25 urteko espetxe zigorra Eliza Katolikoari Euskal Herrian euskaraz jardutea eskatzeagatik

25 urteko espetxe zigorra euskaraz jardutea eskatzeagatik – 

   Aurten 70 urte bete dira 1952an Federico Krutwig Euskaltzaindiako akademiko gaztea Hego Euskal Herritik exiliatu behar izan zenetik, 25 urteko espetxe zigorra jasota, Bizkaiko Diputazioaren egoitzan Elizari euskaraz jardun zezan eskatzeagatik.

   Orduan Krutwig zenbait urtez Euskaltzaindiako akademiko aktiboen eta dinamikoena izan zen. Azkue Euskaltzaindiako buruaren lagun estua, gerra osteko akademiaren berrantolaketa burutu zuen Federicok, exilioan zeudenei euren postuak onetsiak izan zitezen eta iparraldekoek ere euren tokia manten zezaten formula bat sortuz eta aplikatuz. Euskararen aldeko dinamika bat abiatu zen, eta hor frantziskanoen anaidia lagun izan zen. Anaidi horretako kide Luis Villasante jauna Euskaltzaindian sartu zenean haren sarrera hitzaldiari Krutwigek erantzuna eman zion.

25 urteko espetxe zigorra euskaraz jardutea eskatzeagatik
Federico Krutwig Euskaltzaindiako akademikoa, hirugarrena ezkerretik.

 

   Honela hasten da hitzaldia :

« launa:

Bietan pozgarri izaiten zait zuri abegiaren emaitea, lehenik euskalzale suhar eta adiskidea bait zara, bigarrenik zure personan prantzikotarrei sari bat eman dakien, Euskalherriaren gau ilhun hauietan, euskararen garra behar zen bezala izanezarren, berhain, Euskalherrian ari diren erlegino-ordinetan’ zuok euskararen eskubideak hobekienik zaindu dituen batzarretan egonik bait zarete ».

 

   1952ko Krutwigen hitzaldi hori, formalki bikaina izateaz gain aipuekin eta argudioekin, euskal herriaren eta euskararen defentsa argi bat izan zen, eta horretarako Eliza Katolikoa beraren legedia erabili zuen, Eliza beraren jardun kontraesankorra agerian utziz.

   Hona hemen hitzaldiaren aipu batzuk :

« Zuk erran duzunez gero herriaren problema haur gogoaren amplitudinez ephaikatu behar dugu, gun hizkalkiez eta haranez harantza behatu, euskaldun guztiok’ herri bat garela ikhusi, eta gu bezainbertzeko euskaldun’ laphurtarrak, nafarrak eta zuberotarrak direla gogoratu behar dugu, eta agian gu baino are euskaldunago. Gipuzkararen soluzinoa’ herstua da, soilik Bizkaia eta Gipuzkoa aintzat hartzen bait ditu, problema hauien ephaikatzekotz’ gure herriaren osotarzuna bururatu behar dugu eta guztiontzat soluzino onhesgarria eman. Geuk hizkalkiak bizirik iraun-arazi nahi ditugu, nungoak garen erakhustea laidorik ez bait da. Hizkalki hauien atxikidura izan dadin litteratur euskara eduki behar dugu, hunen erroak gure hizkalki guztiak direlarik ».

« Bai, euskara bizi dadin, eredu litterari bat ukhan behar dugu eta litteratur euskara huntan’ kultur bat iaio arazi, euskara ere’ kulturaren, edukazinoaren eta hazturaren symboloa lizen. Bainan hunen egitekotz orain euskaldun ephelen zalantza sumatzen dut, behar bada hekiek hunela galde eginen deraukute: euskara bizi dadin, zergaitik nahi duzue? Ez othe zegoen zuzen Unamuno, euskara utzi behar zela erraiten zuelarik, edo ta gure herriaren konszientza galdu duten baserritarrak eta kaletarrak erdalduntzatzen direlarik?

Huni aitzi iaiki behar dugu, ez nehola ere ez, herri baten altxor nabusienak eta bere thesauro handienak, bere hizkuntza ta bere gogoa bait dira.

Hizkuntzan’ zein ere herrik bere gogoaren expressinoa moldatu du, arbasoen hizkuntzan sentimendu sakonenen bidea dago. Herri bat desnazionalizatzen den guztietan herrikideek persontasun humanuaren duintarzuna galtzen dute. Barres Muricek dioenez: «Que detruire II a’ ecole la langue nationale, c’est bel et bien detruire des intelligences, creer des estropies pour la vie, abetir una population» (1). »

« Humeei arbasoen hizkuntza ez den mintzoara xerthatzen zaienean’ gurasoen authoritaten hausten da, familiaren Ethoa desegiten da, eta inmoralitatea fomentatzen ».

