Bi motxila eta hainbat dragoi
Bi motxila eta hainbat dragoi –
Goizeko zazpi eta erdiak dira eta erlojuaren alarma txirrinka hasten da, beheko mahai ñimiñoak dar-dar egiten duen bitartean. Eskuak alarma itzaltzen du, ukitu hotza eta bizkorra, ziztu bizian maindiren barruan berriz sartzen baita. Lotan segitu nahiko nuke, bost minutu gutxienez, baina badakit bost minutu horiek hamar bihurtuko direla eta hamarrak ordu laurden eta dagoeneko oso justu ibiliko nintzateke denbora aldetik. Ama sukaldera doa, gosaria prestatzera eta bere atzetik etxeko txikiena dabil, berak egiten duena errepikatuz, “Haizeak nora, zapiak hara”. Erlojuak zortziak direla dio, etxean nagoenean denbora azkarregi doala somatzen dut. Ama nigana doa ea esnatuta nagoen egiaztatzera. Tripako mina dudanaren aitzakia esango nioke, baina ez luke sinistuko, atzo eta herenegun erabili bainuen aitzakia bera, gaur ez dago aitzakiarik, eskolara joan beharko. Ez dut jada gosaltzeko astirik eta amak prestatu didan arropa janzten hasten naiz. Galtzontziloak, galtzerdiak, kamiseta eta atzoko frakak. Atzo amesgaizto hutsa izan zen, fraken ezkerreko belaunean ipintzen dut ikuspuntua, apurtuta baitago. Ama ez da honetaz ohartu, eskerrak, kezkatuko litzateke eta. Nire anaia-arrebak autoan daude eserita, prest eskolara joateko, ni bitartean motxila prestatzen ari naiz arineketan, matematikako liburua hemendik, ingeleseko koadernoa hortik… Motxila prest, baina logelatik irteterakoan bestea ia uzten dut ahantzita… zera, bigarren motxila. Motxila hauxe oso arraroa da, hasieran txikitxoa zen eta gainean neramala ez nekien, baina gero eta handiagoa da, baita gero eta pisutsuagoa ere. Jendeak motxila bat darama, edota karpeta bat, poltsa bat izan liteke ere jendeak eraman dezakeena. Baina nik bi motxila daramatzat, klasekoa eta bestea, tamalez inork ikus ez dezakeena, ezta amak ere.
Noiz bilakatu zen eskola infernu? Noiz bihurtu zen jolastordua bakarrik egoteko unea? Noiz joan ziren nire lagunak? Noiz hasi zen sufrimendua? Hamaika galdera egiten dizkiot behin eta berriz neure buruari, erantzurik gabekoak. Menditik barrena eskolaren teilatua ikusten hasten da, edo txikitan imajinatzen nuen gaztelua. Ikasleek eta irakasleek ez dakite, baina dragoi bat gaztelurantz abiatzen da, baina motxila bezala, badirudi soilik nik ikus dezakedala hori. Irakasleek ikusiko balute! Irakasleek beste mundu batean nagoela diote, notak gero eta baxuagoak dira, bakardadea gero eta handiagoa. Berdin da ikasgaia, bolaluma eta paper busti zati txikitxoak nire ikaskideen lagun hoberenak dire, ni aldiz, konbinazio horren diana naiz. Betidanik gustatu zaidan ikasgela aldatu egin da, edo agian neu izan naiz aldatu dena, ez baitut nire izaera alai eta kanporakoiaren arrastorik ikusten komunetako ispiluetan.
