Aroztegiko Fantasiak Guardasola Eta Josteko Makina Juntatu Zituenekoa

Aroztegiko Fantasiak Guardasola Eta Josteko Makina Juntatu Zituenekoa

Tesia egiten ari nintzelarik, Jaime Ignacio del Burgo politikari navarrista eta intelektualki gogaikarriarekin egin nuen amets, ez dakit behin edo bitan edo are hirutan ere –nik behin izan zela pentsatu nahi dut, baina akaso nire burmuineko mekanismoren batek amets bakarrera murriztu nahi izan du esperientzia traumatiko hura–; duela guti, berriz, itzultzaile interesgarri eta intelektualki sofistikatu batekin egin nuen amets. Bi ametsetarik batean, gainera, musuak ere izan ziren –bai, mingain eta guzi–, baina irakurleen esku utziko dut erabakitzea zeinetan izan zen, Del Burgoren ametsean edo itzultzailearenean –segun infernua edo paradisua opa didaten–. Irakaspena da ametsa lurralde arraroa dela, zaila baita imajinatzea bertzenaz non elkartzen ahalko ziren bi pertsonaia horiek, nire ametsen edo fantasien euskarri onirikoan ez balitz.

Nafarroako gobernuak ere fantasia izan du Baztanen, Aroztegiko proiektuarekin. Proiektua lehenagoko gobernutik heldu da, baina Geroa Bairen babesa ere badu, eta helburua da –labur azalduta– Lekarozko Aroztegia jauregia berritu eta hotel bihurtzea, golf zelai bat eta golf eskola bat egitea, eta 226 etxeko urbanizazio bat eraikitzea: etxe guziak beteko balira, biztanle berrien kopurua Lekarozko gaurko biztanleriarena baino bi aldiz handiagoa litzateke. Lekarozen, kontsulta bat egin nahiko lukete gaiaren inguruan, baina proiektua babesten dutenek diote ez dela behar, Baztango udaleko alderdi gehienak proiektuaren alde agertu baitira.

Argia aldizkarian, Asisko Urmenetak marrazki bat egin zuen Aroztegian egin nahi denaren inguruan: mezua zen –berriz ere labur azalduta– proiektuak euskararen galera ekarriko lukeela –edo, bederen, horren ondorioz euskararen egoerak okerrera eginen lukeela– gaur egun euskara bizi-bizirik dagoen eremu batean. Marrazki hori aitzakia hartuta, Koldo Martinez Geroa Baiko bozeramaileak “erreserbak” ekarri zituen gogora, AEBko indioendako eginak dauden erreserbak alegia: “Ongi dakigu, bai, zer gertatzen den erreserbetan. Hori bada Aroztegiaren kontra daukaten arrazoi bat… PENAGARRIA!” bota zuen Twitterren. Alta, zerbaitek Lekaroz erreserba bihurtzekotan, proiektua bihurtuko luke, segur aski euskara bera, mendiekin eta baztanzopekin batera, turistendako apaingarri bilakatuko bailitzateke.

Aroztegiko Fantasiak Guardasola Eta Josteko Makina Juntatu Zituenekoa

Niri Asiskoren marrazki hori ez zait bereziki gustatu, ez zait sobera fina iduritu, baina haren kezka ulertu ez ezik, konpartitu ere egiten dut, eta, Aroztegian egin nahi dutena baloratzeko tenorean, ez dut ulertzen zergatik ez den kontuan hartzen ahal proiektuaren balizko eragin linguistikoa ere. Alde horretarik, atentzioa eman dit Martinezek “arrazoi bat” erran izanak, eta ez “arrazoi bakarra” –zeren, bakarra balitz, ez dakit penagarria litzatekeen, baina bai akaso eskas samarra–. Naski Asiskoren marrazkian gustatu ez zaidana da Lekarozko biztanleak gure kezka linguistikoaren objektu bihurtzen dituela; horregatik –eta Geroa Baiko bozeramaileak bertzelako arrazoiak eskatzen dituenez–, nik bertze motibo hau proposatuko dut, beharbada larriagoa dena: subjektu gisa ere, herritar gisa ere, Lekarozko biztanleak baztertuak izan dira; hau da, proiektua haren eragina sufrituko dutenen borondatearen gainetik egin nahi da, lekaroztarrei ukatu egin baitzaie haren inguruko kontsulta bat egiteko aukera. Eta hori bai penagarria da erabakitzeko eskubidea defendatzen duen alderdi batetik etorrita. Baztango udalean alderdi gehienak Aroztegiaren alde daudela aipatzea ez da aski; hori, nire ustez, ordezkapena erabiltzea baita erabaki gatazkatsu batean jendearen borondatea saihesteko. Kontsultak, halere, atzerrian –Kanadan, Katalunian, Eskozian, ausaz hiru toki aipatze aldera– bizi diren lehengusuak bezalakoak dira: gustuko dugu tartean behin haien postal bat jasotzea, baina bisitan etortzen direlarik, hori nekea!

