
        Gure etsaiek (PPSOE, Vocentotarrak, eta abar, eta abar) eta gure instituzio maite txit epelek (EAJren menpekoak gehienak, baina baita EHBilduren menpeko zenbait) zabaldutako mezu faltsua da euskara “nahi ez dugulako” erabiltzen ez dugulako hori. Euskara naturaltasunez erabiltzeko aukerak oso urriak dira euskaldun gehienontzat. Tabernan kafesne bat eskatzeko ariketa soiletik hasita.

  • Euskara hiltzen uzten ari dira, bere alde ari direlako itxurak egin bitartean, txantxangorriak, birusak eta gisako ergelkeriak haizatuz, eta euskaldun gehienak ezjakin edo arduragabe.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude