Hitzez hitz, pausoz pauso
Hitzez hitz, pausoz pauso –
Idazten jakitea dohain bat da. Paper batean pentsatzen duzuna irudikatzea, zeure ideiak hezurmamitzea, hortaz, zu hemen ez zaudenean besteen eskueran egon dadin. Nire uste apalean, hori lortzen duenak dohain miragarri bat du.
Gure mundua idazkietan oinarritzen da; Konstituzioak, Biblia, gutunak, testamentuak… Horiek guztiek gu egon baino lehen, mundua nolakoa zen jakinarazten digute, eta, haiek egongo ez balira, nola utziko genuke gure bizitzan zehar egindako ibilaldiaren arrastoa? Egiptoko tenpluetako hormetan dauden idatziek plazaratzen digute antzinako egiptoarrek zer nolako bizimodua zeramaten; ebanjelioek kontatzen digute zer nolako eragina sortu zuen garaiko Jesus izeneko gizon batek; Gabriel Arestik idatzitako Azken harria-ko bertsoek erakusten digute mementoko gizarte-errealismoa, etab. Historiak pixkanaka-pixkanaka aurrera egiten du; gure esku dago ea historia horretan, nolabait, egon nahi dugun ala ez, etorkizunekoentzat gure izenak, idazkien bidez, ezagunak izan daitezen.
Idazleak duen beste abantaila bat hartzailearen erreakzioa bat-batekoa ez dela da, non hartzailea irakurle txarra ez den. Irakurle on batek testuaren edukia leituko du, bukatu arte iruzkinik eman gabe. Behin amaituz gero, ziur nago zerbait halakoa gaineratuko duela: “Ez dago gaizki”, zerbait esatearren. Idazten jarraitu ahala, agian “bikain dago” bat lortuko du, begirada harritu batez lagunduta. Memento horretan, idazlearentzat idaztea bizio berri bihurtuko da, ordurako ez baldin bazen, behinik behin.
Izan ere, idazleek hitzekin jokatzeko ohitura hartzen dute, paper gainean ez ezik, eguneroko bizitzan ere, elkarrizketa xume bat graziaz hornituz. Hitzen botereaz eta haien arteko loturaren garrantziaz jabetuz gero, zeure barneko ideiak kanporatzeko trebetasuna izango duzu; egia esanda, trebetasun guztien artean, hori gorengoa delakoan nago. Tintaz mozorrotutako emozioak eta sentimenduak; paragrafoz eta bertsoz kamuflatutako ideiak besteen gogo-aldarteak alda ditzaketela jakitea dohain bat dela uste dut. Ez dakit nik dohain hori dudan ala ez, jakin dakidana nire bizitzan zehar hura garatu nahi dudala da, zahartzarora ailegatzean, nahiz eta ni hemen nire iruzkina plazaratzeko ez egon, utzitako aztarnak nire ni ohiaren gogoeta nolakoa zen erakusteko, nire bizitza ohi horretako bidetik hitzez hitz, pausoz pauso beste pertsona bat ibili ahal izateko. Nire izanaren liburutegia irakurri ahal izateko.