Euskalkirik gabeko eremuetako euskaldunei deia

Euskalkirik gabeko eremuetako euskaldunei deia

Koldo Zuazori egindako elkarrizketak sortutako eztabaidaren harira, eta Euskaraz ondo ala txarto testuan idatzi nuenari jarraiki, eskaera (edo ohar, norberak nahi moduan hartu dezala) bat egin nahiko nioke euskalkirik gabeko eremuren batean bizi den euskaldun orori: Izan gaitezen oro har garen baino malguagoak, eta zentzu berean, albora dezagun begirada zorrotz hori!

Kontura gaitezen gazteleraz ari den hiztunari eman ohi diogun askatasuna zein handia den! Gaztelera hiztuna, ez-gramatikala den ezer ekoiztu ezean, libre sentiarazten dugu. Egin dezake nahi beste laburdura, lasai asko. Beste leku askotan entzundako hitz “moloiak” ere patxadaz ekar ditzake gurera, e.a.

Interesgarria izan daiteke gauza ez-gramatikalak zuzentzea, ez dakit. Hori bai, beti ere errespetuz egiten bada (badago modu interesgarririk hau egiteko: esaldiak / hitzak berrartu, birfomulatu, jaso ditzakegun hizkuntza galderei “malgutasunez” erantzun, e.a.). Eta hala bada, zuzen dezagun “nik joango naiz”, eta ez edozer gauza!

Gazteleraz askatasun osoz egin ohi ditugun zera horiek edo antzekoak euskaraz egiten direnean, ordea, begirada eta komentarioak entzun eta ikusteko aukerak handiak dira gero! Batez ere euskal hiztun ohikoa ez denak hitz egiten duenean. Nire inguruan ikusi eta bizi izan ditut eszena xelebreok, aizue!

Ezkerraldean duzunak “honi zer gertatzen zaio?” moduko aurpegia jar dezake, eskuinaldekoak esan diezazuke: “Ze uste duzu zarela, filologoa?”, eta aurrean duzunak ondokoari: “¡y pencó el EGA a la primera!”. ZUZEN hitz egin behar dugu lagunartean, ez EGOKI eta lasai. Ba “txipa” aldatu beharrean gaudela uste dut… baldin eta atzera barik, aurrera egin nahi badugu.

Badakit ondo jakin ere honek badituela zergati argi batzuk (soziolinguistikoak nahi bada), baina geure esku ere egongo da ba malguago jokatzea eta beste begirada batez begiratzea edozein euskal hiztuni!

Euskal hiztunak beti dira ongietorriak! Eta nola ba ez dira ongietorriak izango Barakaldo bezalako eremuetan? Eremuotako biztanleek hiztun asko eman diezaiokete-eta euskarari, eta beraz, errespetu eta miresmen minimo bat zor zaiela uste dut.

Ba hori, besterik ez, bete ditzagun kaleak egitura eta hiztegi gramatikalez, baina tentuz jokatuta, eta adimentsu!

Euskalkirik gabeko eremuetako euskaldunei deia

Begi bistan nahi baina ez banauzue, bila nazazue hitzen artean, beharbada, han egongo naiz.

4 pentsamendu “Euskalkirik gabeko eremuetako euskaldunei deia”-ri buruz

  • Jende mordo nola erabiltzen duen gaztelera entzunda, euskaldunak babuak gera.
    Espainiako biztanleriaren zait izugarri haundia izugarri gaizki hitzegiten du gazteleraz, ta ez da ezer gertatzen ta jendea ez da beraiekin sartzen, baina ai ama euskaraz gaizki egiten badezu… Inoiz egiten duena ere aterako da zu zuzentzera, berdin du gero berriro zuzentzailea gazteleraz jarraitzea zu euskaraz jarraitzen dezun bitartean, euskaraz zerbait gaizki erran dezu ta esateaz gain, ondo ikusarazi behar da maila , nahiz ta ez erabili.
    Gero horrela gaude, euskaldun asko ez direla ausartzen euskaraz hitzegitera lotsatzen direlako ta lotsaraziko dutenaren beldur.

