Bikaintasunak ez du generorik ezagutzen
Bikaintasunak ez du generorik ezagutzen –
Bistan da arrisku-egoeretan axola zaigun gauza bakarra gu salbatzeko gai den norbait aurkitzea dela, haren generoa kontuan hartu gabe. Orduan, zergatik daude ezadostasunak generoan oinarritutako proba fisikoetan, gaitasuna bada babesten gaituztenen funtsezko faktorea?
Zenbait erakundetan, hala nola Ertzaintzan edo suhiltzaileetan, gizonen eta emakumeen arteko proba fisikoen desberdintasunak kritikatu eta eztabaidatu dira. Askotan, gizonek eta emakumeek lan fisiko batzuetan eragina izan dezaketen desberdintasun biologikoak dituztela justifikatuz.
Gizon eta emakumeentzako estandar desberdinak ezartzeak bereizkeria bultzatzen duten genero-estereotipoak iraunarazten ditu. Lana modu eraginkor eta seguruan egiteko beharrezko trebetasunak kontuan hartzea da gakoa, generoan oinarritutako estandarrak ezarri beharrean. Erakunde, polizia,eta suhiltzaile batzuen proba fisikoak berrikusten eta doitzen hasi dira, lanaren benetako eskaeretarako garrantzitsuak direla ziurtatzeko, generoa edozein dela ere.
Aukera-berdintasuna eta banakako gaitasunen onarpena funtsezko alderdiak dira gizarte bidezkoagoak eta integratzaileagoak eraikitzeko. Benetan axola duena erreskatea egin behar duen pertsonak fisikoki zein mentalki gai izatea da. Helburua lan-eremu horretan gizonen eta emakumeen ordezkaritza orekatua lortzea edo lan horietan emakumeen parte-hartzea areagotzea bada, bi generoetarako egokia den proba fisikoa ezartzea izan liteke irtenbidea. Modu honetan, edozein gizabanako, bere generoa edozein dela ere, lanpostuagatik lehiatzeko aukera izango lukeelako, eta aparteko trebetasunak erakusten dituztenak hautatuko lirateke. Hau da, kontuan har liteke eskatzen diren funtsezko trebetasun fisikoak identifikatzeko aukera eta balio bera duen gutxieneko proba ezartzeko aukera. Hala nola, malgutasun proba. Malgutasun fisikoa funtsezko gaitasuna da suhiltzaileek beren eguneroko lanean dituzten eginkizun eta zereginak arrakastaz betetzeko. Bai lesioen prebentzioan, bai zereginak egiteko eraginkortasunean, bai ekipoak erabiltzeko gaitasunean, bai bizkortasuna eta mugikortasunean, eta baita erreskatea eta ebaluazioan ere.
Aukera-berdintasunak, gizabanakoei mesede egiteaz gain, erakundeak eta komunitate guztiak indartzen ditu. Gaitasunetan zentratzean, genero-estereotipoetan baino gehiago, hainbat talenturi ateak irekitzeaz gain, talde indartsuagoak eta erresilienteagoak eraikitzen laguntzen dugu. Gogora dezagun benetako bikaintasunak ez duela generorik ezagutzen, eta, oztopoak ezabatzean, guztiontzat bidezkoagoa den etorkizunerako bidea irekitzen ari garela.
Bikaintasunak ez du generorik ezagutzen
Boa txabal!
Bikaintasuna gizonei, mutilei batez ere ukatzen die administrazioak: eskola porrota, mutilak, gutxiengoa unibertsitateko ikasketetan, gizonak. Programak behar dira mutilen arrakasta akademikoa ahalbidetzeko.
