Eskalada: Eskalatzearen zirrara eta xarma

ESKALADA: ESKALATZEAREN ZIRRARA ETA XARMA –

Eskalatzea edo eskalada, harkaitz, izotz-horma edo artifizialki prestatutako erliebe bertikaletatik igotzean datza. Kiroltzat hartzen da. Hankak eta eskuak edota baliabide artifizialak erabiliz egin daiteke.

Ailefride, Frantziako Alpeetan

Ziurrenik ez duzu inoiz praktikatu, izan ere, ez da kirol ohikoena. Umeen artean, eskoletan edo Udalekuetan erakusten da, rappel egiten, tirolina eta antzekoak egiten. Batzuetan rokodromoetan zerbait irakasten da eta ume askok esan ahal dute kontakturen bat izan dutela arnes eta sokarekin. Baina irakatsi baino, erakutsi baino ez da egiten. Eskalatzearen erronka deskubritzen dutenak, ordea, bere zirrara eta xarmaz gozatzeko urrats batera daude.

Badira  hiru edo lau urte eskalatzen dudala, eta ez dut uzteko inolako asmorik. Askotan galdetzen didate zergatik, eta beti esaten dut ez dela gainerako kirolak bezala, ez dela indarra bakarrik, ez dela teknika bakarrik, ez dela prestaketa psikologikoa bakarrik, hiruen arteko nahasketa da. Nahasketa hori da eskaladaren funtsa, indartsu bazara baina teknikarik ez badaukazu ez zara igoko, eta alderantziz.

Dean Potter, Yosemiten

Gainera, kirol honi esker leku asko ezagutu ahal izan ditut Espainian eta Frantzian zehar. Eta zelako lekuak horiek!! Chamonix, Gorges du Verdon, Ailefroide, etab. Baina hemen, Euskal Herrian, ez gabiltza makal: Etxauri, Atxarte eta Ogoño adibidez.

Bestalde, zer esan jendeari buruz?! Onenetan onena da eta giro ezinhobea dago. Gehien gustatzen zaidana eskaladaren momentuak lagunekin partekatzea da, lasaitasunagatik eta barreengatik. Eskalada bidaiak sinestezinak dira, ez lekuagatik bakarrik, baita jendearekin une ikaragarriak elkarrekin pasatzeagatik ere.

Beharrezkoa da gauza bat esatea, nahiz eta kirol arriskutsua iruditu, aktibitate oso segurua da ondo egiten baduzu. Baina horretarako adi egon behar da. Sokarekin edota mosketoiarekin ez bazara kontuz ibiltzen, susto bat eduki dezakezu, horregatik arreta handiz ibili behar!

Ogoñoko lurmuturra, Laga hondartzaren ondoan

Azkenik, ez dut aspergarria izan nahi baina eskalatzen nagoenean munduak desberdina dirudi… ez duzu beste ezertan pentsatzen leku hauetan zaudenean. Guztiok dauzkagu arazoak familiarekin edota lanarekin, baina arazo guzti hauek azkar desagertzen dira eskaladan, momentu horretan unean unekoa bakarrik pentsatzen duzu. Onena da!! Probatu dutenek ez dute gelditzea lortzen. 

 

Eskalada: Eskalatzearen zirrara eta xarma

Ignacio Jimenez

Inazio deitzen naiz eta nahiz eta Bilbon jaio nintzen, Logroñon bizi izan nintzen hamaika urtetaraino, gero Bilbora itzuli nintzen. Iaz Sarrikoko unibertsitate ikasketak bukatu nituen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude