Hizkuntza
Hizkuntza
Jule Goikoetxeari “Otorduak” saioan egindako elkarrizketan bada asko gustatu zaidan eta zer pentsatua eman didan esaldi bat: “Inork ez du sinisten euskal estatuan“. Eta hitz multzo honi esker (edo erruz) ekarri nahi izan dizuet hain zuzen ere hizkuntzaren inguruko hausnarketa txiki hau, orain arte hausnarketa bakartia izan dudana kolektibizatu nahian.
Esaldi hau gora behera, neure buruarekin solasean, hizkuntzaren garrantziaz jabetu naiz beste behin, hizkuntzari atera dakiokeen baliagarritasun ikaragarriaz, goiko esaldiari hizkuntzaren erabileran ikusten diot-eta oinarria. Eta hausnartzen hasi, eta berehala datozkit adibide batzuk. Amorrua sentitzera ere iristen naiz, izan ere, eta hasieran aipatutako esaldia berriro hona ekarrita, ez dut uste euskal estatua denik irudikatzen ez dugun gauza bakarra… Segituan ikusiko dugu zergatik diodan hau.
Hasteko, mundua pikutara omen doa. Ozono geruza dela, sakelakoak, tabletak edota ordenagailuak direla, kutsadura dela… baina ez dugu erantzuleengan benetan sinesten, teorikoki bai kasu batzuetan, baina ez beti. Bestela behitu oso orokorrak diren aditzok: ESTAMOS; los humanos SOMOS… Sartu egiten dugu geure burua erantzuleen saku berean, saku bera elkarbanatuko bagenu bezala… PERTSONOK ez, pertsona batzuk! Baina noski, hau oso ondo datorkie erantzuleei, horrela, sinesten baitugu erru zati handi bat ere gurea dela… Desodorante bote horiek erabiltzeagatik adibidez…
Jarraitzeko, ez dugu sinesten badaudela berez, izaki bizidun arrazionalak garen heinean, dagozkigun zeregin/aukera batzuk, beste izaki bizidun arrazional batzuk kentzen dizkigutenak.
Duela urte bat-edo, Nekane Jurado ekonomilariak, Barakaldoko Gure Esku Dagok prestatu zuen hitzaldi batean, esan zuen “eskubide” dela kendu diguten hori. Adibide praktiko eta ulergarri bat eman zigun:
Demagun goizero esnea edaten dugula. Ekintza honi ez genioke “eskubide” deituko. Goizetan esnea edatea debekatuko baligukete, baina, “esnea edateko eskubidea” aldarrikatzen hasiko ginateke… Hau da, eskubidetzat ez genukeen zerbait, eskubide bihurtuko genuke.
Kontura gaitezen, beraz, pertsona batzuk nola ikusiko duten eskubidearena… Gehigarri posible moduan. Kasu honetan ez dut uste kontzeptua bera denik aldatu behar dena, baina argi jokatu behar dela eta terminoa adimentsu azaldu behar dela bai, esango dut.
Internazionalistak jartzen garenean, bestalde, gerra eta guden inguruan hitz egiten hasten gara, munduan gertatzen diren sarraskien inguruan hitz egiteko. Beste batzuk egiten dituzten “hizkuntza barrabaskeriak” zaintzen ditugu, bai, baina hau, askotan, ez. “Konfliktoak” gora behera. Ez dugu herritxoetatik egin dezakegun hizkuntza presioan sinesten. Ez eta hizkuntzak burmuina eraldatzeko duen gaitasunean ere.
Gogoratu nahiko nuke orain gizonezko lehenengo mailako futboleko euskal selekzioak jokatu zuenean ETB1en ikusi nuen Joseba Etxeberria futbolari ohiaren adierazpena. Hurrengo urteetan ere halako partidak jokatzen jarraitzeko nahia adierazi zuen… Hau da, gabonetako turroia izaten jarraitu nahi du.
Baina ez da Joseba Etxeberriaren kontua bakarrik, zenbat aldiz entzun ote dugu “hurrengoan (…)” hemengo manifetan, autofinantziazioa edo diru laguntza helburu duten ekitalditan, e.a.? Zaila dugu burutik kentzea “hurrengo” hori… Hots, zaila dugu geure buruari sinestaraztea beharbada ez dela hurrengorik egongo. Hala ere, onartu beharra dut, noiz edo noiz belarriak “alaitzen” dizkidan halako ahots bat entzuten dela urrunean: “Beno, espero dezagun hurrengorik ez egotea!”.
Ez dakit ondo sartuta ote dagoen burmuin guztietan borrokatzen diren gauzak “zoritxarrez” borrokatzen direla, eta ez “zorionez”.
Lasai oraindik! Badut-eta azken adibide bat!
Jo dezagun suteetara, orain gutxi arte eguneroko notizia izan dira gainera. Suteren batean pertsonarik ez, baina inurriak, ahuntzak, ehundaka landare eta zuhaitz hiltzen direnean, “zorionez, ez da hildakorik egon” entzuten dugu albistegietan. Eta onartu bakarrik ez, erabili ere egin ohi ditugu halakoak. Zehaztu gabe ze bizidun mota ez den hil. Normala gero kaleko pertsona xumeok munduaren ardatz sentitzea. Bizidun bakarrak bagina bezala.
Ez dugu benetako mundu hobe batean sinesten.
Porrotxi entzun nion gehiagotan jarri beharko ginatekeela itsasoaren aurrean itsasoa berari begira, ikusteko ez garela bakarrak munduan, eta bizitza asko dugula inguruan. Arrazoi osoa.
Edo ez dugu sinesten, edo gauza asko ez ditugu nahi bezain barneratuta…!
Laburbilduz, uste dut esan dezakegula egunerokoan darabilgun hizkuntza salati hutsa dela, oso dela garrantzitsua zer eta nola esaten den, eta hizkuntza borroka tresna bat denez, zukua ateratzen jakin behar zaiola, halabeharrez. Begira diezaiegun bestela Pirritx, Porrotx eta MariMototsi. Hizkuntza darabilte tresna nagusi moduan, pedagogia eta ikasgaiak hitz egiteko moduan baitaude, esaten dutenean… Hori bai, sinesten dute irudikatzen duten koloretako munduan! Eta orokorrean, nago ez garela oso “sinestunak”…
Azkenik, ezin aipatu gabe utzi txalogarriak bezain eredugarriak iruditzen zaizkidan antolakunde, bilgune… feministetatik iritsi zaizkigun “autodefentsa” moduko kontzeptuen erabilpen eta azalpenak, erakusten baitigute ez direla inondik inora gauza bera askok sinonimotzat izan ditzaketen kontzeptuak, hala nola “biolentzia” eta “autodefentsa”. Jarrera hau da, beraz, bidea!
Baina… txaloak emateari utziko diot (eta banoa!) hizkuntzaren berrantolaketa nahia eta ikuspegi kritikoak (Soziolinguistika feminista, e.a.) aipatu eta gero.
Ea bada hausnarketa honetan laguntzen didazuen!