Zelako astakeriak. Probak ez dira generoaren arabera,sexuaren arabera dira. Emakume eta gizon hoberenak edukitzea da proben itua. Emakumeek gainditzen dituzten proba fisikoekin lana bete dezaten ziurtatzen da. Baina plazak mugatuak direnez,sexuaren araberakoak ez balira,edozein gizonak pasako lituzkeen proba fisikoak ez lituzke edozein emakumek pasako. Genero berdintasuna ezinezkoa da generoa berez jerarkia bat delako. Gaizki deituriko genero berdintasuna , generoaren erruz, emakumeek (sexu kategoria) pairatzen duten opresio estrukturala ezabatzea da. Ez badugu sexua eta generoa bereizten, hortik ateratzen den edozer hasieratik gaizki dago,ez du ezer onik aterako.
Genero-rolak gizartean esleitutako identitatearekin du zerikusia; gure gizartean, genero-ideiak ikuspegi bitarra du, hau da, gizonak eta emakumeak. Generoaren eraikuntzak gure sexua baldintzatzen du eta norbanakoaren identitate sexuala gorputzarekin bat ez badator, gorputza jartzen da zalantzan eta ez identitate sexuala.
Egokiena izango litzateke polizia taldeak eta suhitzaile taldeak denak ondo prest egon daitezen balioztatzeko denontzako probak komun batzuk jartzea, nahiz eta emakumeek orohar kapazitate fisiko gutxiago izan ohi dutela jakin. Izan ere, emakumeek gorputz horietan sartzeko aukera izan behar dute, baina ez beren gaitasunetara egokitzen diren proba eta baldintza bigunagoak ezarriz, emakumeak beraien merezimenduengatik leku bat hartu behar dute, ez derrigorrezko ratioengatik. Finean, lan talde hobea lortzea da proben helburua.
Eta bestetik, arazoa sexua bada, zer gertatuko litzateke orduan gizonezko gorputza baina emakume-identitatea duen pertsona batekin?
Bueno, Batik bi:
Aipatu dituzun arazoan oinarrian ez ote dago Maskulinitatearen eraikuntza, zeina mutikoen artean biolentziaren izugarriaz ezartzen baita?
Tabernetan beti gizon pare bat edo gizonezkoan bi kuadrilla elkarri ostiaka amaitzea. Edo haserre dagoen gizonkote bat hormaren kontra ukabilka hastea, ingurukoei buruan zer dabilkin hitzez adierazi beharrean… Edo lagunen aurrean harroxko eta umore onarekin agertu arren, etxera iristean negar batean hastea. Edo drogetan lasaitasun eta bizipoz apur bat bilatzea, bestela ez baitu asmatzen nola (eta horren ondorioz, pikutara ikasketak).
Moteil, horrelako gauzak egiten badituk, igual hik ere badaukak zama bat gainean… Hain zuzen, feminismoak PATRIARKATU terminoaz izendatzen duena. Feministek hainbeste aztertu izan duten Sexuaren Araberako Lan-Banaketa, Genero-rolen esleitzea…. Feministak izan dituk horren aurrean HEZKIDETZAren garrantzia azpimarratu dutenak.
Sugaae “Emakumeek gainditzen dituzten proba fisikoekin lana bete dezaten ziurtatzen da”. Benetan sinisten duzu hori? Suhiltzaile edo basozain frogetan exijentzia maila ezberdinak eskatuta ziurtatuko da hori? Suak emakume ala gizon izanda ezberdin jokatuko du akaso? Ez nekien ba nik baso sute baten suaren frontetik aldapan gora ihesi zoazela eta 8 kiloko motxila sorbaldan duzula, emakumea izanda frontea motelago zetorrenik. Zeren eta hori da adibidez, Bizkaiko basozainen azken deialdietan egin dutena. 8 kg sorbaldan eramanda 5 km korrika egiteko, emakumezkoek 3 minutu gehiago izan dituzte gizonezkoek baino. Honek mesede egin baino, emakumeek postua lortzeko meritua gutxiesten du. Suhiltzaile eta basozainen froga fisikoak gizonen baldintzetan gaindituko luketen emakumeak egon izan dira, eta “diskriminazio positibozko” neurri hauek onura baino kalte egiten dietela salatu izan dute hainbat emakumek, hauen meritua etengabe zalantzan jarriko zaielako. Sexuaren araberako baldintza minimoen maila ezberdinak ezarri beharrean, soilik arrazoi zientifiko eta teknikoetan oinarrituta, lanpostu jakin batentzako beharrezko baldintza fisikoak adostu eta ezarri beharko lirateke, eta kitto. Baina tira, jarrai dezagun itxurakeritan eta agerikoa den arazoa onartu beharrean, beste alde batera begiratzen. Segi fantasiazko mundu horretan, ez diezazula “astakeri” deitzen duzun errealitateak aurrez moldatuta daukazun ikuspegi ideologikoa kolokan jarri.
