Txalorik jaso ez zuten emakume guztiei

Txalorik jaso ez zuten emakume guztiei –

Urtebete da covid-19 gaitza gure bizietan bat-batean sartu zela. Urtebete da horrek ekarri zuen krisi sanitarioak agerian utzi zituela krisi sistemiko baten berezko aje eta hutsuneak, Bigarren Mundu Gerratik ikusi gabeko zerbait.

Txalorik jaso ez zuten emakume guztiei

Urtebete da gure planetak eta naturak arnas hartu ahal izan zutela beheraldi produktibo orokorrari esker. Batzuek uste genuen auzoen artean sortu ziren babes eta zaintza sareek komunitate bihurtzeko aukera ematen zutela.

Urtebete da derrigor konfinatuta egoteak erakutsi zigula gure bizimodua zein zaurgarria eta ziurtasunik gabea den.

Egoera hartan, bada, txalo jo genuen. Txalo, baliabide eta babes instituzional eskasak zituzten langile sanitarioei. Txalo, aspaldidanik murriztu eta murriztu ari ziren sektore bati; haatik, hor ziharduten langileek beren bizia arriskuan jarriz gure larrua salbatu zuten.

Emakume askok eta askok gu eta jendarte guztia zaintzea lehenetsi zuten, ez beren gorputza edo bizia. Hala ere, askok ez zuten txalorik jaso: ez supermerkatuko langileari, nahiz eta egunero behar ditugun produktuez hornitu eta horretarako aparteko orduak egin behar izan; ez lanean EPI gisa zabor-poltsa erabili behar zuen zahar-etxeko langileari, inguruan etengabe jendea hiltzen zela ikusten zuelarik; ez egoera administratibo irregularrean zegoelako deportatzeko mehatxua egiten zioten etxeko langileari; ez call centerreko zuloan aurikularrak, mikroa eta ordenagailua partekatuz bata bestearen gainean lan egin behar zuten beharginei; ez Sephora kosmetika dendako grebalariari (hilean 900 euro jaso eta 1.000 euro balio duten kremak saltzen dituena); ez bereziki egoera zaurgarrian dauden pertsona eta kolektiboekin lan egiten duen gizarte hezitzaileari, erakundeek ezikusiarena egiten duten artean; ez lan-karga jasanezina duen eta lan-gaixotasunen aitortza ukatzen zaion hoteletako garbitzaile edo Kellyari; ez Etxez-Etxeko Laguntza Zerbitzuko langileari, zeinak ikusi duen Sacyr eraikuntzako multinazionalak nola bihurtu duen negozio pandemian oinarrizko zerbitzu izan zena eta zerbitzu publiko beharko lukeena; ez ospitaleko garbitzaileari, lantalde sanitarioa bezain ezinbestekoa izanagatik ere; ez hezkuntza-komunitateko langileei, batik bat kolektibo prekarizatuei, esaterako jantoki eta garraioko langileei; ez eta kontraturik eta ERTErik izan ez duten ostalaritzako zerbitzariei ere… Amaigabeko zerrenda dugu hau.

Aipatu ditugun oinarrizko lan hauetaz gainera inork aintzat hartzen ez dituenak daude, etxean egiten direnak, ordainik gabeak, ikusezinak, kasu gehienetan emakumeen esku daudenak eta gure herriaren BPGari ekarpena egiten diotenak, horren zenbaketa ofizialik aspaldi egiten ez den arren.

Hauek ez dute txalorik entzun; ez zaie keinu bat ere egin, edota lan arloan zein emozionalean erreparaziorik eman, negozioaren interes ekonomikoa kokatzen baita pertsonei zainduak izateko eta arreta duina jasotzeko zor zaien eskubideen aurretik. Galdetu, bestela, Gipuzkoako adinekoen egoitzetan diharduten emakumeei, euren eskubideen alde eta zaintzen dituztenen alde borrokan daudelarik. Honez gero 240tik gora egun greban! Arabako lankideak bide berea hartzekotan dira… Borroka bizirik eta sasoian dago zahar-etxe eta zentro sanitarioetan!

Eta zer esango dugu etxeko eta zaintza langileei buruz! Sistemak ez ditu ikusi nahi, baina ezinbestekoak ziren pandemia aurretik, baita ondoren ere, biztanleriaren zati handiena zaintzerakoan. Gehienak emakume migratu eta arrazializatuak dira, eta hori ez da kasualitatea; lana sexuaren eta arrazaren arabera banatzen da.

Guretzat, ELArentzat, aurtengo Martxoaren 8an urteko protagonistak asko izan dira. Eta guztiak hartu nahi ditugu aintzat.

Urtebete igarota, sindikatuan uste dugu ezinbestekoa dela borrokan jarraitzea, mobilizazioei eustea, kalitatezko zaintza sistema publiko, unibertsal eta doakoaren alde; hori izan da zaintza sektoreko greben helburua, joan den azaroaren 17an, urtarrilaren 26an eta martxoaren 4an ere.

Honenbestez, grebak, mobilizazioak eta konfrontazioak, lan-eremuan zein jendartean, atzerakada neoliberala indarrean denean eta egoera orokorrari murrizketa eta aldaketa usaina darionean.

Bada, borroka honetan, etorriko direnetan bezala, sindikalismo feministan, etxean zein kalean lanean dihardugun emakumeok, borrokaren lehen lerroan gaude eta izango gara!

Txaloekin, nahiz txalorik gabe.

Txalorik jaso ez zuten emakume guztiei
Txalorik jaso ez zuten emakume guztiei

ELA sindikatua, Berdintasun Saileko arduraduna

Zer duzu buruan “Txalorik jaso ez zuten emakume guztiei”-ri buruz

  • Faxismoaren atarian gaude, demokraziaren heriotza errepikatuz. Irailaren 11ren ondoren ezarritako shock dotrina ezarrri ondoren ohartu ziren ez zela nahikoa aitzakia bat bilatzea, hala nola segurtasuna, hiritarrek euren presondegia eraiki dezakten; gobernantza teoria berrienak jarraituz lehenik eta behin legitimitatea bilatu behar da:

    -Dotrina bakar eta globala: ez da disidentziarik onartzen, boteprontoan erabakitako aitzakiekin. Hedabide guztiek partekatzen dute dotrina bera.
    -Estatu indarren eta kapital handiaren arteko ezkontza. Alderdi politiko guztiek, parte hartu nahi badute, kapitalaren donazioen menpe bizi behar dute, hedabideen onespena lortu, eta legislatura fabore horien truke egin. Langileria joko arauen alde jartzea mantentzen da, gatazka imaginarioak eta bando imaginarioak asmatuz alderdi bata ala bestea -biak kapitalistak eta estatuzaleak- babesteko.
    -Indar militar eta polizialen okupazioa.
    -Etxeratze masiboa.
    -Gerra psikologia eta shock dotrina: onak eta txarrak. Egunean 24 h disidentzia desumanizatzen telebistan zigor kodea gogortu eta orokortzeko babesa lortzeko (atsegin ditugun ala ez, negazionistak, supremazistak… eta abarreko etiketa desumanizatzaileak jarriz).
    -Zelata etengabea, hiritarrek hiritarrak kontrola ditzaten. Bizitza pertsonalaren azken zirrikituraino, non egon zaren, ondoko udalerrira joan zaren, zure osasun historiala…
    -Gezur bat 1000 aldiz, egiaren faltsutzea: sektore pribilegiatuak biktima bezala margotzen dira (feminismoa), estatuburu odoltsuenak bakezale bezala (Biden, PSOE…) errealitatea distortsionatuz.