Albiste faltsuen faltsukeria
Albiste faltsuen faltsukeria –
Azken boladan, bolo-bolo dabil “fake news” terminoa. Bitxia bada ere, Trump-en hauteskundeetan nagusitu eta hedatu zen espresio hau. Trump-ek erabiltzen zuen CNN, MSCN, New York Times, Washington Post… erakundeek berari buruz ematen zuten informazioa ezeztatzeko. Medio horiek “dishonest” edo zintzoki ez aritzea salatu zuen. Paradoxikoki, orain, askotan Trump bera albiste faltsuen bultzatzailetzat hartzen da.
Baina albiste faltsuak ez dira gaurko kontua, ezta gutxiago ere. Albiste faltsu, erdizkako egiak, manipulazioak, tendentziosoa, tabuak, eufemismoak,… betidanik egon dira. Gaur egungo egunkari, TB, irrati edo internet aurretik, albisteak bakoitzaren interesen alde emateko joera betidanik existitu da. Zurrumurruak eta txutxumutxuak betidanik egon dira. Gaur egun internet dugu. Zein da gaur egungo berritasuna orduan? Albisteak hedatzea inoiz baino azkarragoa da. Berehalakotasuna nagusi.
Jendeak inoiz baino denbora gehiago ematen du informazioa jasotzen. “Informazioaren gizartean” bizi gara.
Baina inoiz baino albiste faltsu gehiago dago? Ba, aurkakoa gertatzen dela esan daiteke. Zergatik? Hasteko, informazioa kontrastatzeko iturri pilo ditugu. Segundo batean gure mugikorrean informazio fidagarriago edo kontrastatuagoa bila dezakegu. Iturri inpartzialetara jo dezakegu.
Lehen, jendeak bakarrik bere kordako egunkariak irakurtzen zituen. Ez zegoen prest gainontzeko egunkariak irakurtzeko eta are gutxiago erosteko (askotan aukera fisikoa ere ez zegoen). Gaur egun, ordea, gertaera bat benetan nolakoa den jakin nahi badugu, internetera jotzen dugu.
Informatzeko edo zure ideologia sendotzeko irakurtzen duzu?
Esaten da, gure ideiak sendotzeko edo birsendotzeko, gure kordakoa irakurtzea gustatzen zaigula. Baina jakin-minak besteek zer esaten edo pentsatzen duen ikustera garamatza.
Foroak eta komentarioak: esperimentu soziala.
Albistearekin batera, internetek eskaintzen duena zera da: iruzkinak egitea. Foroetan eztabaidak sortzen dira askotan. Gehienetan jendeak modu anonimoan komentatzen du. Beste batzuetan bere izen abizenaz, baina ez dakigu horiek benetakoak diren, kazetariak ez badira. Esan genezake, foroena esperimentu soziala dela. Izan ere, bi jarrera egoten dira bertan:
– Tontakeriak, gezurrak eta irainak botatzen dituena, kontzienteki edo inkontzienteki. Askotan troll deitzen zaio ere.
– Bere benetako iritzia eman, aurrez aurre esango ez lukeena esan. Askotan, jendearen benetako iritzia aurki dezakegu foroetan. Izan ere, kalean edo publikoki inoiz esatera ausartuko litzatekeena, anonimoki esatera ausartzen da pantaila baten bidez.