Aroztegiko afera honen harira, bat-batean bururatu zait akaso Asiskoren marrazkia Imanol Galfarsoro filosofoak buruan duen euskalgintzaren adibidea izan litekeela. Galfarsorok euskalgintzari euskararen inguruko kezka bakarrarekin “eroso” –nolabait errateko– bizi izana leporatzen dio, bai eta fantasia “komunitario indigenista” batean bizitzea ere. Nik erreserbako jendea –Koldo Martinezen solasa erabiltzeagatik– ezagutu dut; edo, nahiago bada, gure fantasia indigenistan benetakotasunaren ikur –Galfarsororen hiztegi kritikoa baliatzeagatik– izan litezkeen batzuekin harremana izan dut; edo, errazago adierazita, Baztango baserritar batzuekin solas egiteko parada izan dut, eta zenbaiten kasuan arrunt deigarria egin zitzaidan ez zirela gauza mundua euskaraz imajinatzeko: baserriko hiztegia sakratua zen, baina hortik kanpo erdara hasten zen, baita narrazioetan ere, baita haur bati gauzak esplikatzeko tenorean ere –zazi tailerrera / panaderiara / pelukerira eta erran: quiero…–. Hobeki moldatzen ziren euskaraz, erdaraz baino, baina, euskararen egoera batere histerizatu gabe, arrunt onartua eta arrunt barneratua zuten euskarak ez duela balio mundua pentsatzeko –are gutiago, mundua aldatzeko–.

Euskalgintzan dabiltzan anitzen praktika –ez nahitaez guziena, euskalgintza toki zabala baita– mundua euskaraz imajinatzea da; euskara ez da duten kezka bakarra –baina bai kezka zilegia–; ez da diferentzia baten adierazpena –egun on erraten dutelarik egun on erran nahi dute, ez dute goizeko lehen ordutik beren euskalduntasun esentziala azpimarratu nahi–; eta beren nortasunaren tipularen erdi-erdian ez da ez Cromagnon bat, ez indio bat, ez indigena bat –pentsalari batzuek zernahi erranda ere–. Horregatik, hain zuzen ere euskaraz bizitzea hautu zibikoa izan delako, mingarria da –eta aspergarria– euskara tartean den aldioro, “erreserba” edo “indigenismoa” mahai gainean jartzea.

Nolanahi ere, surrealisten disekzio mahaian guardasola eta josteko makina juntatzen ziren bezala, edo nire ametsetan Jaime Ignacio del Burgo eta itzultzaile xarmagarria agertzen zaizkidan bezala, polita da Lekarozko erreserbaren fantasia indigenistaren eremu onirikoan politikari moderatua eta filosofo erradikala elkartzen ahalko liratekeela pentsatzea: ustezko diferentzia biendako baita oztopo –batendako, kapitalismoaren aurrerabidean; bertzearendako, kapitalismoaren kontrako borrokan–. Akaso horrek zer pentsatua eman beharko lioke baten bati.

[Euskadi Irratiko gaurko solasaldia testu honetan zegoen oinarritua]

Aroztegiko Fantasiak Guardasola Eta Josteko Makina Juntatu Zituenekoa

Iruñea (1972). Historia ikasi nuen, euskara irakasten dut.

13 pentsamendu “Aroztegiko Fantasiak Guardasola Eta Josteko Makina Juntatu Zituenekoa”-ri buruz

  • KOLONIA

  • Udaletxe Politikariak erostea oso erraza da, eta lurrak erosiko zaizkion baserritar pare bat engainatzea ere. Bana holako aldaketa demografiko brutalak ezin dira Lekarozko (kasu honetan) herritarrei nahi duten galdetu gabe. Izan ere ez det uste udal horretako alderdiet auteskudeetan proposamen hartean hori zunetik.

    Auteskudeetan ezer esan ez, eta gero udaleko politikariak ados jartzea base militar bat egiteko herrian, herritarrak engainatu eta trazionatzea da eta politikari hoiek kartzelara joan beharko lukete “por fraude”.

  • http://arranbela.blogspot.com.es/2013/11/aroztegiako-proiektu-urbanistikoari.html

    0 hektareako lur sailaren birkalifikazioa, 252 etxebizitza, golf zelaia eta lau izarretako hotela egiteko proiektua zen. Aurreko legealdian Palacio de Aroztegia, S.L. enpresak, NaBai eta UPNren babesarekin, bideratu nahi izan zuen proiektua izan da. Lur hauen modifikazioa 2010. urtean egin zen. Hasieratik Lekarozko herritarrak herri galdeketa baten bitartez lur hauen birkalifikazioaren aurka agertu ziren. Bertzalde, modifikazio honen aurrean Aroztegia…eta gero zer? Plataformak helegitea jarri zuen.”

