Autobusak eta gurutzebideak

Autobusak eta gurutzebideak

Eguneroko autobusean, Leioako campusera bidean. 18-20 urteko gazteak hitz eta pitz, karrerako kontuez batik bat. Halako batean, Irakasle Eskolako bi ikasleren arteko elkarrizketak nire irakurketa eten du. Interferentzia handiegia, aukeran. Alarmak piztuta:

-Nosotros teníamos que ir a un elkarte.

-Ah, sí. A hablar con un aditu, ¿no?

-Bueno, primero con un erabiltzaile. Así que fuimos a la ONCE y hablamos con un itsu.

 

Handik gutxira, #HerriUnibertsitatean parte hartzen ari den ikaskide baten inguruko iruzkina, ez bereziki negatiboa, baina campusean hiru egunez lo egitea irudikaezina egiten zaiela eta ekimena mundu bateko distantziatik ikusten dutela argi utzi duena.

Ahal izanez gero, baten bat korrika eta presaka etorriko zitzaidan autobusa zein herritik zetorren galdetzera, deskribatu berri dudanaren gisako hizkerak eta pentsamoldeak esparru geografiko oso bakanetan ematen direla pentsatuta. Bada, kontuan hartu behar da azken hamarkadetan euskaldunen taldea periferia geosentimental dei ditzakegunetan lortu duen aurrerakadari esker hazi dela —kontuz: periferia bai, baina batzuetan geo, beste batzuetan sentimental, eta ez beti biak batera—, eta horrek hiztun taldea irudikatzeko definizio irizpideak irauli dituela, halabeharrez.

Ez baita zentrutik hazi, ertzeetatik baizik.

Euskara lehen hizkuntza duten euskaldunen proportzioak behera egin du nabarmen, batez ere gazteen artean, eta horrek hizkuntza gaitasunean ere isla izan du. Gaitasunean, eta, autobuseko pasarteak iradokitzen duen legez, euskararekiko harremanean. Hizkuntza nortasunean, oro har.

.

lehen hizkuntza grafikoa

Erraztasuna EHlehen hizkuntza

.

Josu Amezagaren ondoko hitzek gako garrantzitsuak eskaintzen dituzte gaia ulertzeko:

“Hizkuntzak nire ustez, berez ez du nortasunik. Ni hiru hizkuntzatan moldatzen naiz, baina horietatik bakar batek ematen dit nortasuna. Areago. Niri nortasuna ematen dit, edo nik nortasuna horren inguruan eraikitzen dut. Nortasuna ematen didan hizkuntza ez da nire ama hizkuntza izan; nire hautaketa baten ondorio da. Momentu batean —gaztaroan— erabakitzen dut euskara ikastea, eta hortik aurrera hori da nire hizkuntza-nortasun emailea. (…), iruditzen zait Euskal Herrian gaur egun, euskararen ezagutza mailaren hazkundearen ondorioz, jende askorentzat euskara dakiten hizkuntza bat dela, baina nahiko instrumentala; euskaldunekin hitz egiteko hizkuntza, baina ez nortasuna ematen dien hizkuntza”.

 

Jon Sarasuaren esanak ere ildo beretik doaz:

“Besteak beste, esaten dut ni portugesaren komunitatekoa ere banaizela momentu honetan, eta gaztelerakoa ere bai, eta ingelesekoa ere neurritxo batean, baina badaude diferentziak. Nik sentitzen dut euskara dela nire ardura-komunitatea, besteak dira nire erabilera-komunitateak, baita nire gozamen-komunitateak, baina euskara sentitzen dut nire ardura-komunitatea”.

 

Egunotan asko hitz egin da euskarak estatugintzan izan beharko lukeen rolaz, edota haren kontrako eta aldeko framingaz. Nire jarrera laburbiltzearren, uste dut ulertzen dudala (ez baita erraza, eztabaida hauek hamaika akademizismo estraturen azpian ehortzita gelditzen baitira gehienetan) Imanol Galfarsorok proposatzen duena euskaldunon desagertze/hegemoniko bilakatze horrekin, baina aldi berean gaur egun urrats hori emateko baldintza objektiborik ez dagoela deritzot. Edo beste era batera formulatuta: orain arte euskalgintzan nagusi izan den diskurtso militantea, politikoa eta nortasunari lotutakoa komunitatearen erdiguneko sektoreetan funtziona dezake, baina horrekin batera hizkuntzarekiko jarrera instrumentalagoa duten lagunak erakartzeko diskurtsoak ere garatu beharko dira.

Framing ezberdinak, talde ezberdinak interpelatuta senti daitezen. Militanteagoa bata, banalagoa bestea. Ondo baino hobeto azaldu zuen Lorea Agirrek Gure Bazkan:

Adibide honek argi adierazten du hiztun taldearen zentroarekiko distantzia fisiko eta emozionala duten partaideak ugaritzeaz gain, zentroaren beraren kontzepzioa aldatu egin dela.  Hartara, euskarazko ekoizpena egokitu beharko da postmodenitate likido, aro digital [gehitu nahi beste denominazio hanpatu]… honetara, ikus-entzunezkoek egunerokotasunean gero eta presentzia handiagoa duten garaira.

Aksoy eta Robins-ek (2003) aztertu zuten nola eragiten zuen Londresen bizi ziren turkiar migranteen eta hauen ondorengoen identitate eraikuntzan satelite bidez Turkiako telebista jaso ahal izatea. Ondorioen artean, hauxe: komunitateko kide zaharrenek transmititu zuten turkiartasunaren irudia ez zetorren bat telebistak erakusten zuen herrialdearekin, askoz modernoagoa zena. Turkiako eguneroko errealitate banala zekarkien, eta horrek identitate kolektiboa berdefinitzeko eta berreraikitzeko aukera ematen zien.

Euskaraz eskolari lotutako kontzeptuak besterik erabiltzen ez dituzten eta politikaz (edo, zehatzago, abertzaletasun politikoaz) paso egiten duten autobuseko gazteengana itzulita, hizkuntzarekin eguneroko kontaktu bakarra ematen dieten aingura linguistikoek sekulako garrantzia dute euren hizkuntza erabilera %100 erdarazkoa izan ez dadin. Kasu honetan, eskolak betetzen du funtzio hori, baina nago ni askotan snobismoz mespretxatu ohi diren komunikazio proiektu batzuek ere (Gaztea da kasu paradigmatikoa) ez ote duten funtzio hori betetzen. Euskarak erregistro informal eta lagunarteko propioa sortzeko arazoak ditu, ez naiz ni izango esaten lehena. Bada, publiko arrakasta duten edukiak eta formatuak kritikatu beharrean, gehiago sustatu ez ote genituzkeen beharko, hortxe nire zalantza. Estrategikoak izan daitezkeen hutsune mediatikoak bete, eskaintza osatu, ikuspegia zabaldu. Gero, nork bere gustuen arabera hauta dezala disonantzia kognitibo gutxien eragiten dion edukia, baina ez gaitezen berriz atsekabetu erdarazko komunikabide doilorren ondorioengatik. Esango nuke gehiago daukagula irabazteko, galtzeko baino.

Autobusak eta gurutzebideak / Autobusak eta gurutzebideak / Autobusak eta gurutzebideak