Lainoz laino, egia ezkutatzeraino

Lainoz laino, egia ezkutatzeraino –

Herra biziz erantzun du Joxe Iriarte Bikilak (“Errusiar inbasioari buruz, gauzak garbi”, Zuzeu, 2022-VI-8) nik aurretik idatzitako beste bati erantzunez (“Ukraina, SESB eta historia”, Gedar, 2022-V-18, gero Zuzeun erreproduzitautakoa 2022-VI-23). Azken artikulu hori Bikilak aurretik idatzi zuen beste artikulu bati eginiko erantzuna zen (“Korronte faxista eta atzerakoiak Ukrainako gerran txertatuta”, Berria, 2022-V-5). Nik jarritako puntuak –behintzat Iriarteri erantzuten nion zatian- garbi zeuden: Donetsken naziek edo faxistek duten pisua kualitatibo eta kuantitatiboa hutsaren hurrengoa dela, 2014tik aurrera Ukrainako Estatuan ukrainar naziek duten pisua handia delarik, beraz Bikilak egindako orekatze ariketa antzua dela.

Egia esan, Bikilaren azken artikulu honek hainbat laino erabiltzen ditu, aurreko artikuluan nik esan ez dudanari erantzuteko, eta baita ere esandakoari ez erantzuteko. Bigarren artikulu honetan ez dut aurkitzen ezarritako puntu batekiko berarekiko ere erantzunik.  Bere artikulua irakurrita, ez dut arrazoi bat bera ere, nire aurreko artikuluan esandakoa zuzentzeko edo ñabartzeko; nik planteatutako auziei ez baitie erantzunik ematen, bai ordea nik esan ez ditudan gauza batzuk nire ahotan jarri.

Lehenbiziz Bikilak nire ahotan jartzen dituelako nik esan ez ditudanak. Horietako bat da Zelenski “nazi” deitu dudala, edo Ukrainako Estatua “faxistatzat” hartu dudala. Ez bata ez bestea ez dira egia. Zelenskiri buruz, sekula ez dut esan nazi bat denik, are gehiago, nire artikuluan ez da pertsonan honen ideologiaren gaineko baloraziorik egiten. Ez dut esan ezta ere urkainar militar oro faxista denik (bikilak hau “gezur galanta” dela dio, hala da, baina arazoa da ezerezari erantzuten diola). Esan esaten dudana da Zelenskik Errusiatik Ukrainara borrokan joandako nazi batzuei ukrainar herritartasuna eman ziela –egia dena- eta ukrainar naziek bere hautes-hitza jan arazi egin ziotela. Ukrainar Estatuaren inguruan esan dudana da faxismoak paper oso handia jokatzen duela Estatu horretan eta Estatu-aparailu ezberdinak ideologia horretaz blai direla, bai datuekin frogatu ere; ez ukrainar Estatua eta are gutxiago herria “naziak” direnik. Nahiko ezberdina den gauza bat, baina noski, askoz ere erosoagoa da aurrekoari honek esan ez duena leporatzea (hiruzpalau aldiz leportzen dit hori artikuluan).

Honi lotuta, beste gauza bat ere erabiltzen ditu: ad-hominem erasoak: Putinen propagandistak garela (nik ez dut agintari horren aldeko hitzik egin, nik dakidala) edo trotskisten edo stalinisten inguruko eztakitzer, hau agian Bikilari garrantzitsua zaiona eta bere aurriritziak indartzeko balio diona (nik zer uste dudana eta ez dudana aurresuposatuz), baina eztabaidatzen ari garenarekin oso harreman txikia duen kontua da[1]. 

Lainoz laino, egia ezkutatzeraino

Iriarteren zoritxarrerako ere, ez batak ez besteak ez du erantzuten planteatutako gaiei. Ni Putinen aldeko propagandista deitzeak (“Errusiaren eta Kortazarren baieztapenak” dio) ez du ostontzen guda hau 2014an piztu zela eta Bikilak ez duela honi buruz txintik ere esan. Bikila ahulenaren alde paratzen da hitzez, baina zortzi urtez Donbassen izandako bonbaketek eta milaka eta milaka hildakoez ere ez digu ezer esan. Zein zilegitasun du Donbasseko Herri Errepubliken aldeko elkarteei “inbasioa zuritzen” edo “justifikatzen” ari direla esateko? Zein zilegitasun du esateko nik “auziaren mamiari iskin egiten diodala esateko”, berak Donbassen autodeterminazioa auzi txiki batean “katramilatzea,” bezala definitu duenean?

Ezin du ezkutatu, ezta ere, Ukrainan komunismoaren kontrako edo hizkuntza gutxituen kontrako lege oso gogorrak ezartzea. Nik stalinistak txalotzen ditudala esateak eta trotskistak erreprimitzea babestuko nukeela aurresuposatzeak ezin du itzuri 2014an Ukrainan dagoen lege antikomunista (Errusian ez dagoena), zeinak ez soilik alderdi komunistak baizik eta ideologia horren espresio oro –ikurrak eta abestiak barne- eta baita ere ideologia horrek hezurmamitutako esperientzia historikoen aldeko interpretazio oro[2]. Tartean, ukrainarrek fundatutako Armada Gorriaren alde. Honen fundazioan Iriartek maite duen Trotskik paper oso handia izan zuen. Bikilak ezingo zukeen egun Trotskiren argazkia paseatu egun Ukrainan. Lege hori Ukrainan dago, ez Errusian, hipotetikoak ezartzeak ez du arazoa konpontzean[3]. Egitate honen aurrean esan dezake egitate hau markatzen duena “stalinista” dela eta abar, baina itzartzerakoan elefanteak hor dirau halere.

Finean Iriartek Errusia Ukraina bezain autoritarioa dela frogatzeko bere buruan musika goxoa besterik ez du jarri: Alderdi Komunista Errusiarra ez da legez kanporatua “Putinekiko leiala” delako, aldiz talde trotskista ezberdinak jazarriak omen dira. Frogatu dugu bigarren hori ez dela egia. Alderdi Komunista egia esan, Bikilak dionaren kontra, oposizioko alderdi bat da, Putinen alderdiarekin oso gutxitan bat egiten duena, Asier Blasek adierazi moduan[4]. Iriarteri bestela ezartzea komeni zaio, hain zuen ere egia estaltzen duen lainoa hedatzeko: datuek kontrakoa badiote ere, “ni neu neure bostean”, marko mentalari eutsiz.

Bigarrenik, falazia logikoen eta neurgailu bikoitzen erabilera nabarmena da. Hau da, toki baterako balio diona beste tokirako ez aplikatzea. Falazia honen ikuspunturik garbiena da adibidez esatea Ukrainan faxismoak ez duela pisurik “Estatu gehienetan polizia eta armadan ultraeskuina dagoelako”; edo hizkuntza txikien kontrako errepresioaren papera txikiagotzea “Estatu liberal gehienetan gertatzen” omen delako. Hala ere, halako legeak Errusian hartzen dituztenean, lege horiek Errusia sekulako Estatu errepresiboa dela frogatzen omen dute. Hau da, alde batetako errepresioa erlatibizatzen da “denok erabiltzen dute” aitzakiapean, baina mirakuloski Errusian gertatzen erregimen haren ankerkeria berezia frogatzen omen du, kasu honetan jada ez da Errusia ez dela “errepresioa erabiltzen duen beste demokrazia liberal bat” baizik eta Errusian faxismoa nagusitzen ari deneko froga. Kasu batean “errutina”, bestean  tximistaren kolpea. Edonork esango zukeen Bikila tropikoan edo tximistak errutinatzat hartu daitezkeen toki horietako batean bizi dela.