« Halakotz, eta Elizaren lehen egin beharra familiaren Moralearen, eta Ethikaren zeintzea bait da, edonun Elizak arbasoen hizkuntzak eta heietazko irakaskintza zein tzen eta aldezten ditu, orain Euskalherrian hunela irudiezarren. Grentrup doktorak non eta noiz desnazionalizatzen den iakin-araztekotz, galde huni buruz hunela erantzuten derauku: (9) «Bei welchem Schultyp tritt in einzelnen die Tatsache der Entnazionalisierung hervor?» (lO). Euskaraz: «Eskolaren typoetarik zeintzuetan desnazionalizazinoaren egia nabaritzen da?». Eta bere erantzuna’ haur da: (ll) «Dudarik gabe herri baten arbasoen hizkuntza irakaskintzaren programmatik khendu ‘den guztietan».

Bigarrenik haur dio: «Geroagoz, desnazionalizazinoaren zerbitzuan ere ba dagoz arbasoen hizkuntza soilik «ikasteko» objektua bai lizen irakasten den guztietan». Eta azkenik hunela diosku: «soilik grammatike ta erleginoa arbasoen hizkuntzaz irakasten den guztietan ere’ eskola desnazionalizatzearen zerbitzuan dago». Eta Euskalherrian nola gagoz? »

« Elizaren Hierarkhiak’ Euskalherriaz bertzalde hunela ekhin du: Polonian’ Prussia ta Errusiaren menpean zathiturik zagoenean’ Poloniko aphezpikuek erlegino ta katixima arbasoen hizkuntzaz irakatsi behar zirela erabaki zuten ».

« Aphez batzuek Euskalherrian’ erdaraz errezago dela ba hal dioite? Noren erraztasuna? Aphezen zabarkeria? Artzain tzarren lazukeria noiz danik aintzat hartu behar da? Bi hizkuntza erabiltzen diren herrietan zergait ez zaio batberari bere arbasoen hizkuntzan predikatzen? Bertze eskualdeetan bezala Euskaldunek erdaraz hulertzen dutela ba hal dioite? Ez da haur zio iusturik; haur bakharrik aphezen nagikeriaren desenkusatzea da ».

« Lithuanian, Polonian eta Txekoslovakian bethi batbederari bere hizkuntzaz irakatsi izan zaio, erleginoa batez ere, bainan Euskalherriaren egokerari beha tzen ba deraukogu galde hauk egin behar ditugu: Zeruko Jainko jakintzaguztidunak euskaraz hulertzen ez ahal du? Edo ta zergatik Euskalherriko eskoletan ez da erleginoa euskaraz irakasten? Edonungo seminarioetan hizkuntza vernakulaz irakatsi behar da, bainan Gasteizko seminarioetan euskal kathedra khendu izan da, zergatik? »

 

   Autoritate frankistek diskurtso harengatik Federico zigortu nahi ukan zuten. Baina bera enteratu zen asmo horretaz, eta Ipar Euskal Herrira joan zen. Autoritateen aldetik, jaso zuen eskaintza bere hitzez damutzeko eta hala bueltatu ahal izan litzateke, baina berak eskaintza horri ezetza eman zion, eta hala izan zen kondenatua 25 urteko kartzela zigorrera. Zigor eredugarria aplikatu nahi ukan zioten, beste inork hitz zuzena eta askea erabil ez zezantzat.

“En esta segunda visita me informó el P. Villasante de un hecho que me dejó consternado y asombrado; a saber, que habían condenado a Krutwig a 25 años de prisión como consecuencia de su discurso ya citado. Consternado, pues, juzgo el dolor del pobre Krutwig al verse así separado de su familia y de sus amigos; asombrado, porque nunca pensé que pudiera recaer sobre él una sentencia tan dura” Echaideren gutuna N. Oleagari, 1952-10-02.

 

   25 urteko espetxe zigorra ezarri zioten Federicori, eta 26 urte exilioan eman zituen, Hego Euskal Herrira 1978an bueltatu zelarik.

   Hemen topa daiteke Krutwigen 1952eko hitzaldiaren testua osorik :

https://andima.armiarma.eus/egan/egan72/iruegan720023

   Eta hemen Federicoren hitz batzuk diskurtso horren inguruan :

https://andima.armiarma.eus/egan/egan72/iruegan720013

   Hemen topa daiteke gaia sakonki aztertzen duen idazlana, Anton Ugarte doktoreak egina :

https://www.euskaltzaindia.eus/dok/iker_jagon_tegiak/82339

 

   Justiziakoa da aitortzea injustizia argia egin zela gure herriaren aurka 1952 urte hartan, Federico Krutwigen pertsonaren bitartez, eta Federicok bikain erantzun ziola injustizia horri. 25 urteko kartzela zigor hori bete zuen modu batean, 26 urteko exilioan borrokan, berari eta gure herriari eginiko injustizia horri aurre eginez.

25 urteko espetxe zigorra euskaraz jardutea eskatzeagatik

Zer duzu buruan “25 urteko espetxe zigorra Eliza Katolikoari Euskal Herrian euskaraz jardutea eskatzeagatik”-ri buruz

  • Anhitz esquer, Belatzgorri, datu interessant hauec guri emaiteagatic.
    Adeitsuqui