Ezina ekinez egina
Ezina ekinez egina –
Euskara, maitia!
Zenbat zor dizudan, zu entzutean nire aurpegian sortzen den irribarrearen eta zoriontasunaren erruduna zara! Zenbat eman didazun, maitasuna, harrotasuna, zu sentitzean nire bihotzen taupadak zuk menperatzen dituzun mendien islada zara.
Nire euskarazko ibilbidea duela 3 urte hasi zen, euskaltegi batean ikasten hasi nintzenean. Oro har, lehenengo euskara nozioa, orain dela 7 urte izan nuen. Moskun bizi nintzenean, nire euskaldun bikotekideak azaldu zidan zer zen Euskal Herria, eta hango hizkuntza ofizialari buruz hitz egin zidan. A ze nolako aurkikuntza! Euskal kultura ezagutzen hasi nintzen, tradizioz betetako eguneroko bizitza. Abesti izugarriak: “Lau teilatu”, “Txoria txori”, eta “Ilargia”. Ezer ulertu gabe, beraien xarma eta magia sentitu nituen, eta momentu hartan ulertu nuen ezin zela Euskal Herrian bizi euskara jakin gabe. Horrela hasi zen nire istorioa, nire bigarren bizitza.
Hainbat gauza oparitu zizkidan euskarak: lagunak, tokiak, euskaldun peto-petoak sentitzeak nire jatorria desberdina izan arren. Eta, noski, ETB 1ean esperientzia ahaztezina, “Baserri” programan hartu ninduten eta produktoreak niri berria eman eta gero, ezin nuen sinestu. Nire burua aurkeztu nuen baserriko bizitza ezagutzeko, eta euskal giroan egoteko. Inoiz ez dut ahaztuko maiatzeko egun horiek, emozioz beteta. Ze meritua daukaten baserritarrek eta ze lan hain gogorra egiten duten! Beraiek bai dira amalurra eta gure lotura, iragan eta etorkizunaren artean.
Beranduago, zorte ona izan nuen Euskadi Irratitik nire herrialdeari buruz, alegia, Errusiari buruz hitz egiteko deitu zidatelako. Han, nola bizi den kontatzeko deitu zidaten. Guda hasi zenean, nire ikuspuntua eman nuen euskaldunentzat, eta eskertsua sentitu nintzen. Ezinbestekoa iruditu zitzaidan komunikatzea, momentu horretan egoera horren aurrean sentitzen nuen mina. Hemen uzten dizuet ukraniar neska batekin egin nuen elkarrizketa, merezi du entzutea.
Euskara, ze ondo tratatzen nauzu! Zure jendea, zure lekuak, zure arima. Ze ilusioa ikustea euskaldunen begiak harriduraz beteta euskaraz atzerritarok hitz egiten dugunean. Harriduraz eta esker onez. Irribare batek bakarrik jada bultzatzen nau gero eta gehiago ikastera, hobetzera, eta ezagutzera. Zenbat toki faltatzen zaizkit, zenbat mendi, zenbat istorio, lagun, janari, liburu! Eskaintzen diguzu asko, eta itzuli nahi dizugu gehiago.
Eskerrik asko bihotzez erakusteagatik elkartasuna, erresilientzia eta maitasuna.
Euskara, maitia!
*Oharra: artikulu hau egiteko, nire bikotekidearen laguntza (gainbegiratzea) izan dut. Baina, funtsean, nik neuk egin dut.
Ezina ekinez egina
Eskerrik asko zure ekarpenagatik, abertzale eta euskaltzaleen izenean. Gutarra zara!
Eskerrik asko!! Polita da niretzat horrelako komentarioak entzutea, eta espero dut beste atzerritarrak animatzea euskara ikastera! Ondo izan!
Svetlana, ongui ethorri Vasconiara.
Euscarac, escubide ossoz, Euscal Herrico quide eguiten çaitu.
Haimberce indarqueria eta suffrimendu artean içan çaitez, guiçateriaren icenean, viciqui behar dugun herri, nationeen arteco çubi bat.