Egia esan, neurgailu bezala Bikilak “Parlamentuak daude” jartzen badu eta hala justifikatzen badu Ukrainako errepresioa beste demokrazia liberalen modukoa dela, hau da, marko hori ez duela hausten, orduan Errusian ere parlamentua eta hauteskunde alderdinanitzak daudela ondorioztatu beharko du (Zelenski botoz hautatua izan zen, baina baita Putin ere). Hau da, Errusian gertatzen ari den errepresioa ere demokrazia liberal baten errepresio tipikoa izango zatekeen. Parlamentuek ez badituzten “faxistizatze” prozesuak per se desegiten (hau da, faxistizatze prozesuak parlamentuzko erregimenen pe eman badaitezke, Dimitrovek esan moduan[5], eta honen ostean hainbat akademilarik errepikatu moduan eta hainbat kasutan frogatu den moduan), orduan Iriarteren argudioa ez da zuzena. Arraroa da Iriarte bezalako marxista batek dialektika eta prozesuak kontuan ez hartzea, bere ustez “parlamentuak egoteak” jada edozein erregimen parlamentariotan izan daitezken prozesuan gainetik dago; denak dira “demokrazia liberalak”, beraz ez dago faxistatze-prozesuan edo faxistek hartu indarra eta indar hauen zergatia aztertu beharrik.

Hauek aztertu nahi baditugu, arazoaren muina dialektikoki behatu nahi badugu ikusi beharko genuke zein Estatutan gertatzen ari diren hizkuntz-gutxiengoen edo disidentzia politikoaren kontrako legerik gogorrenak[6], zein Estatutan dauden adierazpen askatasunaren kontrako legerik zorrotzenak, non duten faxistek indar handiagoa eta non zabaltzen den beren ideologia modurik argienean. Egia da errusierarekiko politikak ez direla egokiak baina “logikoa” omen da, iraganean bestela gertatu omen zelako. Hau da, gertaera baten testuingurua, gertaera horren taxonomiarekin nahasten du Iriartek, edo batekin bestea ezkutatzen du.

Ukrainar Estatuaren barna nazismoak eta faxismoak duen boterearen erakusgarri anitz topatu ahal ditugu, hasita Stepan Banderaren glorifikazio garbitik (halako zerbait ikusi ahal izan dugu Errusian?), Ukrainar Armadaren Eguna urriaren 14an ezartzea (UPA sortu zen eguna), edo hain zuzen ere Ukrainako armadan eta polizian goi-kargu faxistak izatea, horietako askok Gobernuan eragin handia dutelarik. Beteranoen Ministerioa dugu horietako bat, zeina Azov Batailoiaren gordeleku bihurtu den[7]. Ez da soilik “eragina dutena”, baizik eta beren eragina faxistek Donbassen (edo Errusian) dutena baino dexente handiagoa dela.

Ukrainako Estatua eta gatazka ikertzen duen edozeinek daki Azov Batailoia eta mugimendu honen pisua hauteskundeetan (Falange Españolak 1936ko otsaileko hauteskundeetan ez zuen diputatu bat bera ere lortu, baina urte horretako uztaileko Estatu kolpean eta koalizio kolpistaren parte garrantzitsua bihurtu zen) baino garrantzizkoagoa dela –hauteskundeak neurgailu bakar gisa baditu, zergatik aipatzen du hainbeste Dugin, zeinak Errusian ez duen diputatu bat ere, errusiar politikan zerbait garrantzizkoa izango balitz?-. Ez da sekretua Ukrainako Segurtasun Kontseiluko burua Andrii Parubi izatea, Svoboda alderdiaren fundatzaileetako bat[8], edo Pravi Sektor (Eskuin Sektorea) alderdiko Dmitro Jarox[9] presidentearen aholkulari izatea. Edo Azov Batailoiaren mugimenduko ideologo nagusia, Olena Semeniaka, Ukrainako parlamentuaren bulego geopolitikoaren aholkularia izateaz harrotzea eta bere kontzeptu geopolitikoak parlamentu ukrainarrean txertatu izanaz puztea[10]. Badu hemen Iriartek faxistizazioaz hausnartzeko nahikoa material, Ukrainan hauek Dugin delakoak amesteko gaitasuna ere ez duen eragin maila baitute. Baina hemen ere, bestelako neurgailu bikoitz baten falazia batetan sartu nahi gaitu Bikilak, hau da “question-begging” falazia batean: norbere posizioa eztabaidaren ondorio bezala identifikatzea, honetarako premisak eta datuak moldatu behar baditu ere.

Neurgailu bikoitzaren beste neurri bat dugu Bikilak ni neu erasotzen nau esanez Gedar Ukrainan ez ezik ere ez zatekeela legala izango (ez da egia halabeharrez, Errusian badaude hedabide komunistak) eta Errusian Berria edo Gara ez ziratekeela legalak izango. Ez ditut aterako Errusian beste hizkuntzetan ateratzen diren egunkari eta aldizkariak. Bide batez, Ukrainan ezinezkoa izango zatekeen Berria izatea (eta baita ZuZeu ere): prentsaren edukien %50 gutxienez Estatu-hizkuntzan izan behar baitira (iturria: bbc.com/world-europe-39302909)[11]. Baita ere hizkuntza gutxituetako eskolak (lehen hezkuntzako bosgarren mailatik aurrera) debekatzen dituen legea, 2017an Ukrainan ezarritakoa[12]: Iriarterentzat “edozein demokrazia liberaletan” gerta daiteke, edozein demokrazia liberalek zanpatzen baititu edo baititzake hizkuntza gutxituak, baina Errusian gertatzen bada doinu apokaliptikoa erabiltzen du: “galdetu georgiarrei, armeniarrei, txetxeniarrei”[13]. Iriartek esaten ez diguna da Errusian badagoela bigarren hezkuntza hizkuntza gutxitu batean ikasteko eskubidea[14]. Zergatik baztertzen ditu etengabe datuak?

Hala ere, edozein irakurlek frogatu dezakeen moduan, Bikilak ez ditu hainbat gai erantzuten. Ez du erantzuten adibidez zergatik puztu zituen Donbassen talde faxista batzuen eragina, hauek han oso pisu txikia izan zutenean, jada han ez daudenean –edo etiketa horretan sailkatu ezin denean-. Erantzun honetan gai honen inguruan esan duen gauza bakarra Igor Strelkoven balentriaren bat kontatzen izan da, Slaviansk hiritik ate eraginik ez zuen eta 2014an Donbassetik alde egin zuen komandantearena[15]. Erantzun ahal digu planteatutako beste galdera bati: halako talde batzuek Siriako kurduekin borrokatu izana nahikoa ote den hauek kantzelatzeko. Kantzelatze-botere absolutuan jokatuz gero berdin jokatuko du Iriartek Donbassen egon ziren talde ultraeskuindar batzuk handik bota ostean Kurdistanen borrokatu izanaren inguruan? Galdera horri ez dio erantzun. Erantzunik gabeko beste galdera bat.

