Eugenia Garayk eskuratu du maiatzeko Zuzeu Gaztea Saria
Eugenia Garayk eskuratu du maiatzeko Zuzeu Gaztea Saria
Zuzeu GAZTEA sariak bere martxari eutsi dio maiatzean, eta hamairu lagunek sinatutako hemeretzi sarrera jaso ditu, gehienak lehendik ere gurean argitaratu izan duten sinadurenak. Tamalez, haietako hiru lehiaz kanpo utzi behar izan ditugu, arauak bete ez eta argazkirik edo abizenik gabe plazaratu dituztelako idatziak; lastima.
Gogoratu parte hartzeko bete beharreko arauak
Hilabete honetan, izan ditugu bereziki arduratzen gaituzten eta lehendik ere jorratu izan ditugun gaiak, geure geureak ditugunak; elikadurari buruzko Aitor Zurdoren “Nola jan, hala izan” edo harremanak egiteko atariei buruzko Lorea Mierren “Egiazko maitasunak blogetatik galduta?”, esaterako.
Eta izan dugu formatu aldetik sarrera berritzaileren bat ere, eskertzekoa dena; Iñigo Perezek, “Ezjakin baten pentsamenduak Vol. I `Itzalak´” izeneko sarreran, gitarraren laguntzaz sortu dituen kantuak eskaini dizkigu.
Guztien gainetik, maiatzeko Zuzeu GAZTEA Saria Eugenia Garayren “Hitzez hitz, pausoz pauso“ sarrerak merezi duela erabaki dugu. Joan den udazkenean lehiaketan parte hartzen hasi zenetik hilabetero idatzi du sarreraren bat Garayk, beti ikuspuntu berezi batetik. Azken honetan, ondo idazten jakitea dohai gorenekotzat duela diosku, eta huraxe garatu nahiko lukeela bizitza osoan zehar.
Zuzeu Gaztea sariak 150 euro ditu hilabetero 30 urte azpiko idazlearen sarrerarik bikainenarentzako, Azkue Fundazioaren laguntzari esker ematen den diru poltsa.
Eugenia Garayk eskuratu du maiatzeko Zuzeu Gaztea Saria
Maialen Lizarribarrek erdietsi du martxoko Zuzeu GAZTEA saria