Hori da hain justu egun hauetan egoten naizen lekua jolastorduetan. Baina gaur paper-bolak botatzen dizkidaten pertsonak hurbildu dira. Giltzarrapoaren zirrikitutik ikus ditzaket, nitaz ari dira hizketan. Hori ez dute ikusten irakasleek, askotan klaseko aingerutxoa jolastorduetako deabrua da. Bat-batean “Qué pringau”, “Qué se cree ese” eta kutsu mingarriko esaldi horiek amaitu dira, pertsona bat sartu egin delako. Klasekoek beldurra dietela esango nuke, ez baitute ahoa berriz zabaldu. Zirrikituan begia ipintzean, dar-dar egiten hasten dizkidate eskuak, goizero bezalaxe. Zirrikitutik buztan eskatatsua ikusten da eta nigana doa; inork ikusten ez duen dragoia nigana doa. Ostikada batez giltzarrapoa apurtu eta atea parez pare ireki du. Dragoi antza duen errepikatzailea niri begira dabil. Handi-handia da, gogor-gogorra eta oso haserre dago, aurpegia gorritzen zaion bitartean. Zalantzarik gabe dragoi bat da eta bere lurraldean nago kokatuta, infernuaren hiriburuan. Atzo frakak apurtu zizkidan pertsonak orain aurpegia komunaren barruan sartzen ari zait, indarkeria izugarriz. Atzo niri begira zeuden pertsonek, ezer esan barik, isiltasun osoz, orain nire motxila husten ari dira, nire hamaiketakoa zapaltzen dute eta eskolako materiala apurtzen ari zaizkit. Honen ondoren honetaz ezertxo ere ez esateko agindu didate. Nola atera daiteke pertsona bat arazo horretatik? Amak motxila eta materiala puskatuta daudela ikustean, ba al dago berak sinets dezakeen aitzakiarik?
Altxatzea lan gatza da, inork ikus dezakeen motxila inoiz baino pisu gehiago duelako. Eskuak dar-darka ditut, fraken eskumako aldea guztiz apurtuta, sudurra odolez beteta, aurpegia berriz, malkoz beteta, negar zotinka nagoelako “LH 4 Komunak” dioen leku ziztrin batean. Denek ikasleak ikusten dituzten tokian dragoiak ikusten ditut nik, Denek komunak ikusten duten lekua, salbu egoteko txokoa ikusten nuen nik.
Batzuetan arazoetatik ihes egiteko aukera paregabeak daude, andereño Miriamek fotokopiak egitera doalako. Hamar minutu inguru ditut “errespetuz irakastea” lema bezala duen sufrimendu honetatik ateratzeko, dragoiak eta herensugeak atzean uzteko, nahiz eta motxilak ia ibiltzen ez utzi. Klasetik ihes, ikastolatik ihes eta arazoetatik ihes, ezin dut gehiago. Leku seguru batera noa, ikastolako motxila ez ezik, beste motxila pisutsua ere gainetik kendu dezakedan lekura, etxera noa.
Itxaron! Baina bihar eskolara bueltatu beharko naiz, sufrimendura, dragoiz betetako gaztelura. Ez ditut sinesteko aitzakiarik, ez dut maite nauen pertsonarik alboan, ez dut sufrimendutik ihes egin ahal izateko txartelik, honi buruz ez dute hitz egiten eskolan. Ama haserretuko da nire frakak ikusten dituenean, itzelezko errieta espero nau nire eskolako materiala ikusten duenean. Ezin dut gehiago, ezin dut gehiago! Badirudi nire logelako leihoa niri begira dagoela, “etor zaitez” diola esango nuke, hortik datoirren haize bolada batek erakartzen nau eta automatikoki eskuak leihoaren kanpoaldean jartzen ditut. “Anaitxo, maite zaitut” dio neure buruak. Ezkerreko hanka ipintzen dut ere leihoko muturrean. “Arrebatxo, ez naiz zutaz ahaztuko” dio orain. Eskumako hanka da orain leihoko muturrean ez dagoen gorputzeko azken atala. “Ama, barkatu, baina ezin dut gehiago”. Malkoak duela asko ez direla amaitu. Gorputz guztia leihoaren kanpoaldean dago, oroitzapen guztiak gogorrak dira, badirudi inori ez diodala inporta, begiak itxi eta aio. Salto.
Lurra odolez beteta dago, eta jendea pasatzean gorpu ñimiño bat ikusiko du motxila batekin, bakar batekin.
Oso unkigarria Inhar