Arazo koalitatiboari ere iskin egiten dio Bikilak: zergatik borrokatzen ote zuten hainbeste errusiar ultranazionalistak ukrainar aldearen alde, II Mundu Gudan frantziar, holandar edo bestelako ultranazionalista askok bere aberriaren kontra borrokatu zuten moduan. Hau da, noranzko bakarrean gertatzen zela II Mundu Gudako kolaboen fenomenoa. Bikilak II Mundu Gudako hainbat kolaborazionista aipatu ditu, baina berriz ere ihes egin du galdera erantzuterakoan: zergatik ez dugu ukrainar ultranazionalista bat bera ere ezagutzen errusiar alderdiaren alde borrokan eta kontrakoan ehunka kasu ditugula? (1941-1945 gudan ere alemaniar ultranazionalista bakar batek ez zituen Aliatuak babestu, kontrara gertatu zen). Ez dio galderari erantzuten. Galderak zutik dirau. Eta ez da txikikeria bat, izan ere oso parte kualitatibo garrantzizkoa da jakiteko non dauden faxisten sinpatiak, kontuan izanik, Bikila berak esan duela “Errusiak eskuin muturreko sektore esanguratsuen babesa duela”. Jakina, hemen ere neurgailu bikoitza, Kieveko Gobernua babesten dituzten halako sektoreak aipatzea falta zaio, kontuan izanik baita ere halako errusiar sektore zabal batek ere ematen diola babesa Kieveko Gobernuari. Neurgailu bikoitza ere hemen: aski dira ultraeskuindar batzuk Moskuren alde paratzea Mosku (edo Donbass, hau Bikilak frogatu ez badu ere) ultra dela esateko, baina ez da aski ultra kopuru handiagoa Kieven alde iritzi bera ateratzeko; eta ezta ere kolaboen 1945ko (errepika dezagun: faxismoa indartsu izan zen azken guda) fenomenoa noranzko bakarrean errepikatu izana.

Azkenik, nik esandakoarekin zerikusirik ez badu ere, beste laino bat ekarri digu Iriartek: beste kazetari baten artikulua dakar errusiarren gaineko aurriritziez blai izateko asmoz. Izan ere, hor Bikilak esaten duena egia balitz, herri bati pentsamendu jakin bat zegokiokeen, beraz, determinismo kulturalean sartuko ginateke. Eta hori baino okerrago, herri horri aldaketarako bidea itxiko genion, den-dena izango baitzen “errusiar inperialismoaren maskara” (errusiar mentalitateak ezin baitu bestela jokatu Iriarte eta Urrutikoetxearen arabera). Kasu honetan nola eman zitekeen adibidez Errusiar Iraultza, Bikilak hainbeste miresten duena, autodeterminazioa eskubide egikaritu zuena, eta aurreko artikuluan adierazi nuen moduan (Bikilak momentuz ez du hau ihardetsi), herri txikiei tamainako babesa eskaini zien lehen Estatua izan zen.

Vinnitxenko aipatzen dute, betiere Iriarteren arabera ex populo argudioarekin berdin jokatuz: (“errusiarrak=espainiarrak” ekuazioa). Nor da Volodimir Vinnitxenko, Ukrainako Errepublika Nazionaleko lehen ministroa izandakoa? Vinnitxenko bera negoziazioetan hasi zen sobietarrekin eta Sobietar Ukrainarekin. Are gehiago, Ukrainan jazo zen Errusiako Guda Zibilarekiko bere azterketa esaldi honetan laburtu zuen: “Errusiar boltxebikeen aurka aise borrokatzen genuen, baina ukrainar boltxebikeen kontra borrokatu behar izan genuenean toki guztietan atera ginen galtzaile”. Hau da, Vinnitxenko beraren arabera, Sobietar Batasunak, hau eman zuen proiektuak erro sendoak zituen Ukrainan bertan. Hori dela eta, zaila da komunismoa “errusiar inperialismoaren” beste mozorro bat bezala aurkeztea, “kristautasun ortodoxoarekin”, “liberalismoarekin”, “kapitalismoarekin” eta beste guzti horien zerrenda berean jartzea. Vinnitxenko berak errefutatzen du ideia hori.

Lainoz laino zerbait estaltzen ari zaigu Bikila, baina galderek hor diraute, erantzunik gabe, eta bere eskemaren ahuldadeek ere bai, betegarririk gabe.


[1] Kontu honekiko Iriarteren obsesioa hainbestekoa den, ezin berriki GKS eta Ernairen arteko liskarrak ere stalinismoarekin lotu izan dituela, jakina denean “stalinismo vs trotskismo” auzia Euskal Herriko gazte-antolakundeen arteko eztabaidetan aipatu ez den gaia dela: zuzeu.eus/euskal-herria/etsaia-borrokatu-ez-bidelaguna

[2] Nahia Sanzo kazetariak egindako analisiaren arabera, 1974ko “Elkarteen Lege” frankista baino errepresiboagoa da Ukrainako legea. Iturria, hemen (erdaraz):
slavyangrad.es/2014/12/20/ucrania-planea-ilegalizar-la-ideologia-comunista

[3] Bide batez, Errusian badaude alderdi trotskista legalak, hauek hauteskundeetan aurkeztu daitezkeelarik (Adibide batzuk: socialist.news/read/article/election2019/, anticapitalist.ru/, rwp.ru, web.archive.org/web/20190325234157/https://rwp.su/ru/analysis/otnositelno-vyborov-i-nashikh-politicheskikh-raznoglasij, leftblock.org). Berme guztiak dituzten edo ez, eztabaidatu daiteke, eta jakina ni ez noa Errusiako legea defendatzera. Baina badago aldea Ukrainarekin, Bikilak ikusi nahi ez badu ere.

[4] blogak.argia.eus/asier-blas/2021/09/30/hauteskundeak-eta-autoritarismoa-errusian

[5] Ingeleraz, hemen:  www.marxists.org/reference/archive/dimitrov/works/1935/08_02.htm

[6] Adibide bat, Zelenskik 2021an (gerra beino lehen!) Strana.ua hedabidea zigortu zuen, honek Miskeko Ituna aldeztatu zuelako. Strana.uako zuzendaria Vienan erbesteratu behar izan da. europeanjournalists.org/blog/2021/08/26/ukraine-president-bans-opposition-media-strana-ua-and-sanctions-editor-in-chief. Beste adibide bat dugu Anatoli Xari blogariak pairatzen duen jazarpena berria.eus/paperekoa/1972/016/001/2021-07-11/ukrainan-ez-nuke-egun-bat-gehiago-ere-iraungo-bizirik.htm.  

