Zaintza, familia zabala eta greba feminista

Zaintza, familia zabala eta greba feminista – 

Zaintza, familia zabala eta greba feministaAzkeneko 2500 bat urteetan gizakion bizitzari “zentzua” emango liezaiokeen xede bila dabil Filosofia. Emaitzarik ala amaierarik gabeko ariketa izan daitekeela sumatzen dugun arren, lan hori erabat beharrezkoa dela uste dut.

Ez litzateke txarra izango, ordea, saiakera horrekin batera bestelako ariketa batzuk egitea ere. Esaterako, aberasgarria da oso gu aurretik egon diren pertsonei, taldeei eta kulturei so egitea , gure espeziea orain arte bizirik iristeko bidea ez baita da batere xamurra izan. Zer nolako trikimailu, tresna edota euskarri izan zituzten gu bezalako izaki xelebreak gaur arte irits daitezen?

Familia Zabala

Munduko kultura gehienen tresnetako bat Familia Zabala da. Ez dezagun pentsa, berriz, Familia Zabalak seme-alaba asko munduratzea esan nahi duenik. Antolaketa eredu hau nagusiki ahaidetasunean oinarritzen bada ere, ezaugarri askoz konplexuagoak ditu. Familia Zabala askotan ahaidetasun sinbolikoak elkartutako kideek osatzen zuten, gertuko komunitatea sortuz, sare iraunkorra eratuz eta zaintza kolektiboaren ardura banatuz.

Bi eremu nagusi egon ohi dira: Familia Zabalaren gune intimoa; eta sare eraginkorra. Bi eremu horiek erabat beharrezkoak dira pertsona ororentzat bizitzak duen gorabehera materialak, sozialak, kulturalak eta psikologikoak artatzeko. Gune intimoan etxeko guztiak, gurasoak, izeba-osabak, aiton-amonak, lagun-minak kokatzen dira; sare eraginkorrean, beste ahaide, lagunak eta auzokideak. Komunitate horien ardura zen bizi-kalitatea, bizipoza, gaixoak zaintzea, zaharrak babestea, umeak hezitzea gatazkak ondo kudeatzea.

Baina eredu horrek birrindu zuten hainbat eragilek. Jauntxoek, erregek, elizak eta enparauek mende luzez jo zuten berdinen arteko sare horiek deuseztatzeko. Egitura guztiak birrindu eta berrosatu behar ziren agintarien mesederako eta herri xumearengan menpekotasuna lortzeko.

Azkeneko zartako handiena kapitalismo korporatiboak eman du, jendarte sareak erabat txikituz, bakoitzak bere zilborrari baino ez diola begiratu behar proposatuz, eta asegaitza izango den hedonismoa elikatuz.

Zaintza

Egun, zorionez, “zaintza erdigunean” agenda soziopolitikoaren erdigunean dagoen leloa da, baita zaintza negozio bilakatu nahi duten eragile ziniko askoren ahotan ere.

Haatik, etiketa berrien itxura hartzen duten aldarrikapen asko, beste hainbat aldarrikapenarekin geratzen den bezala, betiko eskaera historikoak dira.

Jendarte guztien antolaketaren helburu nagusia taldearen zaintza da. Bizitzaren etapa guztietan norbanakook taldearen laguntza behar izaten dugu. Gertukoen babes sarea hausten eta husten bada, gure menpekotasuna erabatekoa da. Zenbait ereduren arabera, Estatuek ala bestelako erakunde publikoek hutsune horiek betetzeko agindua dute. Aldarrikapen hori zuzena izangatik ere, indibidualismoaren ereduari egurra ematen ez badiogu, ez da aski izango. Jendarte-sareak, gertuko subjektu kolektiboak ere berreraiki behar ditugu.

Greba Feminista

Hilaren 30ean Mugimendu Feministak greba orokor batera deialdia egin du. Zaintza publikoaren aldeko deia da, baita zaintza kolektiboaren aldeko aldarria ere.

