Eskubide higikorrak
Eskubide higikorrak –
Eskubide higikorrak
Atzerrira bizitzera joan nintzenean ulertu nuen lehendabiziko aldiz eskubiderik ez nuela. Bereziki sexu eta ugalketa eskubideekin konturatu nintzen honetaz, alor horretan egiten dudalako lan, ziurrenik. Eta, tamalez, emakumeok momentu oro aritu behar garelako eskubide horiek babesten eta defendatzen.
Euskal Herrian 22 urte bizi ondoren, hainbat sexu eta ugalketa eskubide ziurtatuta nituela uste nuen: kalitatezko osasun eta hezkuntza publikoa, sexu heziketa laikoa (oinarrizkoa bada ere), antisorgailuak eskura izatea, haurdunaldi bat eteteko aukera (hala nahi izanez gero), sexu bereko norbaitekin harremanak izatea eta, nahi izanez gero, harekin ezkontzea eta seme-alabak izatea. Ñabardura askoren beharra duten eskubideak dira, noski, zalantzan jarri daitezkeenak eta jarri behar direnak (esaterako, abortua ez litzateke legala izango gaur egun bere garaian zeuden eskubideak zalantzan jarri izan ez balira). Baina, tira, eskubideak nituela uste nuen nolabait.
Usteak ustel, eskubide horiek bertan behera geratu ziren Euskal Herritik kanpo bizitzea erabaki nuenean, Bolivian hain zuzen ere. Boliviara iristean, doako osasunerako eskubiderik ez nuela konturatu nintzen, eskubide hori Euskal Herrian geratu zela eta, osasun arazorik izanez gero, alor pribatuan eta dirutza ordainduz aurpegiratu beharko nukeela arazo hori. Ohartu nintzen ere abortua legala ez zela eta, beraz, nire gorputzarekiko nuen kontrola uste baino ahulagoa zela. Segun eta non nengoen, nire gorputzarekiko kontrol maila zabaldu ala murrizten zen. Laburbilduz, konturatu nintzen eskubideak ez nituela euskalduna izateagatik, Euskal Herrian bizitzeagatik baizik, eta eskubideek ez zutela nirekin batera bidaiatzen: eskubideak higikorrak dira.
Egun, Guatemalan egiten dut lan sexu heziketa eta osasuna sustatzen duen erakunde batean, eta ustezko eskubide horietatik are urrunago sentitzen dut neure burua. Lanean, egunero ikusten ditugu emakumeon eskubideak urratzen dituzten egoerak: ez dute sexu heziketarako informazio iturri fidagarririk (edota laikorik), ez dute antisorgailuak eskuratzeko aukerarik (dirutza ordaindu gabe), sekula ez dute minbizi zerbikala aurreikusteko frogarik egin ahal izan, eta ez zaie bururatzen ere gizonezkoa ez den norbait desiratu ala maitatu dezaketela. Eskubide horien urraketek ondorio kaltegarriak dakartzate: haien baimenik gabe esterilizatu dituzten emakumeak, haurdun dauden ume eta nerabeak (batzuetan, haien senide batek bortxatzearen ondorioz), garaiz antzeman ez izanagatik minbizi zerbikalagatik hiltzen diren emakumeak, sexu bereko norbait maitatzeagatik salatu, bortxatu edota hil dituzten pertsonak…
Nire kasuan ere, ezer gutxi inporta du euskalduna izatea Guatemalan biziz gero. Haurdun geratu eta ama izan nahi ez badut, ez dut abortu legal eta seguru bat edukitzeko eskubiderik. Haurdunaldiarekin aurrera jarraitzea erabakiko banu, 18 asteko amatasun-baimena izan ordez, 84 egunekoa izango litzateke eta soldata minimoa kobratuko nuke garai hartan (eta ezingo nuke umearen aitaren laguntzarik izan, aitatasun-baimena 2 egunekoa baita). Etorkizunean tronpen lotura bat egin nahiko banu, osasun erakunde gehienek ez lidakete ebakuntza egingo bi seme-alaba ez baditut gutxienez. Edo erakundeak seme-alaba “gehiegi” ditudala erabakiko balu, erditzean esterilizatuko nindukete ezer esan gabe.
Denok merezi dugu gure sexu eta ugalketa eskubideak gauzatzea gauden tokian gaudela, jaio garen tokian jaio garela. Eskubideak ez lirateke higikorrak izan behar, eta emakumeok ez genuke gure gorputzarekiko kontrola eta harremana aldatu beharko alde batetik bestera goazen heinean. Feminismo intersekzional bat eraiki behar dugu, emakume guztiok berdintasuna eta eskubideen bermatzea lor dezagun norberaren jatorria, sexu-orientazioa, elbarritasuna, adina, arraza, egoera sozio-ekonomikoa, lanbidea edota beste edozein faktore muga izan gabe. Emakume bakar bat ere atzean uzten ez duen feminismo bat eraiki behar dugu. Euskal Herrian, Bolivian, Guatemalan edo beste edozein lurraldetan aurrerapauso bat egiten den bakoitzean, munduko emakume guztiok egiten dugu aurrera.