[7] Adibidez: bellingcat.com/news/uk-and-europe/2019/11/11/ukraines-ministry-of-veterans-affairs-embraced-the-far-right-with-consequences-to-the-u-s/ Irudi honetan adibidez ikus daiteke Ukrainako Beteranoen Ministro Oleksi Hontxaruk Sokira Peruna (Perunen Aizkora) talde ultraeskuindarraren kontzertu batean abesten: kyivpost.com/wp-content/uploads/2019/10/Oleksiy-Goncharuk-Sokira-Peruna-620×400.jpg

[8] rnbo.gov.ua/en/Diialnist/1698.html?PRINT

[9] voltairenet.org/article215764.html

[10] counter-currents.com/2022/03/our-lady-in-kyiv

[11] Okerragoa da Errusiatik zetozen komunikabide edo weborrien kasuan. Horiek debekatuak izan ziren 2017an (2022 baino bost urte lehenago). en.interfax.com.ua/news/general/421954.html

[12] rferl.org/a/ukraine-language-legislation-minority-languages-russia-hungary-romania/28753925.html

[13] Honen beste adibide bat dugu oposizioko kazetariena. Zuzen dabil Iriarte oposizioko figurak Errusian jazartzen ari direla esaten duenean, eta Estatuak guztiz argitu ez dituen pozoitze-kasuak salatzen dituenean. Hala ere, Ukrainan halakoak gertatzen dira, adibidez 2015ean Oles Buzina kazetari ezaguna hil zuten tiroz Kieven. Epaileak akusatu biak aske utzi zituen hauek “patriotak” zirelako (neonazismoaren pisuaren beste adierazle bat).

[14] Hau onartzen du adibidez, baita ere Errusiaren politikarekiko oso kritikoa den artikulu honek: icelds.org/2018/07/03/minority-language-education-in-russia-enforcing-the-voluntary-teaching-of-non-russian-languages

[15] Iriartek dio Strelkovek BORN “talde neonaziarekin loturak dituela”: Araketa bat eginda, ez dut halakorik aurkitu inon.

Lainoz laino Lainoz laino Lainoz laino Lainoz laino Lainoz laino Lainoz laino Lainoz laino Lainoz laino Lainoz laino

16 pentsamendu “Lainoz laino, egia ezkutatzeraino”-ri buruz

  • Oso ondo Jon !!! Euskal Herria Tabarnia komitea beti zurekin !!!

  • Russian warship go fuck... 2022-06-15 07:39

    Espero dut horrelako propagandan zabiltzanok Errusiatik zerbait kobratzea, zeren eta hau guztia musu truk egiten baduzue zuena benetan kezkatzekoa da

  • josu naberan 2022-06-15 18:22

    Russian fuck, Jose Iriarte…

    hemen bertn Esparza tafailakoak idatzi bezala, dana-dalako zaldiari ipurtzuloan zirika ibiltzearren, hark emandako OSTIKADA dotorea ezin justuagoa izan duk.

    Duela urtebete-edo hara, Uktainara joandako kazitari baten lekukotasunaren arabera (informazio hau HISTORIAZALEOK WEB-en dator), hango “Vikingo” eswastikadunak ez dituk hiru-lau katu, baizik eta leku OROTAN dare, bai lurralde orotan zein Zelenkyren Gobenuaren aholkularitzan eta inteligentsian, pisu erabakigarrarekin, egon ere.
    Beraz, oso seriotan hartzekoak dituk, Joxe, gonbarazio baterako.

    Aldiz, ez duk horrelakorik gertatzen, gonbarazioz, Donbassen-eta Errusian dagoen faxismoarekin (ezta hurrik emon ere)

    Hedabideei gagokienean, “Pravda” eta Krimea aldeko hedabideak izango dute zentsura nahiz murrizketa, baina baita Hedabide Atlantistak ere, ez gutxiago, txit ongi jakin beharko genukeenez honezkero, Errussian Fuck inuxente hori.

    Esan nahi baita, 7 urtetan zehar (ZAZPI), euki gaituztela inuxentzian Ukainiari eta hango Nazien jardun ankerrei buruz.

    “Demokrazia Parlamentario Liberalei” eta euron kalitateari buruz… zer esan?
    Espainiakoan adibidez… orain bai liberalxra, baina eta bi urte barru? Kontituzioa eta funtzionamendu parlamentukoa arean ere aldatu gabe, baina uste al duzuen PP-VOX “demokrazia liberala” izanen dela (KORRIKA debekatu, eta euskera oztopa datzake, Errusiar Inperio hizkuntza-txikitzailea bera bezainbeste edota gehio.

    Eta Hedabide Atlantitarrera itzuliz, bazekiagu zein ahaleginez dabiltzan populuan “errusofobia” hedatzen, beti izan baita horrela, Adam eta Ebaren denboretatik.

    eta, Hedabide Salduenen bulkaz, gure izenean OTAN eta Zelenkyren eskumenera ARMAK BIDALTZEN ari dituk Ukrainara, han arma kotarik ez bailegoen.

    Baina gure izenean bidalitakoa bereziki dare Krimea inguruko Errepublika burujabetuak (edo burujabetu nahiak) zanpatzeko goitik behera.

    eta alderatzen hasiz gero, Joxe, hemen bizi dugun Sozialdemkrazia Mendebaldekoak badu “meritua”: HIPOKRITA izatearena bederen.

    “Erruso-fobia elika dezagun, Trotsky zaleo ontsa jabetu beharko genukeenez, “argi ibilita” (anda con luz!)

    En fin hauxe ene ikuspuntua: gaur egungo mundu hüntako errealitate dagoena Hauce du, Errussia Fuck gaixoa:
    GERRAZALE PORROKATUENAK era arriskutsueak ez direla, hain zuzen ere, Errusiarrak edo Txinoak, baizik ete OTAN eta gidari duen AEB, zeina armamentismoan eta gerra etengabea premia-premiazkoa duen, bere ekonomiaren oinarri baita etengabeko gerra, dela orain UKRAINAko III Mundu Gerla Bero hüntan, dela laster Ipar Afrikan ARABEEN AURKA. (edozein lekuta, bere lurraldean izan ezik.

    Ezein izatekotan anti.Trotzkista, hori OTAN duk, oraingo Errusia baino askoz gehiago, ezta hurrik eman ere, Joxe Iriarte.

    lehentasuna, ABE bere tankeetatik jaitsiaraztea duk, eta “barbaritate” bat erraitera nihoan: taktikoki bada ere, Errusia eta Txinaren aliantza baten bidez, besterik ezean. Baina OTAN eta Tio SAM, at hemendik! Aiñen Deabrua!

  • Kaixo Jon
    Lehenik esandakoa argudiatu eta ordenatzeko gaitasunagatik zoriondu nahi zaitut.
    Hori esanda, mamian ez dut zuk esandakoekin bat egiten gauza askotan.

    Guda 2014an Donbass-en hasi zela diozu, “ahula” orduan Donbass zela iradokiz. Donbassen hasitako gatazkan Errusiak (mundu mailako potentzia batek) zenbaterainoko eragina izan zuen ahazteak ondorioak desitxuratzea dakar.
    Krimeakoaren ondoren, Donbassen media Errusiarren bidez Kiyivekiko beldurra (Naziak etorriko dira errusiar hiztunen aurka, e.a….) zabaldu zuen, armez eta soldaduz (ofizialki ez nski) ornitu zituen matxinoak eta haien “bizkarrak zaindu”, zer eta Ukraina beraren subiranotasuna baldintzatzeko.

    Donbassek zer ikusi handiagoa dauka Kataluinan Espainiak bultzatutako Tabarniarekin, Kataluina berak ala Euskal Herriak nazio bezala eduki dezaketen subirautzarako gogo eta zilegitasuna baino. Bistakoa da Donbassen aldarrikatutako bi errepubliken azken helburua Errusiren parte bilakatzea dela eta ez nazio baten subirautza gauzatzea.