Deialdiaren muinak bete-betean asmatu duelakoan nago. Familia Zabalen sarea eroritakoan, jendarte-egitura ahultzen ari direlarik, dena merkatalizatu nahi duen kapitalismo korporatiboaren erasoaren aurrean, berriz ere, emakumeen bizkarrean gainean “bota” nahi dute zaintzaren ardura. Neurri estrukturala duen arazo larri hau bi tokitatik baino ezin da bideratu. Hau da, greba deialdia egiten dutenek esaten duten lez, babes publiko zorrotza eskatuz, eta zaintza kolektiboa saretuz.

Ziria ederki sartu ziguten. Etxezuloan aspertzen ziren emakume burgesek lanera joatea eskatu zuten, munduko emakume gehienek, baita Euskal Herrikoek ere, bizitza osoa lanari ematen ziotela ahaztuz. Maitasun erromantikoaren mitoa bizitzaren ardatz nagusia izan daitekeela sinestuaraziz; familia nuklearra autonomoa izan daitekeela amestuaraziz; etxebizitza eskubide nagusi bat izan beharrean, negozio itzela izan daitekeela pentsaraziz.

Egun, gure piramide demografikoak harrapaturik, kapitalismo korporatiboak sortu dituen fikziozko beharren menpe, sindikatua ordezkatu duten psikiatrak aholkutako botikei loturik, etxean lortzen ez duguna gimnasioko erronka berriaren bidez ase dezakegula sinetsita, zaintzaren krisi larria pairatzen dugu.

Josebe Iturriotzek dion moduan, ziurki gizon heterosexualok (batik bat iragan den mendeak hazitakook) ezin gara feministak izan. Hamaika ikastaro, saiakera eta maskulinitate berriari buruzko dozenaka saiotara joanda ere, gure pribilegio guztiak ez ditugu baztertuko. Baina, behintzat saiakera zintzo egin dezagun, sar gaitezen buru-belarri zaintza kolektiboan lan mardulean. Hilaren 30ean egin dezagun greba feministarekin.

Agian filosofoek askatu nahi duten enigma, bizitzaren xedea, alegia, ez dugu inoiz askatuko, baina hel diezaiogun gure aurrekoei hel zioten erronka nagusiari, elkar zaintzari; ulergarria eta ukigarria izan daitekeen erronkarik garrantzitsuena.

Zaintza, familia zabala eta greba feminista Zaintza, familia zabala eta greba feminista Zaintza, familia zabala eta greba feminista Zaintza, familia zabala eta greba feminista

Donostiarra Pasaiaratua.

3 pentsamendu “Zaintza, familia zabala eta greba feminista”-ri buruz

  • Gaur egun “familia zabala” kontzeptua aurrera pausu baten moduan saltzea, ez dauka nondik hartzerik. Baten batzuk euren “aurrerakoi” mundu horretatik irtengo balira, hobeto joango litzaiguke.

  • “Tximino”, “Familia Zabala” termino klasikoa da, batik bat horregatik erabili dut. Artikulua arretaz eta aurreiritzirik gabe irakurri baduzu, ikusiko zenuen fenomeno soziokultural anitz bati buruz aritu naizela. Beti izan da oso anitza. sarritan ahaidetan biologikoa izan da, askotan ahaidetasun hori eraikitako sare sinbolikoen bidez egiten zen. edozein kasutan sare horiek gertuko komunitate bat osatzen zuten norbanakoen zaintzaz arduratzen zena. esan bezala forma eta izaera asko hartu ditu, baita patriarkalak , itxiak eta itogarriak ere. Egun berriz, Familia zabala kontzeptua gaur egungo jendarte konplexu eta aldakorrera egokitu behar da, eta hortaz osagarri dinamikoagoak hartuko lituzke. Sare publikoaren babesaren aldeko aldarria, jendarte-sareen aldeko aldarriarekin erabat bateragarria da, izan ere, beharrezkoa.

  • Feminismoa be like:
    Familia suntsitu.
    Zaintza erdigunean jartzea eskatu (zaintza modu bakarra suntsitu ondoren).