    NAbai ri eta Uxue Barkos eri gustatzen zaizkio PELOTAZOAK antza denez, eta LEKAROZko herritarren nahiaren gainetik pasatzeko ez dute arazorik.

  • Hori bai dena demokrazia NAbai, zoazte pikutara

  • LEKAROZ ko PELOTAZOA!!!!!!!!!!!
    nabai ta upn

  • GeroaBAI PELOTAZO URBANISTIKOEKIN!!!!!!

  • Leonek, arbitro txarrek bezala, konpentsazioan erori da. Joan den astean ezker abertzalearen orterismoa kritikatu zuen eta ostia zaparrada erori zitzaion, baita Hasierrena ere. Aste honetan pirritxistekin kongraziatzeko esfortzu merkea dugu. Ze triste!! A ber honekin Hasier kontentago duzun!

  • “Galfarsorok eta enparauek independentziaren izenean euskara baztertu nahi dute” teoriaren ondoren… “Galfarsorok dio euskalgintza soilik euskaraz kezkatzen dela” teoria berria sortu da artikulu honetan. Biak ala biak fikziozkoak (ez bat ez bestea ez ditu esan Galfarsorok).

    Galfarsorori ulertzen diodana dioenean euskalgintza eroso bizi dela “negarrez”, ez da bi teoria horietan agertzen den ezer. Soilik leporatzen dio euskararen “menperatu” egoera horri aurka egiten eroso egotea, hots erresistentziara mugatzea, irabazteko (hau da, euskara unibertsal bihurtuko den eta beraz berezitasuna izateari (hortik tribugintza) utziko dion) asmorik eta ausardiarik erakutsi gabe. Nolabait esateko, menderakuntzaren kontrako erresistentzia hori “estabilzatu” dela, eta bertan goxo, irautera mugatu nahi duela euskalgintzak. Erresistentziatik ofentsibara pasa nahi izan gabe (eta Galfarsorok ofentsiba independentziarekin lotzen du).

    Hori da, izatekotan, eztabaidatu behar dena: euskalgintza eroso dago erresistentzian? Zeren zain/beldur da ofentsibara pasatzeko? Beste guztia debate merkea sortu nahi izatea da, inork esan ez dituenak jada sarean zabaldutako teoria bihurtu nahian.

    Horraino nire iritzi apala

  • Jarraituko dut, nire iritzia gehiago azaltzeko:

    Eta bestalde, Galfarsoro eta otorduetako beste elkarrizketatuek erosotasunaren kritika hori ez diote soilik euskalgintzari egin, BATEZ ERE, ezker abertzaleari egin diote (behin eta berriro esanez ez dagoela estrategia independentistarik, ofentsibara pasa behar dela iradokiz). Beraz, zertara dator horrenbesteko zalaparta euskalgintzakoen partetik? Irudi luke elkarrizketa horien helburua euskalgintza zirikatzea dela, eta argi dago zirikatuak nagusiki beste batzuk direla. Agian erreakzio horrek ere erakusten du zerbait Galfarsororen “erosotasunaren” teoriaz. Estabilizatutako euskalgintza horrek “establishment” propioa sortu ote du?

    Adibide konkretuetara joanez: har dezagun mugimendu feminista. Jasaten duen zapalkuntzari erantzutera, erresistentziara, eta eskubide berdintasuna aldarrikatzera muga zitekeen. Ziur aski jarrera hori litzateke segurola. Baina ez, proiektu askatzaile integrala diseinatu, eztabaidatu, pedagogia egin…bide malkartsuan sartu dira, eta momentuz ondo doakie. Eta, bide batez, beraien proiektu freminista boterearekin, ahalduntzearekin eta estatuarekin lotu dute, anbizioz. Euskalgintza berdin ari al da?

    Horrats eztabaida

  • Agitz interesgarria euskalgintzari bburuz planteaturikoa, baina agitz interedgarriagoa ene irudikotz Leonek planteaturikoa: Demokraziari buruzkoa. Lekarozkoa adibide arras garbia da herri borondateari kaka burutik bera egin nola egin. Pelotazo garbia.

  • Bai, baina Leonek Aroztegia erabili du bestelako gauzetarako. Nire iritziz artikuluaren mamia ez a Aroztegiaren proiektua. Hori pelotazoa dela itsuek ere ikusten dute, bidenabar esateko.