Lurra sumendi

Lurra sumendi –

Klimaren berotzea bi ozkatara mugatu behar genuke kalte latzenen ekiditeko. Xede horrekin 2015ean Estatuek Parisko COP 21 bilkuran gomendio batzuk adostu zituzten. Bi urte joan dira eta bitartean gauzak okertu, gobernuek behar zutena ez dutelako egin. Berehala eta zorrozki lanari lotu behar lukete, bestela tenperatura hiruzpalau ozkaz gora daiteke, jendetzaren biziraupena kenka larrian ezarriz.

Gainera hori ez da mehatxatzen gaituen arrisku bakarra.

Airera mugatuz mementoko, CO2 famatuaz beste gas kaltegarririk hedatzen dute industriek eta motorrek: NO2, SO2 eta abar, gehi hatsa tinkatzen eta bular erraiak erasotzen dituzten errauts xeheak.

Urak ere pozoi asko hartzen du, eta horretan bere partea badu laborantza industrialak, bereziki burrustan isurtzen dituen nitratekin. Gainera urak jasaten ditu beroaren erasoa eta kontsumoaren hazkunde izigarria. Beraz ur garbia eskastuz doa munduan. Bestalde zer bilakatzen da airatu den ura? Nolako eragina du klimaren gain? Inork ez du aipatzen.

Lurra sumendi

Laborantza industrialak lurra itsuski zauritzen du oihan eta basoak ezabatuz, bereziki Amazonian eta Indonesian, eta bere teknika gogorrez lur ona tinkatuz, biologiarik gabe utziz, hori delarik aberastasun iraunkor eta merkearen hazlea.

Industriak eta hirigintzak lurra erasotzen dute beste gisa batera, betoi eta gudroi azpian ehortziz. Adibidez Frantziako erresuman, zazpi urtetarik departamendu baten heineko eremua desagertzen da horrela. Ekonomiaren hazkunde basatiak planeta hau soiltzen digu, pobretzen, aberastasun mineral eta naturalak hurrupatuz itzulerarik gabe: energia fosilak (petrolioa, gasa, uranioa) eta ekai asko : metalki arraroak, harea gutituz…

Bai, harea eskasten ari da munduan, hanbateraino non hego-ekialdeko Asian kontrabanda erraldoi baten iturri bilakatua den: erresuma pobre batzuek beren itsaspeko harea aberatsagoei saltzen diete, azpia zurgatuz ondorioak kontutan hartu gabe.

Itsasoa zakarrontzi orokor bilakatua da : ibaiek dakarzkioten zikinkeria guziak irensten ditu, bereziki petrolio isurketak, dela nahizkoak itsasontzien purgatzean, dela istripuzkoak, gehi saltegietan hartzen ditugun sakela plastikoak, – Atlantiko erditan alimaleko uharte bat osatzen dutelarik, – eta aireko CO2 gasaren parte handi bat ere. Horrek ura azido egiten du, biologia ahulduz.

Bestalde beroak itsasoko ura hantzen du, eta lurreko glaziarren urtzeak emendatzen. Ondorioz itsasoa goiti datorkigu, uharte batzuk itoz eta leihorrak erasoz: arrisku izigarria hiri eta eskualde askorentzat, munduko jendetza gehiena itsaso bazterretan bizi delarik  Bangladesh erresuma hondatzera doa.

Mundu mineralaz gain, ekoizpen sistemak bizidunak erasotzen gaitu zuzenean. Basoen ezabatzea aipatu dut. Suteak gehitu behar zaizkio, idortearekin hedatzen ari baitira eskualde berdeetan ere, hala nola Galizian. Basamortua zabaltzen ari da Sahararen inguruan, idortea halaber Mediterraneo inguruan, emigrazio klimatikoa hedatuz: Siriako gerlaren arrazoietariko bat izan da. Beste hein batean, legortearen eragina gero eta nabariagoa da adibidez Frantzia behere horretan, nekazariak hertsatuz.

Ber denboran intsektu eta gaitz tropikalak datozkigu, eta itsasoan medusak ugaltzen. Arrantza industrialak arrain espezie nagusiak soiltzen ditu, adibidez bakalaoak, horien biziraupena arriskutan ezarriz, eta itsaso zolak sare erraldoiez funditzen, algak eta korala deseginez.

Pertsonen osasuna ere arriskutan jartzen dute laborantza industrialak eta horrez baliatzen den agro-industriak, janariei nahasten duten pestizida eta kontserbagarriekin.

Halaber etxegintzak barneetan egarten dituen ekai kimikoekin eta garbigailuekin.

Kosmetikoez ere balitaike zer errana, asko alergenikoak baitira eta hormonentzat kaltegarriak.

Bi hitzez ala milaz, oraiko sistema ekonomikoak jendetza galtzeko arriskuan jartzen du epe laburrera. Berehala errotik aldatu behar luke. Jende bakoitzak ahal duen guzia egin dezala. Baina botere publikoek eta lantegiek ez badute jarraian bihurgune handia hartzen, geroaz beldurtzekoa dugu, ondoko jendetza urrikitan hartuz.

Jean Louis Davant – Enbata.info

Lurra sumendi

Idazle zuberotarra eta euskaltzain emeritua. Laborantzako irakasle ohia. Enbata eta EHAS-en sortzaileetakoa.

Zer duzu buruan “Lurra sumendi”-ri buruz