Gaztaro | Gaztetasun | Gaztedi

Gaztaro | Gaztetasun | Gaztedi –

Gaztaro | Gaztetasun | GaztediSilvio Berlusconi hil zen. Goian Bego, bai, bai eta formalismo hori dena… Baina ni ez nator Berlusconiren ibilbide politikoari buruz hausnarketa egitera, bere itxurari erreparatuko diot. Oso deigarria zelako, 90 urte izanda zuen itxura. Urrunetik, demagun, 10 metrora edo gehiago 90 urte baino, 50 urte zituela zirudien: ile zuririk ez, apenas zimurren bat lepo aldean, hortz perfektu zuri-zuriak… baina zerbait arraroa, susmagarria, ez ote zuen, ba? Irribarre fortzatua, artifiziala bailitzan.

iiiiiih, argashkia atera dute ja? Joan naiteke esertzera, nekatuta nago.” Ahots ahul eta pausatu batean esan beharko zuen. Izan ere, 90 urterekin gaztetasunaren azken zantzuak aspaldi desagertuak daude. Baina, antza, gaur egun, dirurik baduzu, plastikozko panpin-maniki baten itxura ederra lortu ahal duzu. Botox pixka bat hemendik, lifting saio bat honaino, tinte pitxer oso bat ilean isurita -ilerik ez badago, ile artifiziala esku-eskura dago baita ere-, titaniozko hortzak profiden zuri distiratsuan bilduta, eta ortoeskeleto bat traje azpian mugitzen laguntzeko… eta listo! 40 urte gutxiago.

Gaztetasuna gaur egun kirofanoetan salgai dago. Ez da merke aterako, baina milioika euro kontu korrontean (edo nire lagunak esaten duen bezala, “cuenta NO corriente”) baduzu, eta ez badakizu zertan gastatu, aspertuta bazaude leku batetik bestera zure hegazkin pribatuan joaten, zure Miamiko mantsiotik, MonteCarlo-kora joaten eta hortik Milan erdiko duplex zoragarri horretara; garajean dagoeneko nahiko Ferrari eta Mercedes duzu… Laburbilduz, ez dakizu zertan xahutu. Zure bizitza pribilejioz beteta dago eta horrela izaten jarraitu nahi duzu. Horregatik, gaztaroa eta gaztetasuna luzatu nahiko zenuke ad infinitum.

Oh, Silvio! Baina zu ez zara bakarra! Zu, ospetsu zerrenda luze batean bat gehiago baino ez zara (edo zinen). Eta zerrenda ospetsutik kanpo, ez-ospetsu baina nabariki eta nazkagarriki aberatsak direnen zerrenda are luzeagoa da. Ospetsuenen artean, nola ez aipatu Madonna, Donatella Versace, Mickey Rourke, Belen Esteban…

Denek dute zerbait amankomunean. Ez dute beren zahartzea onartzen. Bere gaztetasuna betikotu nahi dute. Uste dute diruarekin hori ere erosi ahal dutela. Baina denboraren iragatea gupidagabea da. Guztioi eragiten digu eta heriotza dugu bidearen amaieran, txiro edo aberats, horretan denok berdinduko gaituena.

Gaztaro | Gaztetasun | Gaztedi

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude