Ikusnahia zara?
Ikusnahia zara? –
Pertsonak gara azken hitza gure eskuan ditugun izaki bakarrak. Mendeak pasa ahala lortu dugun boterea egundokoa izan da, egun, behintzat, planetako legeei dagokienez, haiek neurri handi batean menperatzea lortu dugu. Pertsonek egindako aurrerapenei eta ikerketei esker, Izadian aurki ditzakegun fenomeno gehienen funtzionamendua, nolabait, estalgabetu egin dira. Makina batek osatzen dituzten pieza guztiak ezagutuz gero, makina hori nola dabilen jakiteko gai gara; Lurrarekin gertazten den eran. Noizbait pentsatu al duzu zerk eraman gaituen pieza horiek ikertzera?
Adimenaren garapenaren eskutik kuriositatea aurkeztu zitzaigun gure bizitzetan, gure arbasoen bizitzetan, hobeto esanda. Aurrerapausu gehiago egitera bultzatzen gaituen horrek, gure garun-ahalmena handitzen duen hori ukitu nahi dut. Nire uste apalean, kuriosiateari leporatu beharko genioke burututako aurkikunde guztiak, egunero egiten ditugun ekintza guztiak. Bizpahiru adibide jarriko dizkizut esandakoa hobeto uler dezazun. Erruletan jolasten ari den gizon batek, nahiz eta diru ugari galdu izan, txanponak sartzen jarraitzen du. Zergatik? Diru gehiago lortuko duen jakiteko nahia duelako. Nerabe lodi batek bere dieta aldatzen du, nahiz eta gogoko ez izan, beste neskak bezain argal egoteko. Zergatik? Gorputz horietako batean bere burua nola sentituko den jakiteko. Mutiko batek ama prestatzen ari den patatak, nahiz eta oraindik bero-bero egon, hartu eta jaten ditu bere ahoa errez. Zergatik? Zaporearekiko ikusmina duelako.
Jakin badakit etsenplu horiek guztiak ez direla aurrerakuntzen adibide, alabaina erakusten digute zerk mugiarazten dituen pertsonak. Suaren aurkikuntzatik, mementoan puri-purian dagoen smartphonera arte, historian zehar jakinminaren erabilera onak gaurko egoerara eraman gaitu. Ziur nago aintzatetsitako pertsonaia guztiak, hala nola, Einstein, Felix Hoffman edo Thomas Edison, kuriositatez beteta zeudela. Ezbairik gabe, pertsona horiek guztiak adimen miragarriak zeuzkaten, alabaina, adimen horiek martxan jarri baino lehen, haien inguruko aspektuei buruzko galderak (bakoitzak bere ikasketa arloari zegokionez) egiten ari ziren; pieza guztiak banan-banan aztertzeko ahalegina egin zuten haien kuriositatea ase zedin, ziur nago.
Jakingura, jakin-gosea, ikusgura, eta hainbat eratan izendatu dezakegun hori da pertsona guztiak bereizten gaituena, pertsonak egiten gaituena.