Adierazpen askatasunik ez eta kale gorrira botata
Adierazpen askatasunik ez eta kale gorrira botata –
Justizia sistema itsua izan behar dela diote. Eta, bai, gurean, justizia sistema itsua dela ez dut zalantza izpirik. Izan ere, euskal aberriaren aldeko ikuspegia izanda eta haren aldeko ekintzaile izatean, zure eskubideak ikustezin bilakatzen dira. Espainiar justizia sistema itsua izan zen Altsasuko gazte eta Guardia Zibilen arteko liskarren artean sortutako aferaren inguruan. Itsua izan zen horren inguruko bideo, txosten eta gainontzeko peritoen frogak ikusteko; Oftalmologia-azterketa sakon baten beharra argi azaleratuz.
Sistema biziatu batean murgilduta gaude. Euskal askapenaren ekintzailetza sistemikoki estutzen duena. Ziurrenik, europako justizia sistemak, urte batzuk barru, itsukeriatik haratago, zuzenbide bidezkoagoaren bidea erakutsiko digu. Hori bai, ordurako, Altsasuko gazteek jadanik beren gaztaroaren zati bat sistema errepresiboak bahituta emanak izango dituzte urte batzuk.
Hara non, bidegabekeria honetaz guztiaz jabetuta, futbol jokalari batek duintasun pittin batez, gazte nafarren egoera salatuz, kamiseta xumea jantzi zuen espainiako lehen mailako Granada FC taldeak “Europa” Ligarako sailkatu zeneko ospakizunetan.
Futbolari hori atezain bizkaitarra da, izenez Unai Etxebarria. Altsasuko gazte espetxeratuen aldeko elastiko bat erakustean, Jiang Lizhang presidenteak zuzenduriko Granadako taldeak zigor espedientea zabaldu zion, VOX eta beste talde politiko batzuek presio egin ondoren. Espedientea ireki eta hilabetera, taldetik kanpo utzi zuten 24 urteko jokalari getxoztarra.
Kanporatze erabat ideologiko horren defendatzaile sutsuen espainiar konstituzioa bedeinkatuak “adierazpen askatasuna” bermatzen omen du 20 artikuluan. Artikulu horren “1.a” puntuan “Pentsamenduak, ideiak eta iritziak hitzez, idatziz nahiz beste edozein bidetatik askatasunez azaldu eta zabaltzeko”eskubidea garantizatzen du. Nago, lanpostutik kaleratzeko argudioa nahikoa ez dela izango epaitegi baten aurrean. Baina, hara non, gurpil zoroaren bira emanda, justizia sistemarekin topo egin dugu berriro. Sistema “itsu” horren aurrean gaude berriro.
Lerro hauek idazteak ematen didan aukeraz profitatuz, Unai Etxebarriaren ekimen ausartari omenalditxoa eskaintzera noakio beraz;
Unai, zuk zenuen adore erakutsi
ez zenituen begiak itxi
eta adierazi zenuen zure iritzi
futbolarien artean zara bitxi
eginikoa ez da gutxi
zarena izateari ez utzi
Ez ditzagun ahaztu, halaber, injustizia nagusiki pairatu dutenak, alegia, Oihan, Jokin, Jon, Julen, Adur, Aratz, Iñaki eta Ainara. Egoera bera, gertaera bera baina beste edozein talde ideologikokoak izanda, zigor eskasagoa jasoko zuten gazteak.
Adierazpen askatasunik ez eta kale gorrira botata