Bai amonamantangorri, zuk taberna batean ikusitakoak errelebantzia handia du diskriminazio akademikoaren gaian… mila esker datua elkarbanatzeagatik.
Iraia,gizon gorputza eta emakume identitatea? Ez badakizu emakumea zer den gaizki goaz. Ez da esistitzen emakume identitaterik,ez da esistitzen gizon identitaterik. Zara edo ez zara. Emakumeek milaka milioi identitate ezberdin dituzte,eta guztiek giza espeziearen emea direla partekatzen dute. Proba horiek,ahal den neurrian, emakume eta gizon hoberenak bilatzea dute xede. Gainditzen dituzten guztiek lana betetzeko gaitasuna izan dezaten bilatzen da. Zuk proposatzen duzunarekin, emakume guztiak lan askotatik at geratuko lirateke. Jada baztertuak eta oprimituak daudenak gehiago oprimitzea da proposatzen duzuna. Genero rolek emakumea gizonaren azpian edukitzearekin dute zerikusirik. Ez identitatearekin. Afganistanen ez diete eskubide guztiak kendu identitatearengatik, giza espeziearen emeak direlako baizik. Zer da emakume identitatea? Ezerrez. Zer da emakumea? Azken hau definitzeko gai zara?
Kaixo Suagaar, Genero-identitatea edo genero-nortasuna norberak bere generoari buruz duen ikuskera edo autodefinizioa da, maskulinoa, femeninoa edo dikotomia biologikoa gaindituz, horien artekoa den. Generoari buruzko sentimendu, rol, proiektu eta pentsamenduak biltzen ditu eta ez du zertan ezaugarri morfologiko sexualarekin.
Bestetik, proba horien helburua lan talde onena bilatzea edo sortzea izan beharko luke, generoa edo sexua kontuan hartu barik. Probak gainditzen dituzten guztiak lana egiteko gai izatea bilatzen badute, zein unetan eskatzen zaizkie gaitasun fisiko ezberdinak 2 pertsonari lan bera egiteko?
Ez hori bakarrik, gaitasun fisikoa garrantzitsua den lanbidetan emakumeak hori lortzeko gai ez direla pentsatzeak da benetako arazoa, proba denak aukera-berdintasunean egokitzen badira, ez litzateke arazorik egon behar. Horrek ez du esan nahi emakume guztiak sukaldera ekarriko dituenik; agian, norbaitek suhiltzaile izateko ametsa ezin izango du bete bere gaitasun fisikoengatik; beste batek test psikologikoagatik eta beste asko azterketa teorikoagatik. Pertsona batzuek, rol jakin batzuk betetzeko dituzten gaitasunei aurre egiteko limitazioak dituzten bezala, baliteke pertsona batek erronkak aurkitzea gaitasun fisikoa behar dituzten ofizioetan, hala nola polizia edo suhiltzaile izatea.
Gainera, nahiko zaila iruditzen zait ulertzea genero-rolek identitatearekin zerikusirik ez dutela pentsatzea. Generoak pertsona baten identitateari eragiten ez badio eta aldi berean, identitatea sortzen ez badu, mundu desberdin batean bizi garela uste dut. Gorago aipatu dizudan bezala, pertsona baten identitateak, inguratzen duen guztia osatzen du; horregatik, sozialki emakumea izatea zure identitatearen parte da, burusoil, altua, baxua, beltza, lodia… izatea bezala.