  • Mikel Haranburu 2022-06-18 22:55

    Josu, nik ez dut ikusten inon Errusiafobiarik, ez Errusiafobiarik ereiten denik. Ikusten dudana da Errusiazaletasun isil bat. Artikuluan ere, Errusiazaletasuna dago guztiaren atzean. Hau dena eztabaidatuta dago. Otsailaren 24a data gakoa da, eta posizioa hartzekotan, gertatzen ari diren sarraskiak eta hilak direla eta, horri lotu beharra dugu.
    Ez duzu zertan pentsa Espartzak aipatutako zaldia zaldi “jatorra” zenik. Beharbada ukuiluko ankerrena zen… eta horregatik neskak ipurtzuloa zirikatzen zion…
    Jon Kortazarren artikuluetan erudizioa badago, baina pixka bat sobera ikusten dut. Baita Trotsky eta zaharkeria horiei buruzko aipamenak.
    Berresten duzu “zazpi urte urtetan zehar (ZAZPI), euki gaituztela inuxentzian Ukainiari eta hango Nazien jardun ankerrei buruz”. Tira, ez egin interesatuarena; inuxentiak bagara, kristauak bezala, salbaturen gara…
    Bai, 2014an hasi omen zen gerra hau (ezker abertzale-abertzaleko kideek horrelako aurkikuntza egin dute…); baina zuen propagandan, ematen du Ukrainak, guztiz “nazifikatze” bidean bera, halako batean, ez lehenago eta ez geroago, Donbasstarrak akabatzen ahsi zela bortizki. Hain zuzen ere, Errusiak eskua sartu zuenean. Izan ere, Errusiak bilatu eta sustatu zuen enfrentamendu hori, dudarik gabe. Errusiak hornitu zituen armak, eta Errusiar jendea eraman zuen, lehendik ere, Krimeara bezala, gero Errusieraduna defendatu ahal izateko.
    Baina aurrekari bat bazen, Georgian, 2008an, eta harakoan Errusiak pauta edo protokolo guztiak eta berdinak praktikatu zituen.
    Orain ematen du, batzutan bakarrik, arazoa zure sugegorria dela, baina bestetan Donbasseko errepubliketako burujabetza. Ez dakigu noren burujabetza, zeren eta Donbass bat bada, Errusiak aitortu dituenak bi omen dira, Donetsk eta Luhansk. Izenok, hiri pare batenak dira, hots, errepublika horiek ez dute izenik ere, eta berdin zaie bat izan zein bi, orain mende bat bakarra izan baitzen.
    Beste kontu bat da, gerraren hasiera eta kontu horiek direla, gerra 2014an hasi bazen, ea noiz agertu diren Kadirovitak, Txetxeniarrak. Ematen du, bakarrik ematen du, otsailaren 24an animatu zirela beren ibilerak egitera… Eta, era guztietara, Putinek otsailaren egun horretan bota zuen Txupinazoa, Ukrainako festei hasiera emanez.
    Orain arazoa da nork kantatuko duen azkena “Pobredemia”…

  • Mikel Haranburu 2022-06-18 22:59

    Putin ez da gaizto bakarra; baina ergel bakarra, oraindik bere inperioa berrosatu nahi duena, odol asko botata gainera, bai. Eta penagarriena, oraindik, auskalo zein arrazoirengatik, batzuk, hemen ere, miresten dutela hiltzaile anker hori. Zeinahi den Ukrainako aginte organoetan dagoen nazi portzentajea.

  • Mikel Haranburu 2022-06-20 11:51

    Lainoak altxatzen direnean, argitasuna egiten da.
    Desadostasuna sortu da Kazakhstan eta Errusiaren artean; Errusiako (goi kargu) Konstantin Zatulin mintzo da: Kazakhstanek ez baititu L/DPR direlako sasierrepublikak aitortzen, eta trenetan geldiarazitako ikatza eta beste gorabehera. Mehatxua egin du “Ukrainar erara” Kazakhstan inbaditzeaz.
    Eta, hara, kasualitatea, Kazakhstanen ba omen dira eremuak non Errusieradunak bizi diren… orai arte ez dira oroitu, antza denez, baina une honetan, non Kazakhstanek ez duen egiten Errusiak nahi duena…
    Orain behar duguna, artikulu luze eta sakon bat, non argituko diguten Kazakhstanen zenbat nazi kilometro koadroko dagoen…

  • Jon. Zu izan zera nire ariikuluari erantzunez nik esaten ez nuena kritikatzen. Dena den pare bat gauza, eta kito, nire aldetik. Zure ustez Ukrainak fatxak indarrik ez izateak huteskundetan eta instituzio zibiletan, ez du garrantzik, edo horrek ez du adierazten Ukraina nazien eskuetan ez dagoenik. Zuretzako garrantzia duena da naziak indar armatuetan eta milizian duena da determinatea. Ez al da hori adierazten zenuena lehenego iritziarekin?Eta horri erantzuten diot. Bestaldetik, zuretzako ez du garrantzirik (esango duzu ez duzula hori esan, baina argudioetan garbi dago hori) ukrainar erresistenzia herritarra, borrokatzen dutenak, zure ustez fatxak baitira. Herri-autodefentsa horretan, feministak, anarkistak eta ezkerrekoak badiredla aipatu ere ez.. Bi galdera. Bata,Errusiatko disidentziaren aldetik esaten diguna, hau da gerraren aurka (gerra hitza erabiltzeagatik ere) azaltzen den guztia, kartzelatua edo multatua dela’? bai hala ez! Eta, bigarrena. Inbasioarekin ados zaude? Inbasio bat, paradoja ederra, zeinak gehien gaztigatu duena bere bonbekin, askatu nahi omen duen lurraldea izanik. Alegia Donbas aldea izan….

  • Gortazar jauna. Herraz erantzun nizula? Nire aldetik behintzat ez da egia. Dena den zurea irakurtzen duenak ez du pentsatuko gozoa edo abegoikorra denin (objetibotasun itxura nirea omen)eta begikorra zela. Ez horixe. Beste kontua. Saiatu naiz Gedar aldizkarian iruzkin gisa eta arkikulo gisa azal dadin, baina ezin izan dut.
    Zure kritikan puntu asko azaltzen dira. Hiru azalduko ditut.
    1. Iriarteren artikulua objektibotasun itxura edo asmo batetik egindakoa delarik –posizioa ez hartzeko asmoz, edo posizioa hartzea ezkutatuz-, eta Odriozolarenak, ordea, posizioa hartzeko asmo garbiagoa erakusten du.”