    Horrexegatik beti diot nahiago dudala euskara gaizki egiten badidate, motel, denborarekin… gazteleraz egiten didatenean baino, ze azken finean, ez dakiten edo gutxi dakiten askok ulertzeaz gain, erabiltzen badute zurekin, gero ta hobeto ta azkarrago erabiliko dute.
    Nire ustez aitzakiak alde batera utzi behar dugu ahal degunean euskara erabiltzeko, baina barruan askok daukaten filologoa alde batera utziz ta saiatzen danaren esfortsua haintzat hartuz.

  • nire iritzi xumean euskarazko maila baxuak ekiditen du euskararen erabilera. gaurko nerabe askok itzulpen simultaneoa egiten dute, erderatik euskarara, euskaraz mintzatu ahal izateko, eta horrexegatik juxtu ez dute euskaraz egiten. ez daukatelako etorririk. euskal eskolak askoz lan serioagoa egin beharko luke, emaitzek adierazten duten euskara maila pobrea hobetzeko.
    herri xumeak, agian, badu euskara maila eskasean hitzegiteko eskubidea. baina Idoia Mendia (eta bere antzeko asko) esaldi bakoitza bortxatzen entzuten dudan aldiro sutan jartzen naiz. gaztelaniaz horren trakets egingo balu ez luke daukan postua edukiko!!!!

  • Euskalkirik gabeko eremuak diogunean, Euskara galdua zuten lurraldeetaz ari gara, hain zuzen. Lurralde horietan, Euskera berriz hitzegingo bada, bertako hizkera bat birsortu behar da.

    Horrek denboran luze xamar eman lezake, ez da egun batetik bestera izango. Gainera bertako euskaldunak gutxiengoa badira eta administrazioaren traba badute, hizkuntza dominantearen konpetentzia, lan eskerga eta gogorra da orduan.

    Hala ere, aurrera egin beharko, jende andana inplikatu da halako inguruetan, Nafarroa Hegoaldean, Bizkaiko Ezkerraldean, Gasteizen, etab.

    Baikorrak izateko motiboak baditugu!

  • Euskalkia/herri hizkera galdutako eremuetan edota etxean euskara jaso ez dutenen kasuetan aukera polita eta aberasgarria da inguruko zaharren euskarari adi-adi erreparatzea, pixkanaka nork bere euskara eta honen erregistroak osa eta hobe ditzan. Testu zaharretara eta gaurgero hilda dauden xaharren grabazioetara ere jo daiteke; beti bada zer ikasi, zer hobetu: bertako hitzak, esaerak, hitzen azentuazioa, esaldien tonuak, erregistroa (norekin eta horrela, halaxe hitz egin behar baita). Halere, euskarak eta euskalkiek eboluzionatu egin dute, eta arraro xamar gerta daiteke zure herrian duela berrehun urteko forma galduak (gaur egun bestelako formak erabiltzea litekeena da) orain erabiltzea, baina hori norberak ikusi beharko du.

    Bestela litzateke euskara duela 500 urte galdutako eremuetan orduko hizkera berreskuratu nahi izatea, baina horretan borondatetsu dabilenak ziurrenik izango du hurbileko eskualderen bateko erreferentzia biziago-ren bat edo beste eskura,

    Nolanahi ere, kontua ez da liburu baten estiloan hitz egitea, baizik eta ahalik eta modurik naturalenean aritzea. Hizkera natural horretan (naturaltasuna errepikatzearen eta horretara ohitzearen kontua ote da?), komeni da aldi berean ez nahastea geografikoki eta linguistikoki elkarrengandik urrun dauden hitz (oso) lokalistak (herri edo eskualde ttiki jakin batean bakarrik baliatzen direnak) edota ahoskerak. Esate baterako (adibide esajeratua da, inondik inora): “Txoil inportantea da jaramonik ez eittie bortaz borta, itxez itxe, edozelango entziklopediyak edo bethiereko irustarzünaren erdiesteko produktuak saltzen dabixenei”.