Zaintza sektoreak, indarkeria eremu

Zaintza sektoreak, indarkeria eremu –

Greba Feminista Orokorraren atarian gaude. Aldarrikapenen artean zaintza kolektibizatzea dugu, denon bizitzak erdigunera ekartzeko. Aurten, beraz, Azaroaren 25ak zaintza eredua iraultzeko borrokan harrapatu gaitu, eta saihestezina da horien arteko lotura egitea.
Zaintza sektoreak, indarkeria eremu

Iaz, ELAk galdetegiak egin zituen lantokietan prekarietate kanpainaren baitan. Helburua zen prekarietate elementu ezberdinak aztertzea, eta horien artean baita sexu jazarpena ere. Emaitza honako hau izan zen: 402 lantokietan egindako inkesten artean, 183 sexu jazarpen atzeman ziren, eta horietatik %80 baino gehiago eremu soziosanitarioan gertatu ziren, erresidentzien eta Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuaren sektorean, batez ere.

Menpekotasunaren zaintzarekin lotutako sektoreek ezaugarri komun batzuk dituzte: sektore feminizatuak dira, eta funtsezko lanak egin arren, gutxietsiak eta prekarioak dira. Gainera, egoiliarrekin tratu zuzena eta pertsonalizatua eskatzen duten lanak dira, eta askotan bizitza pertsonalaren eta intimitatearen eremuan gertatzen dira. Maiz lantokiak egoiliarren etxeak izan ohi dira, eremu ‘pribatu’ gisa ulertzen diren horiek.

Guzti horrek, eremu soziosanitarioko langileak bereziki zaurgarri egiten ditu indarkeria eta jazarpen sexistaren aurrean. Zer esanik ez etxeko langileen sektorean: aipatutako faktoreen eragina biderkatu egiten da langile horien kasuan, eta bestelako ezaugarri prekarizatzaile batzuk ere batzen zaizkie, hala nola, lan baldintzen erregimen berezia, etxe barruko langilearen figura, langile asko eta asko egoera administratibo irregularrera kondenatzen dituen atzerritartasun legea… Horrek guztiak nabarmen handitzen du etxe barruko langileen zaurgarritasuna.

Betidanik salatu izan du ELAk ikuskaritzaren itsutasuna laneko sexu jazarpenaren aurrean. Erabatekoa da etxe barruan eragiten den laneko indarkeriarekin instituzio publikoen negligentzia. Funtsezko langile horiei bermatu behar zaizkie lantoki seguruak, eta horretarako baliabide publikoak jarri behar dira, esaterako, ikuskari gehiago eta espezializatuak. Eta noski, etxeak ere lantokiak direla aitortu behar da.

Arlo publikoaz gain, ezin dugu ahaztu zaintzaren kontura poltsikoak betetzen dituzten enpresen eta patronalen ardura. Praktikak erakutsi digu asko dagoela hobetzeko enpresen jarreran, mekanismo eta protokoloei dagokienez. Oraindik ere ohikoa da sexu jazarpenaren aurkako protokoloetan salaketa faltsuen mitoarekin topo egitea, nahiz eta datu ofizialek erakusten duten genero indarkeriagatik aurkeztutako salaketen %0,001 bakarrik direla iruzurra.

Bitartekaritza planteamenduak ere ohikoak izaten dira. Erasotua zein erasotzailea parez pare jartzen dituzte, euren artean konpondu beharreko ‘liskar’ bat balitz bezala.

Era berean, erasotzailea egoiliarra edota erabiltzailea denean, protokoloek normalean ez dute inolako mekanismorik aurreikusten. Eta neurriak proposatu ditugunean, esaterako zerbitzu jakin bat langile bakarrak egin beharrean binaka egitea, ez da kontuan hartu. Zaintzarekin gertatzen den bezala, neurri horiek diru kostua dutenean, kapitala gailendu egiten zaio ongizateari.

Hori gutxi ez, eta horrelako jazarpen prozesuetan azpimarra jartzen da erasotuaren jokabidean eta erantzunetan, eta horrek areagotu egiten ditu erruduntasuna eta babesgabetasun sentsazioa. Oraindik ere ohikoa da lantokietan, komisaldegietan zein epaitegietan, auzitan jartzen da erasotuaren errelatoa, jokaera eta erreakzioak. Horregatik, besteak beste, lan arloko eraso sexisten %8 bakarrik salatzen dira.

Egoera horren aurrean, ELAk enpresei zein botere publikoei dagokien ardura hartzea eskatzen die. Premiazkoa da lantokietako indarkeria matxistari erantzun kolektiboak ematea, bai industriaguneetan, bai bulegoetan, bai egoitza zein etxeetan. Zaintzekin aldarrikatzen dugun bezalaxe, laneko indarkeriak jendarte osoa interpelatzen du, denon bizitzak erdigunera ekartzea baita gure helburua.

Baditugu hamaika arrazoi hilaren 30ean kaleak hartzeko.

Zaintza sektoreak, indarkeria eremu Zaintza sektoreak, indarkeria eremu

ELAko Genero politiketarako taldeko kidea

Zer duzu buruan “Zaintza sektoreak, indarkeria eremu”-ri buruz