    NIRE ERANTZUNA.Eztabaida zintzoa nahi bada, ene uste apalean, ez da abiapuntu ona argudio faltsuekin abiatzeaz gain, ez ezik, objektibotasun itxura eta posizioa ezkutatzeko asmoz egina dagoela salatzea. Nire abiapuntua oso garbia da: “Errusiarren inbasioaren aurka herriaren erresistentzia defendatzeak (Ukrainan zein Errusian) ez gaitu inozo bihurtzen Maidango matxinadatik sortutako erregimen politikoarekiko. Ukrainan, nazionalistek, faxistek barne, paper garrantzitsua izan zuten Maidango protestetan eta ondorengo Donbasseko gerran. Are gehiago, Azov Batailoiak, esperientzia hori aprobetxatu zuen ukrainar armada erregularrean txertatzeko. Hala ere, horrek ez du esan nahi Ukrainako gizartearen gehiengoa ultra-nazionalista edo faxista denik. Eskuin muturrak botoen %4 baino ez zituen lortu azken hauteskundeetan; presidente ukrainarra, judua eta errusiarra, %73rekin hautatu zuten. Biletskik (Azov batailoiaren sortzailea) Gorputz Nazionala izeneko alderdia sortzeko saiakerak ez zuen arrakasta handiagorik izan, eta eskuin zein eskuin muturreko alderdien bloke bateratu batek ere ez zuen lortu azken hauteskundeetan parlamentu-ordezkaritzaren boto minimoa (oso baxua) gainditzea”. Nik ez dut gutxiesten ukraniar faxisten eragina, bai ordea, horrek suposatzen duela naziak direla nagusi Ukrainan. Non dago arazoa? Ukraniar gizartea eta bere gobernua juzgatzerakoan. Helduko natzaio gaiari aurrerago.

    2.“Bikilak artikulua faxismoaren inguruan enfokatzen du, edo hobeto esanda faxismoa erabiltzen du aldez aurretik erabakita duen posizio bat justifikatzeko. Kasu honetan Bikilaren posizioa da Errusiaren inbasioaren aurka Ukraina babestea eta Ukraina eta Donbassen artean posiziorik ez hartzea. Zergatik den posizio hori ez du azaltzen; baina hori justifikatzeko “bi aldeetan” jende gomendagaitza –hots, naziak- daudela erabiltzen du.”
    NIRE ERANTZUNA.Erantzuten hasteko esango nuke, nik ez dudala ezkutatzen nire posizioa, ezta Donbassi buruzkoa, baina bai Kortazar jaunak gaiaren mamiari bai iskin egiten diola. Hau da, Lanxing Xiang Shanghaiko Institute of Security Policy-ko zuzendariak oso garbi azaltzen duena: “Ukrainaren inbasioak ez du justifikaziorik, baina bai kausak”. 
    Hori baita Donbassko “herri Errepublikekiko” solidaritate elkarteek egiten ez dutena. Inbasioa ez salatu. Onenean, auzia saihestu egiten baitute, eta txarrenean  justifikatu (Donbassko zapalduak babesteko omen) aldez edo moldez.

    3.“Bikilak artikulua faxismoaren inguruan enfokatzen du, edo hobeto esanda faxismoa erabiltzen du aldez aurretik erabakita duen posizio bat justifikatzeko. Kasu honetan Bikilaren posizioa da Errusiaren inbasioaren aurka Ukraina babestea eta Ukraina eta Donbassen artean posiziorik ez hartzea. Zergatik den posizio hori ez du azaltzen; baina hori justifikatzeko “bi aldeetan” jende gomendagaitza –hots, naziak- daudela erabiltzen du.”

    NIRE ERANTZUNA.Erantzuten hasteko esango nuke, nik ez dudala ezkutatzen nire posizioa, ezta Donbassi buruzkoa, baina bai Kortazar jaunak gaiaren mamiari bai iskin egiten diola. Hau da, Lanxing Xiang Shanghaiko Institute of Security Policy-ko zuzendariak oso garbi azaltzen duena: “Ukrainaren inbasioak ez du justifikaziorik, baina bai kausak”. 
    Hori baita Donbassko “herri Errepublikekiko” solidaritate elkarteek egiten ez dutena. Inbasioa ez salatu. Onenean, auzia saihestu egiten baitute, eta txarrenean  justifikatu (Donbassko zapalduak babesteko omen) aldez edo moldez.
    Nik aldiz, gauzak garbi: NATOren presioa, Faxista ukraniarrak, Ukrainaren nazioaren lurraldetasunaz, auziaren inguruan dauden kausa desberdinekin ezbaian katramilatu gaitezke, baino ezin dugu zuritu inbasioarena. Zergatik zentratu naiz faxismo diferenteen azterketan? (esan bezala, aldez aurretik idatzia nuela -“Ukrainan gezurra ari du”– nire ikuspuntu orokorra gaiaren inguruan); bada,  Ukrainan faxistak daudela ezin uka, baina gutxitan aipatzen delako bi aldetan daudela, baita Donetsko Errusia-zalean artean. Azpimarratzekoa da, “Ekialdeko Europan, Errusiako Federazioak eskuin muturreko sektore esanguratsuen aldetiko babesa duela” (naiz eta gerraren aurrean adostasun hori ezkutatzen saiatu diren).
    Hitz batez: Aspertuta nagoelako Donbassen elkartasunezko elkarteek eta Putin-zale guztiek ukrainar faxistekin tematuta daudelako eta Zelenski nazi bat dela inongo xehetasunik gabe. Eta, aldiz, badirudielako Donbassko erresistentzia anti-ukraniarra eta errusiar armadaren izaera antifaxista dela. Armada gorriaren nostalgia? Alegia, Kremlinen bertsioa errepikatzen dute uneoro. Eta nire aldetik, adierazi nahi nuen faxistak alde guztietan daudela txertatuta, baita errusiarren aldeko edo sokako, gehi talde mertzenarioak. Eta zeinena da, pisurik handiena: Ukraniaren aldekoena edo Errusiarena? Bada, esango nuke, kuantitatiboki baino, benetako garrantzia duena dela, ze kausaren alde ari diren argitzea: Nazio zapaldu baten alde edo inperio baten alde? Beraz, bi aldeek ez dira berdinak naiz eta biek hala biek fatxak izan, baldin eta ez badugu esaten Ukrainako armada oso eta herri erresistentzia ere fatxa dela. Eta hori gezur galanta da.
    Horregatik ez nago ados, Kortazarrek dionean: “Bigarrenik, alderdi faxisten pisua gora-behera, hauen ideologia “Estatu-aparailu” ezberdinen ideologia nagusi bihurtu izana (Ukrainako kale-espazioak edo eskola-kurrikulumak hitz egin dezake horretaz). Joxe Iriarte marxista zahar bat dugu, hori dela eta Antonio Gramsciren eta Nikos Poulantzasen Estatu-aparailuen egiturez eta ideologiaz eginiko azterketak ezagun egin behar zaizkio; bietako inork ez du esaten Estatu-aparailu ezberdinen ideologia nahitaez ideologia horrek parlamentuan duen ordezkaritzaren araberakoa denik. Euskal Herriko (eta Kataluniako eta Espainiako) ezkerrak ez al du behin eta berriz salatu 1978-osteko Espainiar Estatuaren “lorratz frankista”, “izaera frankista”, nahiz eta 2017 arte (Vox) alderdi frankistarik ez agertu? Analisi horiek Bikilarentzat ezagun izango dira: polizian, judikaturan, kapital handian erregimena frankistaren ideologiadun pertsonak, ohiturak egiturak bizirik mantendu izan direlako. Eta analisia zuzena da. Baina galdera da, zergatik Iriartek ez du analisi hau aplikatzen Ukrainan? Halakorik taldeek ez dute halako pisu erabakigarririk Donetsken, eta hau ezin da itzuri.”
    NIRE ERANTZUNA. Iritzi horretan akats teoriko politiko garrantzitsu bat dago: Faxisten pisua estatu aparatuetan eta judikaturan nolako (eta konkretuki Espainiar estatuan) halako erregimena. Ni ere ados nago, eta ez dut behar Antonio Gramsciren eta Nikos Poulantzasen Estatu-aparailuen egiturez eta ideologiaz eginiko azterketak jakiteko Espainiar demokraziak bere baitan txertatua duela frankismoaren aztarnak, baina horrek esan nahi du ez dela demokrazia liberala? Izan ere, erregimen bat ez baita karakterizatzen estatu aparatuen izara demokratiko-ez demokratikoaren baitan, bere konstituzioa eta instituzioen funtzionamendu orokorraren arabera baizik. Aztertu ditzagun Europako estatu demokratikoetan eskuin muturrekoek duten indarra polizian armada eta judikaturan… eta halaz ere estatu demokratikotzat joko ditugu. Hala ez? Zergatik dira demokratiko burgesak baina ez faxistak naiz eta estatu aparatuak faxistak beteta izan? Erregimen parlamentarioak direlako konstituzio demokratiko baten agindupeko. Horregatik iruditzen zaigu Errusiako Erregimena Ukraniarena baino autoritarioa.
    Esan baita, Ukraina faxista den hala ez jakiteko ezin gara oinarritu faxisten pisuan estatutu aparatuetan soilik, baizik eta bere erregimen politikoa nolakoa den, zein den faxismoren pisu parlamentuan, gizartean eta legedian. Baina Errusiaren eta Kortazarren baieztapena faltsua da: “Ukraina estatu liberal-demokratikoa da, baina inperfektua (eta defizit demokratiko handiarekin), boterean aldaketa nabarmenak eragiten dituzten hauteskunde askeekin; besteak beste, 2019an Volodimir Zelenski erreformatzaile liberal-populista hautatzea. Ukraina ez da estatu nazi bat, eta hau zalantzarik gabea da: errusiar casus belli-a gezurra da.[2]

