Aurten ere izango da txerrikirik baserrietan!

Aurten ere izango da txerrikirik baserrietan! –

Ilargiaren arabera erabakitzen omen da noiz amaitzen den etxeko txerriak hiltzeko epea. Azarotik hona, garaia hasi zenetik, makina bat txerri hil dituzte Euskal Herriko baserrietan eta iritsi zaie, orain arte zortea izan duten azken horiei, beren txanda.

Segurako Kortaberri auzoko Kortagi baserriko Txuri eta Beltzen garaia aurreko ostegunean iritsi zen. Txuri hil zuten lehendabizi, txikiena eta biziena zelako. Beltz, ondoren, -handiagoa eta motelagoa berez- lasaiago egongo zelakoan. Bere buruak zer nolako bukaera izango zuen konturatu zenean ez zen, ordea, nagusiek espero bezain lasai egon.

Aurten ere izango da txerrikirik baserrietan!
Irudia: ataria.eus

Arratsaldeko 3:00etan iritsi ginen Segurako Kortagi baserrira. Urrutitik ikusten zen jendea atarian, eta prest zeudela konturatu ginen. Juan Jose Oiarbide eta Juanjo semeak, baserriko aita-semeek eta Juan Jose Olaran Kortaberri baserrikoak zein Andres Ormazabal Urbistondoko bizilagunak osatzen zuten taldea.

Berehala hasi zen errituala. Urteko lana izaki, bakoitzak bazekien zein zen bere lekua, eta konturatzerako hasia zen festa.

Txuriren bila sartu ziren lehenik eta behin ukuilura. Juan Jose Olaran buru, di-da sartu zioten gantxoa matrailezurraren azpitik, eta arrastaka atera zuten ukuilutik. Momentuko herioan indartsu zetorren Txuri eta laupabost pertsonen artean eutsi behar izan zioten.

Atarian, horretarako prest zegoen jarleku batean etzan eta konturatzerako sartu zioten labana txerriari. Kurrixka (=garrasi) ikaragarriak botaz odolustu (=odolez hustu, desangrar) zen Txuri, eta hantxe geratu zen. Odolaren jarioa Juanitak zuen balde batera erortzen zen, eta berak gogor eragiten zion mamitu edo koagulatu ez zedin. Odolkiak egingo zituzten gero horrekin.

Aurten ere izango da txerrikirik baserrietan!
Irudia: erran.eus

Bere eusleengan jarrera ezberdinak antzematen ziren: helduenak —ohituta izaki- lasai; gazteena —Juanjo, etxeko 25 urteko semea- begiak itxita.

Txuri hil ondoren, Beltzen txanda iritsi zen. Antzera hil zuten hau ere, baina, usteen kontra, Txuri baino gehiago oldartu (=haserretu, harrotu) zen Beltz, bere kidearen kurrixkak entzun ondoren bai baitzekien zer zetorkion.

Erretzeko garaia gero. Aurreko egunetan txabola batetik ekarritako garoa lurrean jarri eta bertan bil-bil egin (=bildu) zuten lehen txerria.

Garotan, lastotan nahiz butanoz erretzen da txerriaren azala. Butanoak uzkurtu egiten omen du, ordea, eta Kortagikoek nahiago dute garoa (=iratxea) erabili.

Euri pixka bat ari zuela eta, ez ziren lehen txerriaren ile guztiak erre, eta bertatik atera aurretik errepasotxoa eman zioten suarekin. Prest zen Txuri hurrengo geltokira, dutxara, igarotzeko. Beltzek hartu zuen, orduan, bere lekua suzko aterpean.

Urez betetako balde batekin, mangeraz eta eskuilaz (=cepillo) garbi-garbi utzi zuten Oiarbide aita-semeek lehen txerria, eta garbiketa prozesuan atzazalak ere kendu zizkioten, gantxoa erabiliz. Ez zeukan inolako zikinik ordurako.

Kanpotik garbitu ondoren, bi txerriak barrutik garbitu beharra zegoen. Tentu handiz eta pazientziaz, zuzen-zuzen ireki zituen bi txerriak Juan Jose Olaran, Kortaberri baserriko bizilagunak. Berak ebaki eta bi lagunen artean ireki ondoren, barruak hustu eta lehen odola jasotzeko erabili zen baldera (dagoeneko garbi-garbi eginda) bota zituzten heste eta bestelakoak. Momentu horretan ebaki eta kendu zioten txerri bakoitzari gero albaitariak aztertuko zuen haragi zatitxoa. Haragia “mezulari” batekin bidali eta ordu gutxira jakingo genuen txerria osasuntsu eta jateko prest zegoen ala ez.

Denek zekiten zein zen hurrengo pausua: ia hitzik egin gabe makila lodi bat ekarri zuten eta txerri bati lotu zioten muturrean. Ardatz bezala, gorputz guztian zabaldu ondoren, lau pertsonen artean altxatu eta etxeko atariko paretaren kontra jarri zuten gorputza, hoztu zedin. Bere lekuan kokatuta, gurutze formako ebaki bat egin zion Juan Jose Olaranek bizkarrean. Goierriko eskualdeko berezitasuna den ebaki mota honekin, txerria lehenago hoztea lortzen omen da. Moztu eta zerra baten laguntzaz bereizi zituen bi aldeak. Eguneko lana bukatzear zen, beste makila batekin prozesua errepikatu eta bi txerriak, Txuri eta Beltz, atariko paretaren kontra hozten utzi zituzten.

Biharamunean, hoztu eta gero, txikitu eta prestatuko zituzten (gatzetan zati batzuk eta bere horretan beste batzuk) bi txerrien baliabide guztiak. Etxera sartu eta hiltze prozesuan ibili zirenei emakumeak eta beste gizon batzuk gehitu zitzaizkien. Lanaren ondoren, berriketa eta lehen “jakien” prestaketa garaia zen. Albaitariaren deiari itxaron eta txerrien gibela dastatzeko pronto jarri ginen. Betea zen, askori atzera eragin arren, aspaldi-aspaldiko errituala.

Aurten ere izango da txerrikirik baserrietan!
Aurten ere izango da txerrikirik baserrietan!