Aniztasunaren alde, kanpotarrak kanpora
Aniztasunaren alde, kanpotarrak kanpora –
Bertakoak babesteko eta kasu askotan inbasiotzat hartzen diren horiei aurre egiteko, kanpokoak direnak kanpoan egotera behartu behar dira. Izan ere, Europa osoan arazo handia bihurtu da fenomeno hau: kanpotik, beste latitude eta ekosistema batzuetatik, etorri dira azken hamarkadetan, batez ere XX. mendetik. Garraioak areagotu direnetik, masiboki etorri dira Europara eta baita Euskal Herrira ere, jakina. Hasieran gutxi batzuk ziren. Baina denborarekin hain handia egin da bere kopurua, non bertakoak ere gainditzera igaro dira. Mugen kontrola ezinbestekoa bihurtu da.
Kanpotarrak gutxiengoa izatetik gehiengoa izatera pasa dira. Eta horrek botere harremanak aldatu eta irauli ditu. Inbaditua inbaditzailera egokitu da eta ez alderantziz. Ehundaka urte zeraman egoera eta ezaugarri batzuk guztiz aldatu dira. Europako lurralde askotan horrela gertatu da. Badira oraindik espezie inbasorerik gabeko guneak, baina gero eta gehiago inbasoreek bertakoak gainditu dituzte, ia desagertzeraino kasu batzuetan. Indibiduoen koloreak, arrazak, soinuak eta ezaugarriak ezberdinak dira. Eta hori ikusi eta entzun egiten da, oso agerikoa baita.
Bertakoek ezin izan dute ezer esan edo egin, baina gure politika-agintariek ere ez dute ezer egin hori saihesteko, edo kasu askotan bezala, sustatu egin dute etorrera eta ordezkapen hori. Baina azkenean, konturatu dira. Egoera nolakoa den hobeto ezagutzen duten aditu eta erakunde batzuek presionatuta -kontserbazionistak batez ere-, kanpotarrak gehiegi direla erabaki dute. Bertakoen biziraupena kolokan zegoela konturatu dira.
Horrengatik guztiagatik, Espainiako gobernuak hainbat animalia eta landare espezie debekatu ditu: untxiak, hamsterrak, saguak, kamaleoiak, perikitoak, dortokak, vietnameko txerriak… hau da, gaur egun, etxe askotan maskota bezala daudenak ezingo dira eduki. Arrazoia? Ingurugirora heltzen direnean -ihes egin edo galtzen direlako-, bertakoen habitataz jabetzen dira. Bioaniztasuna kolokan jartzen dute. Kate trofikoa apurtzeko arriskua oso handia da. Batzuetan espezie autoktonoa hiltzen dute edo azkarrago ugaltzen dira. Landare inbaditzaile asko duela urte batzuk debekatu ziren. Legea urratzen dutenei zigorra ezarri dira. Gakoa mugetan dago. Hegazkin eta itsasontzien etorreran kontrolak ezinbestekoak dira. Baina pentsamolde eta jokaera aldaketa hau garaiz iritsi da gure fauna eta florarentzat?
Aniztasunaren alde, kanpotarrak kanpora
Bai,horrelakoa da egoera,gizakiakin ere bai gauza bera ari da gertatzen baina inork gutxi ez du ezer erraten.