    AZKEN ERANTZUNA.Eta Herri bateko ultra-nazionalistak etsaien bandera pean borrokatzeak ez da gaur egungo kontua. Errusiar fatxa batzuk Putinen aurka ari direla?… Eta Bigarren Gerra mundialean, Frantziako kolaborazionistak (ultranazionalistak denak) ez ezik, Serbiar Txekniak, Ustatxiak Kroazian Alemanekin batera Jugoslavia okupazioaren alde. Eta Norvegiako naziak Alemaniarekin bere herriaren aurka.
    Eta zer dira Donbaseko separatistak? Ukraniar nazionalista errusiazaleak!

  • Kontu handiz ibili daitezela Kazakhstanen.
    Halako batean bururatzen bazaie Errusiari gustoko ez zaion norabide politikoa hartzen, hor edukiko dute Donbasekoak bezalako beste Tabarnia errusiar bat.
    Herrialdearen mendebaldean, Errusiarekin muga eginez, bada lurralde bat non errusiar etnikoen inmigrazioa dela eta, kazakhiarrak gutxiengo bihurtu diren.
    Putinek ez luke arazo handirik zabaltzeko horko errusiarrak baztertuta daudela edo zinez jazarrita. Laster agertuko litzateke norbait antigualeko mapa batekin esaten hor aspaldi ez dakit zein erreinu edo printzerri edo sasi-errepublika edo antzeko zeozer egon zela.
    Gero hasiko lirateke hedatzen agintari kazakhiarrak naziak edo faxistak direla honengatik edo bestearengatik. Eta horra hor beste Tabarnia baten sorkuntza. Donbasen bezala

  • Bestalde, oso adierazgarria irakurtzea azken aldian bolo-bolo dabilena hedabide batzuetan: Ukarinako gerrara bidaltzen dituzten gizajoak gehien bat gutxiengo etnikoko kideak direla.
    Ez bakarrik Txetxeniarrak, baizik eta baita buriatiarrak edo Dagestangoak.
    Aldiz, errusiarrak direnak oso oso gutxi.

  • Barkatu, argudioak errepikatzeagatik, eta batean bi aldiz (hartu eta pegak horrelako arazoak sortzen ditu). Kanpotik etorri eta berandu samar egin nuen eta badakizu gauez egiten dena goizean damu.
    Halaz ere, jarria jarrita dago, eta nire aldetik bukatutzt ematen gaia, ez bada gauza berririk, dena edo ia dena esana baitako artikulu diferenteen inguruan izandako hika-mika honetan.

  • Mikel Haranburu 2022-06-23 10:40

    Beste gauza batzuk ere zabaldu dira: desertzioak daudela, morala oso baxu dutela Errusiak borrokalariek (tankearen andela nahita zulatu, aurrera ez joatearren, tankea Ukrainarrei eman eta ospa egin, zein Ukrainarrekin bat egin, agintariak hiltzeko mehatxupean jarraitu beharra…), agindutako dirua baino gutxiago ordaintzen dutela Errusiarrek, Sirian 16.000 lagun errekrutatu nahi eta 1.600 lortu zutela, Txetxeniar beldurgarrirek TikTok bideoak egiten ematen dutela denbora…
    Ezin jakin egia ala gezur hauen tamaina zenbatekoa den… baina seinale batzuk hor daude: Errusia errabiaz, herraz erasotzen ari da egunotan, ez du, hilabete eta erdiren ondoren, Severodonetsk mende hartzea, tankerik zaharrenak eraman ditu Ukrainara, munizioa eta bestelakoak ere oso aspaldi iraungitakoak (botikak, sendagailuak, materiala…).
    Bada kontu bat, baina, analistek (ez Kortazarrek eta ez Bikilak, besteak beste…) aipatzen ez dutena edo analisatzen ez dutena: denboran zehar, bai Ukrainako gizartea, bera osatzen dutenak, hots, eskuindar edo nazionalista, edo ultra, edo jende arrunta, mendebaldeko kultura duena, nola aldatzen edo bilakatzen diren, baita Errusiakoa ere, baina honetatik jakin gutxi, Putinen aparatuak ez baitu ia ezer eskapatzen uzten. Eta bestalde, gerra bera. Inbasioa aipatzen da oraindik ere, baina inbasioa, izen zen bezala izanda, egin zutenetik, lau hilabete pasa dira, beren egun guztiekin. Gerran egin dtuzten guztiak egin eta gero, zertan dira orain arrazoiak, azalpenak, analisi burutsuak eta gainerako iritziak? Errusiak beste erremediorik ez zuela baieztatzen dutenak, ezker abertzalekoak barne, edo zaldiak ostikoa emateko motiboak bazituela irrifarrez irakurtzen dutenak, zein iritzitakoak dira orain, lau hilabeteren ondoren? Ostikoa bat izan da, asko, gehiegi, oraindik ez da aski? Nola neurtu Ukrainaren aurkako eraso eta agresioa? Hiriak eta etxeak, nazi kopuruaren arabera suntsitu ditu Errusiak? Etxerik gabeko, familiarik gabeko, ikastetxerik gabeko, azpiegiturarik gabeko, bizitzarik edo hankarik, edo begirik gabeko naziak, naziak dira oraindik?

