Bortxaketak

Bortxaketak

Ezin dut burutik kendu historian zehar eta gaur egun ere gertatzen den arazo larri hau. Lehen gutxitan gertatzen zen Espainian, baina azken urteotan agresioen kopurua gora egiten ari da. Burutik sano al daude bortxatzaileak? Ondo egiten ari direla pentsatzen dute? Zergatik egiten ote dute?

Aurreko belaunaldietan gizonen nagusitasuna oso nabaria zen. Emakumezkoak gizonezkoak zerbitzatzeko jaioak zirela eta ezin zirela autonomoak izan onartuta zegoen.  Gaur egun ere pentsamendu horrek bizirik jarraitzen du leku eta herrialde askotan. Izan ere, oraindik emakumeak zenbait herrialdetan guztiz kontrolaturik eta preso bizi dira: ezin dute ikasi, ezin dira etxetik irten senargaiaren baimenik gabe, ez dute soldata bera jasotzen lan bera egiteagatik… Harrigarria iruditu arren, nahi baino indartsuagoa da pentsaera hori. Ez dugu ahaztu behar liburu sakratu askotan ere emakumea gaitz edo bigarren mailako gizaki modura agertzen dela, gizonaren kontrolpean bizi behar dena.

Menpekotasun horrek ez du hainbesteko eraginik Estatuan, hala ere, ez da guztiz ezabatu. Bortxaketen jatorrietako bat horixe izan daiteke, nire ustez. Gizonezkoak emakumezkoen gainetik daudela pentsatzen dute batzuek eta eurekin nahi dutena egiteko eskubidea dutela .

Bigarren arrazoia enpatia falta edo emakumeenganako gorrotoa da. Enpatiak beste pertsona baten lekuan jartzen laguntzen du. Beraz, enpatiarik ez duen pertsona bati ez zaio axola zer gerta dakiokeen beste pertsonari. Arazo hori txikitatik zuzentzen eta ongi bideratzen saiatzen dira eskolan eta etxean. Baina kontua da jende askok ez duela behar bezalako heziketa izaten, eta bestearen larruan jartzea ahazten zaie. Horrez gain, badago gizon asko emakumeak gustuko ez dituenak, edo mendekua bilatzen dutenak, besterik ez. Gorrotoak ez dakar ezer onik. Pertsona horiek emakumeak sufritzen ikusteagatik edozer egiten dute. Edonork esan dezake gizon horiek burutik gaixo daudela, ez dago eta beste azalpen logikorik. Hala ere, zoro horiek ez daude zoratuta. Gorrotoa da haien arazoa. Haien buruak ondo funtzionatzen du, baina zer edo zerk huts egiten diela argi dago.

BortxaketakAzkenik, gizonezko askok eraso sexualen errua biktimei leporatzen diete. Haien esanetan, emakumeen jarrera da gizonezkoak berotzen dituena: ibilkera, janzkera, begirada… Argumentu matxista honetan oinarrituta saiatzen dira euren burua zuritzen, egindakoa justifikatzen. Eta ez hori bakarrik, erasoa salatu ondoren, epaileak berak ere inoiz zalantzan jarri izan du erasoa benetan erasoa izan den ala probokazioa.

Hori guztia esanda, azpimarratu nahi dut elkarrenganako errespetu falta dela horrelako jokabideen eragilea, hau da, gure ondokoa aintzat ez hartzea,  eta harrigarria egiten zait hain egoera desberdinetan bizi izanda  eta aspaldion heziketari hainbesteko garrantzia emanda ere gaurko gazteen artean lehengo gizonezkoen akats berdinak aurkitzea.

Bortxaketak

4 pentsamendu “Bortxaketak”-ri buruz