Hoa hi ere dantzara
Hoa hi ere dantzara –
2021eko abenduak 3
Kaixo, adiskide!
Zer moduz habil? Zer dion? Aspaldian gero eta gutxiago ikusten haut kaleetatik paseatzen. Larritzen hasia naun. Hori dela eta idazten dinat, urteroko legez, baina inoiz baino garrantzi handiagoarekin.
Egia dun bizi ditinagun garaiotan ez dela erraza bizitzea. Nik ere bazekinat hori. Ez dinagu aukerarik kalean gozatzeko eta jolasteko, maitatzeko eta musukatzeko. Gaur egun, ezin ditinat hire ezpainak mugitzen ikusi lehengo jariotasunarekin, hik bakarrik dakin bezala, hire edertasun propioarekin. Noizbehinka nabari zezakenat ahoa estaltzen din ohialaren azpian mugimendua, baina ez dirudin hi haizenik. Nekatuta ikusten haut, gogorik ez bahu bezala. Baina ezin dun hala jarraitu, indarrak atera behar ditun. Bazekinat orain euria ari duela, baina, goitik behera busti hauten euri tanten aurrean etsi ezean, ikusiko ditun berriz ere eguzki izpiak sortaldetik irteten.
Bestalde, ondo ezagutzen haut. Hi ez haiz harri txintxor batekin estropezu egiten duten horietakoa. Hiri zerbait gehiago gertatzen zain. Zer dun? Esaidan, arren, eta lagunduko haut! Teknologiena akaso? Gazteek mugikorra diten eskuetan, baina ez haute ahaztu! Ziur naun desiratzen daudela hi euren eskuetan ikusteko. Txikia haizela? Bai zera! Ez ezan txorakeriarik esan! Hire bat hirurogeiak ez din hire handitasuna neurtzen, hire altuera baizik. Hik zerbait nahi badun ez dun hire helmugatik bereiziko din oztoporik. Oinez ezin badun egin, joan hadi hegan eta iritsiko haiz.
Orriaren marjinetara heldu aurretik, badun esan nahi dinaten beste gauza bat: bizi izan ditun guztien ondoren bizirik iraun behar dun. Kristalezko lehio batek ezin din opakua izan. Baliabide bat izan behar din, lehiora hurbildu eta ozen oihu egiteko. Entzun bezatela esateko dinaguna. Ahoak estaliko zizkiguten, baina guk gure esanbeharrak esango ditinagu. Isolatu egingo gaitizten, banaturik, bakarka. Baina inoiz baino lotuago egongo gaitun. Inoiz baino gehiago hitz egingo dinagu. Inoiz baino gehiago maitatuko gaitun. Eta agian inork ez zigun entzungo. Eta agian isilaraziko gaitizten. Eta, orduan, gu ez gaitun isilduko. Eta inoiz baino ozenago oihukatuko dinagu.
Orain dun hire garaia. Orain dun kalera irteteko garaia. Euria egingo din eta goitik behera bustiko gaitun, baina ahoak dantzan ikusiko ditinagu. Alaitu ezan aurpegi hori eta hoa hi ere dantzara. Hoa eta ikusiko dun hik ere hire ahoaren dardara. Sentituko dun emozioen eztanda. Berpiztuko haiz Fenixa bezala. Eta maiteminduko gaitun berriz ere.
Hi berriz zoriontsu ikusteko irrikitan.
Hoa hi ere dantzara