  • Mikel Haranburu 2022-06-23 10:48

    Alegia, Errusiak ez du oraindik bukatu bere “operazio berezia”, arrazoiren batengatik, eta jarraitu beharra du itsu-itsuan ere?
    Nik esango nizueke iritzi bat: ume txikiak kasketa minean bezala, Errusia “fregao” handi batean sartu zen, eta orain ez du ateratzerik. Ez du ateratzerik buztana hanka artean, lortu duena guztiz esaten zuenaren kontrakoa baitzen. Alferrik bi estatu horien botere erakundeen eta gizarteen egitura naziak eta supernaziak, motibo nagusia NATOri ostikada ematea bazen (hori baitzen Errusiari beste erremediorik ez geratzearen zioa). Orain NATO protagonista, zaindari ez bada, Lituaniarena bezala, handiagoa, arma gehiagorekin.
    Eta Bielorrusiak zurezko tankeak paratu omen ditu Ukrainako mugetan; hori ere analista geopolitikoek azal diezagutela…

  • josu naberan 2022-06-24 22:22

    Ez zekiat aski jabetu al zareten OTAN dela Ukrainako eszenatokian nagusi.

    OTANek aukera-mauka aparta du “Ukrainako Gerra” deritzana, izen horrekin III: Mundu Gerra egiatan dena ezkutatzen baita, OTANen eraso orokorraren estrategian.

    Otan Ozeano Barean ere ari da gerran, eta Moldavian, Bielrrusian, Japonian, eta Shangaien, eta leku guztietan, Txina eta Errusia setiatu nahian.

    AEBek, OTANen gidari denak EZIN DU IRENTSI bera ez izatea “America FIrst” eta bakarra. Ezin dau irentsi mundu multipolar Polo-aunitza.
    Bana irentsi beharko du azkenean, ezinbestez.
    EEBBak ez dira lehengoa, bere dolarrak lehiakide boteretsuak ditu, bere armada (eta botere nuklearrak) beste horrenbeste.

    AEB (tio SAM) ez dago orain bere sasoi onenean, baizik eta DEKADENTZIAN (Inperio guztiak baitaukate beren dekadentzia) –

    eta horrexegatik duk, prezeski, hain arriskutsua: bere azken ostikadak emoten dabilelako. Hala uste diat behintzat.

  • Iritzi hau itzultzaile neuronalarekin egin dut. Beraz, gauza batuzk agian trakest itzuliak daude, baina ni ez naiz gai itzulpen jaioak egietko eta baliabide hori erabiltzen dut. Irizi honetan “rusofono-eslaviar” batzuren jarrera aldaketa aztertzen du Errusiarren inbasioaren ondoren. Alegia Errusiazale izatetik ukriniar abertzeleak bihurtzea:
    “Zer gertatu zen Errusiak bere gerra-prestaketak amaitu eta tropak Ukrainara bidali zituenean? Kryvyi Rih, ustez eslaviar ekialdeko elitearen gotorlekua, adibide adierazgarria da. Yuriy Vilkul hiriko alkatea 2010ean aukeratu zuten, Yanukovichen garaipenaren ondoren. Alkatearen semea, Oleksandr, hiriko bi enpresa industrial handiren zuzendari nagusia zen, Rinat Ajmétov Ukrainako gizonik aberatsenari egindako transferentzia polemikoaren une erabakigarrian. Familia horrek hirian zuen botere politikoa sendotzearekin batera, Errusiako eliza ortodoxo ugari eta beste erlijio-proiektu batzuk eraiki ziren, baita bigarren mundu-gerraren memoria historikoaren sobietarren bertsioa indartzen duten monumentuak ere.
    Aktibista nazionalistak eta bertako liberalak sinetsita zeuden elite buruzagia bandoz aldatuko zela tropa errusiarrak agertu bezain laster. Hala ere, Oleksandr Vilkul tokiko administrazio militarreko buru izendatu zuten. Inbasioa gertatu eta gutxira, idatzi zuen: “Lagun maiteok, belaunaldi bakoitzak bere Bresteko gotorlekua du, bere Stalingrado”. Gure jaioterriko metro bat ere ez diegu utziko okupatzaileei. Kryvbas gure atzean dago, ez dugu nora joan. Gure atzean gure familiak eta gure familien hilobiak daude etsaia garaitua izango da.
    Lau esaldi horiek Stalinen gerra garaiko hitzaldiei buruzko bost aipamen baino ez dituzte. Eslaviar ekialdeko identitatea, errusiazaletzat hartutako denbora luzez, errusiar inbasioaren aurkako mobilizazio-tresna bihurtu zen. Tokiko gizarte zibila, ukrainar etnikoa, gogaituta eta noraezean sentitu zen gertaeren aldaketa horren aurrean, baina horretaz pentsa dezaketena alde batera utzita, kontua da errusiarren inbasioaren aurkako erresistentzia modu eraginkorrean antolatzen dela antifaxismo sobietarraren eta fede ortodoxoaren lelopean. Hainbat urtez ukrainar etnonazionalismoaren aurka egon zen eta Euromaidan-en ondoren hiri-espazioaren deskomunizazioaren aurka borrokatu zen agintari politikoak, orain, Ukrainako nazionalismoaren ageriko buruen bisita adiskidetsuak jasotzen ditu eta Errusiarekin zerikusirik duten toponimo guztiak berrizendatzeari ekin dio (izen komunistak ezabatzeak baino aldaketa handiagoak dakartza).
    Zer esan langile klaseaz? Kryvyi Riheko nire lehen informatzaile apolitiko edo ekialdeko eslaviarrek ez dute inbasioari buruzko zalantzarik. Erreakzio sorta txat taldeetako emozio emozional amorratuetatik guda ahaleginean inplikazio pertsonalera doa. Buruzagi sindikal batek laguntza humanitarioa bidali nahi zuten lankide atzerritarrei armak bidaltzeko eskatu die; Donetsketik joandako meatzari batek politikarekiko eszeptizismoa alde batera utzi du eta hiriaren defentsan gogotsu parte hartu du. Adibide asko daude.
    Anbiguotasunaren amaiera?
    Hamarkada askotan, Ukrainako langile-klasearen eta politikaren arteko harremana urrun egon zen, aktiboki antagonista ez esatearren. Politika, bere aldaera eta kolore guztietan, ustelkeriaren eta gezurren domeinutzat hartzen zen. Zer aldatu da? Gauza handirik ez, seguru asko. Errusiaren inbasioarekiko erreakzio unibokoa hain da indartsua, izaera ez-politikoagatik hain zuzen ere: gerraren esperientzia eta hari emandako erantzuna erraietakoak dira, ideologia ustel eta politikoek baldintzatzen ez dituztenak. Aurreko gertakari politikoetan ez bezala, erreal sentitzen da. Eguneroko bizitzako ehunari berari eragiten dio, eta ez da oinarritzen klase intelektual batek baldintzatutako hausnarketa abstraktuetan. Hortik dator inplikazio pertsonalaren maila harrigarria.

    Denys Gorbach doktoratu ondoko ikaslea da Max Planck Sciences Po (MaxPo, Paris) Merkatu Sozietateen Ezegonkortasunaren Ikasketa Zentroan eta irakasle laguntzailea Sciences Po Toulousen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude