Enigma maitea
Enigma maitea –
Gizakiontzako guztiz ohikoa den zerbait da hizkuntza, oinarrizkoa. Are gehiago, gutxitan hausnartzen dugu honi buruz. Giza-hizkuntza, gizakia gizaki denetik existitzen da, aspaldian hizkuntzak gaur egungoak baino askoz sinpleagoak izango ziren arren. Eta denboraren poderioz garatu dira gure arteko komunikazioa onbideratzeko. Eta gaur egun, hizkuntzen jatorrien ikerketa oso gai garrantzitsua bihurtu da. Hala ere, hizkuntza batzuen jatorria aurkitzea lan latza da hizkuntzalarientzako.
Hizkuntza askoren jatorria ezagutzen dugu. Izan ere, gaur egun erabiltzen diren Europako hizkuntzak (Kaukasoa kontuan hartu gabe) bi taldetan bereizten dira jatorriaren arabera: hizkuntza indoeuroparrak eta hizkuntza fino-ugrierak. Hizkuntza indoeuroparrak dira gehienak. Hala nola, hizkuntza germanikoak (ingelesa, alemana, daniera…), helenikoak (greziera), erromanikoak (gaztelania, frantsesa, katalana, errumaniera…), eslaboak (errusiera), baltikoko hizkuntzak (letoniera, lituaniera) eta hizkuntza zeltikoak (eskoziera, gaelikoa…). Hizkuntza fino-ugrierak gutxiago dira. Adibidez, hungariera eta estoniera.
Hala eta guztiz ere, Europan badaude jatorri ezezaguneko hizkuntzak ere. Honen adibide garbiena euskara izeneko gure altxor txikia da. Historian zehar bizi izandako adituek eta gaur egungo hizkuntzalariek teoria desberdinak dituzte euskararen jatorria adierazterako orduan. Bakoitzak bere ideiak defendatzen ditu baina ez daude ados besteen argudioekin.
Historian zehar euskararen jatorriari buruzko lan handia egin zuen intelektuala Humboldt izan zen eta euskara iberierarekin erlazionatuta dagoela esaten zuen. Iberiera erromatarrak iberiar penintsula konkistatu baino lehenago hitz egiten zen hizkuntza zen. Egindako lanagatik eta euskaldunekin izandako adiskidetasunagatik Humboldten estatua bat dago Gernikan, Gernikako arbolatik ez oso urrun.
Baina gaur egungo hizkuntzalari adituenek bestelako hipotesi edo teoriak dituzte gure hizkuntzaren jatorriari buruz. Batzuen ustez euskara Kaukasoko hizkuntzekin dago erlazionatuta, eta beste batzuek Afrika iparraldeko berbereen hizkuntzarekin erlazionatzen dute. Beste batzuek hidronimian oinarritzen dute euren teoria, hau da, ur-multzo eta ibaien izendegietan. Municheko unibertsitateko irakasle batek defendatzen du ideia hau, urarekin erlazionatutako gaietan euskara eta alemanaren arteko antzekotasunak direla eta. Hala ere, Massachusettseko unibertsitateko hizkuntzalari garrantzitsu baten ustez, eta Madrilgo Complutenseko unibertsitateko beste hizkuntzalari baten iritziz, hidronimiaren teoriak ez du ez hankarik ez bururik.
Euskararen jatorria oraindik ezagutzen ez dela argi eta garbi dago. Eta nondik datorren ezagutzera iristeko lan handia egin beharko da. Nire ustez oso garrantzitsua da ikerketa hau, baita oso interesgarria ere. Eta ikerlariek beren lana egiten jarraitu beharko luketela uste dut. Baina ikerketa hau baino askoz garrantzitsuagoa den zerbait dagoela pentsatzen dut. Euskara, gure arbasoetatik gugana iritsi den altxor baliotsu hau ez galtzea. Erabiltzea. Jose Antonio Hartzeri kasu egitea. Oraindik bizirik dagoen txoriari hegoak ez ebakitzea. Eta hizkuntza bat dakitenek ez erabiltzeagatik desagertzen dela kontuan hartzea.
Gaiari buruzko bideo hau gustatu zitzaidan: