Futbola eta koloreak
Futbola eta koloreak –
Egun hauetan asko hitz egin da futbolaz eta koloreaz eta ez nahi genukeen zentzuan hain zuzen ere. Futbola koloreei lotuta bakarrik existitzen eta ulertzen da, baina kamisetetako koloreek bakarrik hartu beharko lukete titularretako protagonismoa, eta ez azaleko kolore desberdinek.
Tamalez, azkeneko berriek futbolaren aurpegirik itxusiena erakutsi digute. Futbol zelaian oso erraz ateratzen dira zaleen ahoetatik kalean esango ez lituzketen irainak eta hori eguneroko kontua izan ohi da. Baina tarteka, irain horiek xenofobia estruktural bat ezkutatzen dute eta garrantzitsua da erreflexio puntu bilakatzea futbolari gauza gehiegi baimentzen dizkion gizarte honetan. Denok dakigu nolako keinu itxusiak egiten dituen Vinicius Jr-ek bisitatzen duen zelai bakoitzean, baina horrek ez du justifikatzen Erdi Aroko ideiak dituzten pertsonek “tximu” deitzea jokalariari.
Hala ere, interesgarria da Real Madrileko jokalari bat biktima denean sortzea nazioartean sortu den oihartzun hau, eta ez urteetan zehar hainbat taldeetako jokalari xumeek salatutakoan. Interesgarria da baita ere xenofobia hitzak hainbat egunkariko azaletan agertu izana, matxismo hitzak isilpean geratzen diren bitartean. Aurreko egunean sare sozialetan hurrengoa irakurri nuen:
Osasunako jokalari den Karolina Sarasolak bere sareetan salatu zuen hainbat irain jaso zituela partidu batean, eta ez zela egun hartako kontua bakarrik izan. “Si metes la falta, cuando salgas te violamos” “puta” “qué coño haces aquí, vete a fregar” “búscate un marido”. Esaldi hauek eguneroko ogia dira futbolean jolasten duten emakumeentzat, baina salatu arren matxismoaren erakusgarri diren hitzek ez dute halako oihartzunik edukitzen. Eta lehenengoa oso larria da, baina bigarrena ere bai.
Halaxe funtzionatzen du futbolaren munduak: diskriminatua izanik ere pribilegio handiagoa du Real Madrilen jolasten duen mutilak talde txiki batean (edo handi batean) jolasten duen neska batek baina. Egunero gertatzen dira injustiziak futbolean, kiroletan eta kaleak, baina egunaren amaieran diskriminazio guztiek ez dute kondena berdina izaten gizartean.
Eta hala ere, injustizia guzti hauek kontuan hartuta ere, futbolean koloreak sentitzea gauza izugarria da. Koloredun kamiseta batengatik bortizkeriak esaten edo egiten dituztenak existitzen badira ere, koloredun kamiseta batek oso sentimendu politak sortu ditzake. Futbola garbituko balitz, zuzenduko balitz eta zainduko balitz, denok gonbidatuko zintuzketet kirolari aukeratxo bat ematera.
Oso polita da kolore txuri-urdinak soinean emanda munduari bira ematea, hegazkin bat hartu eta Erromaren estadioan “Txoriak txori” abestea bufanda eskutan hartuta, edo Bartzelonako Camp Nou-en “Aitor Zabaleta” eta “Ikusi mendi zaleak” oihukatzea, ia eztarririk gelditzen ez zaizun puntura arte. Aurrekoan Camp Nou-en izan ginenok, sekula ahaztuko ez dugun eguna igaro genuen. Anaiak Milandik bidaiatu zuen bere ametsetako taldea ikusteko aukera baten bila eta goiz goizetik kamiseta txuri-urdina jantzita hiria zeharkatu genuen. Futbol zaleak jatorrak dira orokorrean, kaletik kamiseta atzeman zutenen animo hitzak besterik ez genituen jaso. Futbol zelaian berriz, goiko puntako gradetan eserita denok ginen lagunak. Partidu amaieran besarkadak eta emozio malkoak besterik ez ziren existitzen txuri-urdinon artean. Gizon batek guztiz emozionatuta aitortu zigun duela 32 urte, Realak azkena Bartzelonan irabazi zuenean, bere aitarekin ikusi zuela partida, eta oraingo honetan bere semearekin bizitzeko aukera ez zuen galdu. Denak ginen lagun, denak ondoko herrikoak, denak senide. Besarkadez josi ginen partidu amaieran eta ospatzen jarraitu aurretik etxetik jarraika zeuden haiei deia, pozez josita.
Futbola hau ere bada, irabazi edo galdu egunero sentimendu berezi bat sortzen dizun kirola, koloreek sortzen dizuten sentimenduaren errusiar mendia. Futbola da futbol zelaian sartu eta inguruan dituzun pertsona guztiak zure familia bilakatzea, pozez eztarria uztea eta galduz gero hurrengo partidarako prestatzea. Futbola da hainbat urteren ondoren Errege Kopa irabazi eta aitak txanpain botila irekitzea, denon begiak malkoz beteta daudela.
Eta oraindik gauza asko dauzka konpondu beharrekoak, ustelkeria, arrazakeria, homofobia eta matxismoa ez baitira egun batetik bestera desagertzen, baina bitartean Txapeldunen Ligarekin amets egiteak sortzen duen zirrarak balioko digu.
Eharra!
Gizartea honetan dena kontrolatu nahi da, dena fiskalizatu. Futbolak hunkitu, amorratu, zoratu, aztoratu, eta beste hainbat sentimendu sortarazten duen kirola izanik, batzuetan lekuz kanpo dauden adierazpenak dakartza. Eta hau, erabat desagertzea, oso zaila da, sentimenduei buruz hitz egiten gabiltzako.
Nire ustez, konponbiderik onena, FUTBOLA DEBEKATZEA. Eta horrela, burua galtzeko aitzakirik ez!
Zoragarria ta egia
Jolastu harrapaketan eta ezkutaketan egiten da. Futbolean eta kirol guztietan, baita mahai jokoetan ere, jokatu egiten da. Harrapaketan jolastu gara, baina pilotan jokatu dugu.