Huntza: arrakastan gora!

Huntza: arrakastan gora! –

Bilboko kaleetan kokatzen gara, zehazki, 2014 urtean. Ez dakit urteko zein hilabetea den, ezta hilabete horretako hilaren zein egunean garen, baina, badakit asteko zein egun den, osteguna hain zuzen. Eta ez hori bakarrik, beste gauzaren bat badakit ere, gaua da, eta asteburua ez izan arren, kaleak jendez beterik daude, noski, trikipoteo eguna baita . Kaleetako giroa nahikotxo animatuta dago, izan ere, “Eguenero” elektrotxarangak musikaz gozatzeko aukera ematen baitu.

Horrelako ostegun gauetan eta Eguenero elektrotxarangan elkar ezagutu eta elkarrekin parrandaz eta musikaz gozatzeko asmoa izateagatik, unibertsitate giroan elkartutako gazte batzuk, musika talde bat sortu zuten, gaur egungo talde ospetsuenetarikoa. Alegia, bizi-bizirik dugu ez da gazte garaiko kontu iragankor hutsa.

Huntza taldea, Gipuzkoako herri desberdinetatik datozen sei gaztek osatu zuten, eta guztiek helburu berbera jarraitzen zuten, haien musika, Euskal Herriko leku guztietan zehar zabaltzea. Dagoeneko, gaur egun, helburua lortuta daukate.

Huntza: arrakastan gora!
Hemen Huntzako taldekideak ditugu ikusgai.

Taldekideek musika arloan esperientzia zeukaten taldea sortu aurretik. Batetik, Josune Arakistain taldeko trikitilaria eta ahotsa, 2013 eta 2014-ko Euskal Herriko Trikitilari Gazteen txapelketako irabazlea izan zen, eta, ez hori bakarrik, herri desberdinetako plazetan zehar bere gaitasuna erakusten eta entzuleei gozatzeko aukera ematen zien. Bestetik, taldeko beste neska, Uxue Amonarriz, taldearen beste ahotsa eta panderoa jo arren, aurrekoak bezala trikitixa jotzen du txikitatik. Taldeko mutilei dagokienez, taldeko biolin jolea, Aitor Huizi deiturikoa, taldea sortu baino lehen, beste hainbat dantza eta herri-musikako taldeetako partaidea izan zen. Eskisabel anaiak, Aitzol, gitarralaria, eta Inhar, baxua jotzen duena, biak Indarra taldean ibili ziren. Eta azkenik, Peru Altube, bateria jolea, gaztetan perkusioaren munduan murgildurik egon zen eta Garraxi taldearen kide izan zen. Orain, The Potes taldean dihardu ere. Hainbeste esperientzia elkarbanatzen denean, indarra eta lilura berezia daukaten abestiak sortzen dira.

Huntza: arrakastan gora!Denok entzun izan dugu Aldapan gora abestia, 2016ko azaroan argitaratu zutena, eta arrakasta handia izan zuena. Hain handia izan zen lorturiko arrakasta, non. jadanik euskarazko bideoklipik ikusiena den, ia 7 milioi ikustaldirekin. I-K-A-R-A-G-A-R-R-I-A. (Esne Beltza, Berri Txarrak, Zea Mays, Gatibu, Vendetta… inork ez du lortu horrelakorik, nik dakidala, behintzat)

Oraingo hon etan 2016ko martxoaren 6an kokatuko gara, taldeak bere lehen agerpena egin du, Harro gaude abestia abestu dute lehen aldiz. Kanta honek, oholtza gainera salto egin zuten lehen emakumeak omentzen ditu.

Agerraldi hau, kontzertu askoren abiapuntu izan zen Izan ere, jada bi disko dituzte, lehenengoa 2016an atera zutena, Ertzetatik deitzen dena eta 12 abesti biltzen dituena, eta bigarrena Lumak deiturikoa 2017koa eta bi kantu dituena.

Badirudi talde hau hasi zenetik aldapan gora egin duela eta ez duela iñundik iñoare bidean gelditzeko asmorik. Euskaldun guztiok harro gaude horrelako musika taldea izateagatik. Kontzertuak amaitzean guztiok beste bat abesteko eskatzen diegu, eta nola ez! Ipuinetan bezala, beste mundu batean murgiltzen gara haien abestiak entzutean, nahitaez, dantzatu, abestu eta parranda disfrutatzen dugulako. Ez hori bakarrik, talde hau hasi zenetik aldarrikatzailea dela erakutsi dute, parrandaz haratago doaz...

Huntza taldearen nondik norakoak aztertu ondoren, egoki iruditu zait taldeko kide batekin harremanetan jartzea, bertatik bertara ezagutzeko haien bizipenak eta ikuspegia artista moduan. Ez da erraza izan oihartzun hain handia duen talde batekin harremanetan jartzea. Horrelako taldeek manager edo kudeatzaile bat izan ohi dute. Kasu honetan, bere laguntza eta inplikazioari esker, Aitor Huizi biolin joleari galdera batzuk bideratu dizkiot.

Olatz Ruiz de Zarate: Huntz (gaztelaniaz: hiedra, frantsesez: lierre) hostoak 6 ertz ditu eta zuek 6 taldekide zarete. Huntzak beti pareta edo zuhaitzetan gora doa. Ezagutzen al du publikoak bitxikikeria hau?

Aitor Huizi: Neronek ere ez nekien sei ertz zituenik! Guk erabiltzen dugun iruditxoak 3 ditu, eta taldean bi biologo baditugu ere, ni ez naiz horietako bat eta uste dut agerian gelditu dela… jejeje!

O R Z: Aitor, zu biolina jotzeaz arduratzen zara. Esan ohi dute, biolinak tristura eta lasaitasuna sorrarazten duela. Zuen kasuan, ordea, erritmo bizi-bizia duzue, eta freskotasuna transmititzen duzue. Beraz, zure biolinak indarra eta sendotasuna sentiarazten digu. Ez al duzu uste?

Aitor Huizi: Ni behintzat horretan saiatzen naiz. Egia da biolinak, instrumentuak berak duen soinuagatik, agian baduela gaitasun berezia tristura edo lasaitasuna transmititzeko, baina indarra ere transmititu dezakeela uste dut, edo gutxienez hori sinestu nahiko nuke, jejejeje. Iruditzen zait biolina gutxiegi ikusten dela egungo “modako” musikan eta are gutxiago parranda giroko musikan, eta hori aldatzeko lana biolinjoleok daukagula.

O R Z: Publikoa dantzarazten duzue. Nola bizi duzue eszenatokitik alaitasun hori?

Aitor Huizi: Gure musikak jendea dantzan jartzea sekulakoa da, erakusten baitu zentzu batean lortu dugula nahi genuena, alegia, jendearengana iristea, musikaren bitartez barrenak astintzea. Zentzu horretan gogobetetasun bat badugu, eta horretaz gain, plano pertsonalean, oso atsegina da ikustea jotzen ari zaren musika hori jendearen gustukoa dela. Aurrera jarraitzeko arrazoi handi bat da.

O R Z: Ohiko galdera egin behar dizut. Gehiago ligatzen al da talde arrakastatsu baten kide izanik?

Aitor Huizi: Akaso kontzertuaren egunean bertan, jo eta gero tragoren bat hartzen gelditzen bagara, jende gehiago hurbiltzen zaigu, hitz egitera gehienetan. Hori agian bai. Baina hortik ligatzera… Gainera, askotan kontzertuaren ondoren gauzak jaso eta alde egin behar izaten dugu, eta eszenatoki gainetik norbait “fitxatu” baldin badugu ere, saiakerarik ere ezin izaten dugu egin…

O R Z: 6 kide zarete. Nor arduratzen da konposizioaz? Eta nor letraz?

Aitor Huizi: Konposizioan lan nagusia Josunek du (trikitixa eta ahotsa): berak sortzen du kantu bakoitzaren “eskeletoa”. Ondoren denon artean janzten joaten gara, bakoitzak bere instrumentuarekin ekarpenak eginez, baina lan eta meritu nagusia Josunerena da. Letren kasuan, aldiz, batzutan Josunek egiten ditu eta beste batzuetan ezagunen bati eskatzen dizkiogu, gehienetan bertsolariei. Nohizbehinka taldekideon artean ere sortzen dugu letraren bat.

O R Z: “Aldapan gora” abestiaz hautsak harrotu dituzue.Ondorioz, langa altua jarria duzue ondorengo lanetarako. Ez al duzue bertigo sentsaziorik izan sortu duzuen burrunbarekin?

Aitor Huizi: Bai, eta ez. Egia da “aldapan gora”k maximo bat markatu duela, eta agian batzuek beste “aldapan gora” bat espero dutela. Alderdi horretatik bai, langa nahiko altu dago eta presioa antzematen dugu. Baina guk argi dugu gure musika, guri gustatzen zaiguna, egiten segi behar dugula, eta entzuleek erabaki beharko luketela ea sortzen dugunak langa hori gainditzen duen edo ez. “Aldapan gora” inork ezagutzen ez zuen talde batek atera zuen kanta bat izan zen, ezer galtzekorik ez zuena. Orain, aldiz, exigentzia bat dago, eta ondorioz hemendik aurrera kaleratuko duguna kaleratuta ere ez da lehengo “boom” bera izango. Alde horretatik lasai gaude, eta argi dugu gure lana kantak sortzea dela, eta kontzertuak ematea. Beste “aldapan gora” bat etortzen bada ongi etorria izango da, baina ez gara horren bila joango.

O R Z: Zuk pertsonalki, Aitor, zein amets eta ilusio dituzu? Zer ibilbide egin nahiko zenuke musika esparruan?

Aitor Huizi: Huntzarekin lanean jarraitu nahiko nuke, taldearekin jotzen izugarri gozatzeaz gain taldekide eta gainerako lankideak asko maite ditudalako. Taldeaz gain, ni oso folk- eta trikitixa-zalea naiz, eta ildo horretatik gehiago “salseatu” nahi nuke… baina batez ere eszenario gainean orain arte bezala gozatzen jarraitu nahiko nuke.

Huntza: arrakastan gora!