[#katU1] Som Defensores, eskubide urraketei adi

[#katU1] Som Defensores, eskubide urraketei adi –

Katalunian herri oso baten borroka baketsuaren lekuko gara egunotan, eman beharreko urratsak argi dituen herri batenak. Som Defensores erakundeak, esaterako, izaten ari diren eskubide urraketak jaso ditu, nazioartean salatzeko asmoz.

Giza Eskubideen aldeko erakunde ezberdinen arteko elkarlanetik sortu zen duela aste pare bat aste Som Defensores, Iridia elkarteko zuzendari Anais Franquesa Grisok adierazi digunez. Kataluniako kazetarien elkargoko “terrazan” elkartu gara berarekin, eta indarkeriaren aurkako Novact elkarteko kide Jordi Palou-Loverdosekin; abokatuak dira biak ala biak, eta Som Defensoreseko kideak.

Som Defensoresen aburuz, urriaren baterako erreferendumaren aurrean Estatu espainiarrak hartu dituen erabakiek atzera pausu nabarmena ekarri dute giza eskubideei dagokionez. Salatu dutenez, neurriz kanpoko erantzunak izan dira, eta Espainiar Konstituzioaren eta nazioarteko legedien gainetik hartutakoak; errepresioaren bidez kataluniar jendartea beldurtu baino ez dute nahi izan, funtsezko eskubideak urratuz: bidezko epaiketa bat eta abokatuen laguntza izatekoa; norberaren elkarrizketa pribatuak, bizitokia eta intimitatea bortxatua ez izatearena;  informazio eta adierazpen eskubidea; eta elkartu zein manifestatzeko eskubidea.

Atzo Bartzelonan egindako prentsaurrekoan, erakundeak txosten bat aurkeztu zuen, irailean zehar izan diren urraketa guzti hauek jasotzen dituena. Eta astebururako asmoak ere agertu zituzten.

Lehen aldiz, protesta kontextuan eman daitezkeen eskubide urraketan behatzaile taldea antolatu dute, guztira 70 kidez osatua. Gaur hasita, elkarretaratze eta mobilizazio guztietan parte hartuko dute behatzaile gisa, koratilo bereizgarriz jantzitako hiru laguneko taldetan -batez ere Bartzelona inguru metropolitanoan-. Batek kamera bat eramango du urraketak gertatuz gero grabatzeko, beste batek informazioa banatuko du, eta hirugarren batek urraketak salatuko ditu. Kaleko behatzaileez aparte, Som Defensores erakundeak hogei abokatu inguru ditu lanean, atxiloketarik gertatuko balira ere.

Som Defensoresek gida bat argitaratu du, lege aldetik indarkeria poliziala edo atxiloketa bat gertatuz gero nola jokatu behar den azaltzen duena.

Adibidez, gogorarazi dute poliziak ez duela grabatutako irudiak erakusteko edo ezabatzeko eskatzeko eskubiderik, zigortu daitekeena, edozein kasutan, irudi horien erabilera baita, eta ez grabatzea.

Lafede.cat atarian aurkituko duzue guzti honi buruzko informazio gehiago.

[#katU1] Som Defensores, eskubide urraketei adi[#katU1] Som Defensores, eskubide urraketei adi

ZUZEUko erredakzio kide