Bestalde, Aganistanen ez zaizkie beren eskubideak kendu emakume izateagatik, leku horretan erlijio baten eta haren liburu sakratuaren interpretazio maltzur batetik gobernatzen delako baizik . Ez esateagatik, seguruenik, beraien gorputza ez dagokiela sentitzen duten emakumeak daudela (baina inoiz ez dutela esan jendaurrean errepresalien beldur direlako) bularrak eta bagina dituztenak bezain emakumeak direnak. Eta, alderantziz, gizonezkoak egongo dira beraien gorputza egokitzen ez zaiela sentitzen dutena (eta inoiz ez dutela esan jendaurrean, errepresalien beldurragatik) eta bularrak eta bagina izan arren, lege horiek ezartzen dituzten gizonen berdinak dira.
Iraia:
“Genero-rolak gizartean esleitutako identitatearekin du zerikusia; gure gizartean, genero-ideiak ikuspegi bitarra du, hau da, gizonak eta emakumeak. Generoaren eraikuntzak gure sexua baldintzatzen du eta norbanakoaren identitate sexuala gorputzarekin bat ez badator, gorputza jartzen da zalantzan eta ez identitate sexuala”.
Nik, Suagaarrek ez bezala, ezin dezaket paragrafo horren gainean eztabaidatu. Izan ere, ez dauka batere zentzurik.
Ohikoa bihurtu da transgenerismo eta queer auzien inguruan, batek ia edozer gauza esan dezake. Argudioak auskalo nondik atera edo momentuan asma ditzake, baita ere esaldi batetik hurrengora kontraesanetan ibil daiteke, ez dio inportik… BETI ERE, kondizio batekin: beti ALDEKO IRITZIA izatea eta beti-beti argi utziz bestela pentsatzen dugun guztiok gorrotoz betetako pertsona izugarri gaiztoak garela.
Batik bi:
“… diskriminazio akademikoaren” gaian ez bainago hain trebatua, bai ordea taberna eta gimnasioetako bizigiro maskulinoetan. Maiz kuadrilla-presio itogarriz eta beldur estupidoz betetako giroak. Ea, zer faktore ote dago porrot akademikoa bezalako fenomenoen atzean…?
… A, bai, irakaskuntza sistemak gizonezkoak diskriminatzen dituela! Hori orain arte ez nuen inon entzuna ez irakurria. Aspaldian ez baitut incel sasiliteraturarik kontsultatu… Itzuli beharko naiz.
Neuk dakidala, Akademiak pribilegiatzen ditu pelotak, esanekoak, lagun-familiartekoak, oportunistak, aita-amabitxiren baten eskutik doazenak… Bereziki gertatzen da humanitate eta gizarte adarretan, horietan iruzur intelektuala errazago disimula eta sal daiteke-eta. Sektore publikoan berme gehiago omen dago pribatuan baino, baina oro har fakultate guztietako departamentu guztietan gertatzen da.
Aitzitik, Emakumeak, klase sexual gisa ikasketetan pribilegiatuta daudela gizonezkoen kaltean, hori oraindik ikusi gabe nago. Ezin kasu konkreturik gogoratu.
Emaitzen gorabeherak aparte utzita, eta iluntasun gehiago eman nahian, hona Nafarroako berri, PISA delako txostenaren emaitzez, Diario de Navarrak emana: “Mutilek emaitza hobeak izaten dituzte matematikan, eta neskek irakurketan” (idazpurua neuk itzulia).
Bestela ere, ikusten ez dena zera da, gorputzaz aparte, inork identitaterik, identitate sexualik, genero esleipenik eta gainerakorik baldin badu, non demontre kokatzen diren, ez bada Pinkerrek salatzen duen eta agerian uzten duen “machinako mamuarengan”, izpirituan…