Imanol Ituiño: Eskuekin arin, mihiarekin fin
Imanol Ituiño: Eskuekin arin, mihiarekin fin –
Pasta gogorreko betaurrekoak eta masaila inguratzen dion bizarra, mormoiek eramaten duten horietakoa. Hori da Imanol Ituiñoren azaleko ezaugarrietako bat. Ziurrenik Euskadi Irratian ostegun goizeko Faktoria saioan entzungo zenuen Ituiñokadaren bat.
Ituiño magia trikimailuak egiteagatik eta bere hitz zolitasunagatik da ezaguna. Pentsa, irrati bidezko magia saioak ere egiten ditu, hau da, ikusi ezin den magia. Horrek adierazten du, zeinen luzea den Imanolen hitz jarioa. Urpean jarriko bagenu ere, hitz eta pitz jarraituko luke, bere txantxekin gora eta behera. Baina, hain zuzen, beste muturreko esperientzia ere izan du. Izan ere, magia saio mutuak ere egin ditu. Benetako erronka, baina dirudienez ondo moldatu zen hor ere.
Txan eta Tor magoarekin batera Euskal Herriko magorik ospetsuenetako dugu Ituiño. Eskuekin arin, mihiarekin fin aritzen da, hori baita magoek duten doahin behinenenak. Edonola ere, berak dioen moduan, aurrez aurreko magia du gogokoen. Ikusleen imintzioak, irribarreak, barreak eta harridura edo lilura aurpegiez gozatzea gogoko du.
Aurkezle, idazle eta kontu kontari lanetan ere ibiltzen da. Imanol-en lanbidea hauxe da. Beraz, mago profesionala da. Bere zerbitzuez baliatu nahi baduzu, berari idatzi edo deitu behar diozu.
Ituiño tipo erabat hurbila da. Bere ikuskizun batean egon eta gero, galdera batzuk egitea otu zitzaidan. Hona hemen horren emaitza:
Imanol, zure bideo bat jarri nahi dut artikulu honetan. Zein nahi duzu jar dezadan? Zein da zure ustez ikusgarri/deigarriena?
Bideoetatik “konpletoena” hau dela esango nuke, magia trikimailu txikiak ikusten direlako eta elkarrizketa tiki bat ere badagoelako:
Numero oso bat egiten ikusten den bideoetatik, ostera, hau jarriko nuke. Numero honekin irabazi nuen 2014.ean 2. magia sari nazionala.
Zein da zure trikimailurik gogokoena? Eta gorrotagarriena?
Badaude trikimailu batzuk igual gehiegi gustatzen ez zaizkidanak baina egiten ditudanak, publikoarentzat ondo funtzionatzen dutelako edo material aldetik errazak direlako egiteko. Askotan kanpoko baldintzek behartzen zaitue guztiz gogoko ez duzun trikimailu bat egitera edo pentsatuta zeneukana bastertzera eta beste gauza bat egitera. Festa handietan edo kalean, adibidez, ezin dituzu beti kontrolatu inguruan dauden zaratak, edo ikusleek nondik begoratzen zaituzten… Horregatik beti daramatzat igual trikimailu “todoterrenoagoak”. Beharbada ez dira niri gehien gustatzen zaizkidanak, baina egoera horretarako onenak izan daitezke.
Gorrotagarririk ez daukat, ez dut egiten gustatzen ez zaidan ezer. Badaude, trikimailu baino, gorrotatzen ditudan magoen jarrerak, hori bai. Ikuslea gaizki tratatzen duten horiek, 90eko hamarkadan horren modan jarri ziren horiek adibidez. Ikuslea erridikulizatzen zuten askotan beste ikusleei barrea sortarazteko. Hori bai gorrotatzen dut.
Eta trikimailurik gogokoena… Zail egiten zait bat aukeratzea, baina bat aukeratzekotan, kubileteen numeroa aukeratuko nuke. 3 pelotatxo, 3 edalontzi, makiltxo magikoa eta eskuen abilezia baino ez dira erabiltzen. Magiaren adibide aparta.
Emankizun gogoangarririk baduzu? Zein?
Ez nuke jakingo zein aukeratu… Denak izan daitezke bereziak zeozergatik. Publikoaren erantzun bategatik, edo egun hortan dena bikain ateratzen delako, edo giroan benetako magia usaina sortzea lortu duzulako … edo kontrakoagatik! Egun horretan dena gaizki ateratzen delako edo inork kasurik egiten ez dizulako! Hori bai gogoangarria! Berezienetako bat, dudarik gabe, Granadan izan zen, “5” izeneko ikuskizuna estreinatu genuenean beste 4 magok eta bostok. Han sortu zen giroa itzela izan zen.
Ba al dago orain arte egin ezi duzun eta egin nahiko zenukeen zerbait?
Beti izan dut gogoa kutxa handi horietako batekin magia egitea, norbait erditik ebagitzean erabiltzen diren horietako batekin. Baina etxe txikian bizi naiz, eta ez daukat traste hori non gorde…
Behin Bartzelonako Hizkuntza Eskolan aritu zinen ikasleekin. Euskaltegietan ere egoten zara. Zer nolako esperientziak dira horiek?
Euskarak bizi duen egoeragatik, askotan egin behar izan dut euskaraz saio bat euskaraz ez dakien, edo euskara menperatzen ez duen publiko baten aurrean. Ni beti saiatzen naiz ahalik eta ulergarrien egiten dena, sinonimoak etengabe botaz eta gorputzarekin ere expresiboa izaten. Behin baino gehiagotan esan didate ikuskizun baten ondoren “aunque no sé euskera te he entendido todo”. Eta hori, nik uste, onuragarria da euskararentzat, nolabait euskara gerturatzen duzulako bere mundua gazteleraz den norbaiti, era sinpatiko eta entretenitu batean. Niretzat pozgarria da euskaraz ez dakien norbait euskaraz den ikuskizun bat ikustera joaten aukeratzea. Bere bizitzan euskara sartzeko lehen pausu bat izan daitekela uste dut.
Zein da euskaraz emankizunak emateak suposatzen duen erronkarik handiena?
Askotan jolasarekin lotutako hainbat esamolde edo hitz gazteleratik datorzkigu. Arraro egin ahal zaigu “bosteko pika” esan “piketako bosta” beharrean, baina lehena da zuzena. Eta magook erabili ohi ditugun kartak arrotzak egiten bazaizkie normalean ikusleei, horrela deituta, are arrotzago. Baina ez dago erronka handiegirik. Esan bezala, ahalik eta ulergarrien egiten saiatzen naiz, eta esaten dena ulertzen ez bada ere… nola demontre egin du magoak kartak bere poltsikora bidaiatzea? Ez da ezinbestekoa hizkuntza ulertzea magiaz gozatzeko.
Ba al duzu kezkatzen zaituen zerbait?
Azken urteotan sare sozialen eraginez asko aldatu da magia kontsumitzeko modua. Lehen magia antzokietan eta eszenatokietan ikusten zan. Gaur egun hainbat magok euren telefonoetako kameretara egiten dute magia. Niri bereziki ez zait asko gustatzen magia tipo hori, artifiziala ikusten dut eta publikoaren erreakzioa galtzen da. Ez dut uste zuzeneko magia arriskuan dagoenik, inolaz ere, baina bai preokupatzen nau pixkat gaur egun magia munduan hasten den gaztetxo horrek “followerrak” bilatzea publikoaren harridura baino…
Imanol Ituiño: Eskuekin arin, mihiarekin fin