Iluntasuneko xuxurlak

Iluntasuneko xuxurlak –

Goizeko zazpi t’erdiak dira haize hotzak aurpegia lehen aldiz laztantzean nire gorputzak dar-dar egiten duenean. Eguzkia badator laino tartetik, baina kaleak hutsik egoteak ere hotza areagotzen dit bufanda atzean ezkutatzen naizen bitartean. Pausoa azkartzen dut ohiko moduan berandu nabilela ikustean mugikorrean eta madarikazioren bat xuxurlatzen dut liburuak besoetatik irristatu nahian hastean.
Bartzelonako Ramblak luze eta hutsik ageri dira goizeko ordu hauetan. Nire gisa presaka doazen pertsona batzuk soilik bistaratzean, ia ez zait ezaguna egiten turistaz beteta egon ohi den kalea ezagutzea. Bixi-bixi noa, agian hotzaren aurka, agian erlojuaren orratzen aurka, nire pentsamenduekin borrokan. Ez da denbora gehiegi pasatzen hotzak baina dardara handiagoa eragingo didan hartan erreparatzen dudan arte. Erdi balantzaka dator nire aurkako norabidean eta berak ere ikusi nau: ahoan marraztu duen irribarrean antzeman diot.

Iluntasuneko xuxurlakPausoa hare gehiago azkartu badut ere, berak ez du niri kasurik egin gabe pasatzeko asmorik. Ia nabaritu ezin den moduan hurbiltzen da, ixil-ixilik. Urruntzen banaiz ere, trikimailuren bat erabiltzen du gure sorbaldak elkar ia uki dezaten. Eta orduan aditzen dut bere ezpainen xuxurla nazkagarria, haizeak baina dardara desatseginagoa eragiten didana, atzera begiratu gabe ahazten saiatzen naizena.

Ez da bat bakarra. Ez dira hitz bakarrak. Ez dira ezpain bakarrak.

Inork desio ez dituen piropoak dira. Inork desio ez dituen xuxurla hotz eta ikaragarriak.

Neska gaztea izanik kalean bakarrik ibiltzeak beti suposatzen du piropo hauetarako prest egotea. Ohituta gaude kalera atera eta iluntasunean hotzikara eragingo digun harengandik urruntzen. Ohituta gaude gorputzaren ikarari jaramonik egin gabe eta atzera begiratu gabe aurrera egiten saiatzen. Ohituta gaude begi beltzen begiradari ihes egin nahian pausoa azkartzen. Ohituta gaude irribarre lizunei ezikusiarena egiten.

Iluntasuneko xuxurlakZenbatek piropoak direla argudiatzen dute, hitz horiek eskaintzen dizkigutelako pozik egon beharko genukeela adierazten digute. Baina ez dira piropoak, edo ez behintzat nik eskatutakoak. Ez dira nire lagunen ahotik ateratzen direnak, kalean nire pausoak jarraitzen dituzten haiek formulatutakoak baizik. Ez dira poeten hitz eztiak, mikromatxismotzat har ditzakegun ekintzak baizik. Ez dira nik eskatutako piropoak.

Kaleetako akosoaren biktima batzuk izugarrizko adorea erakusten dute xuxurlatzailearengana biratu eta pare bat hitz ahotik botatzean. Baina aurre egiteko beldurra da okerrena, inoiz ez baitakizu nolakoa izango den kale batetik atera den mozkorraren erreakzioa edo iluntzero kale izkinatik agurtzen zaituen saltzailearena. Inoiz ez dakizu jaramonik egiten ez badiezu noizbait aspertuko ote diren edo ausardia azaldu eta aurre egitearekin ohiturari amaiera emango dion.

Inpotentzia. Inpotentzia da beldurra gainditzen duen sentimendua. Ixilik geratzea hobe dela erabakitzen duzun unea. Orri zuri batean izkiratzea erabakitzen duzun arte.

Iluntasuneko xuxurlak
kalea, mikromatxismoa

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude