Patriarkatuak dakar emakumeak direla hondamendi naturaletako lehen kaltetuak
Patriarkatuak dakar emakumeak direla hondamendi naturaletako lehen kaltetuak –
Hondamendi naturalek ez dituzte pertsona guztiak berdin kaltetzen. Uholdeen ondorengo biziraupena aberastasun mailak baldintzatzen duela aski ezaguna da. Aldiz, askoz gutiago ohartzen gara generoak biziraupen hori baldintzatzeaz: zergatik zehazki emakumezkoak gehiago hiltzen dira hondamendi naturaletan? Hondamendien ondorioz zergatik haien bizi baldintzak txartzen dira? Arau patriarkalek eta genero bakoitzaren rol sozialek hainbat modutan emakumeak zaurgarriagoak bihurtzen dituzte.
Libia jo zuen Daniel ekaitzaren euriteek urtegi zaharkitu bat puskaturik, milaka pertsona hil ziren irailean. Hondamendi hori albiste nagusietatik laster desagertu bada ere, biziraun dutenen zama ez da modu berean desagertu. Trauma gainditu behar izateaz gain, emakumezkoak egoera bereziki larrian daude, osasun beharrei erantzun ezinean. Hajar Darwish emakumeen sexu-osasunean aditu libiarrak azpimarratzen du maiz antolakunde humanitarioak gizonez osatuak direla eta nabari dela gizonezkoek hartzen dituztela erabakiak: bururaturiko lehen gauzak elikadura, jantziak eta botikak dira, aldiz emakumeen behar bereziei erantzuteko materiala askoz beherago agertzen da zerrendan, askotan desegokia da, prestatzen dituenak maiz ez daki hilerokoak izatea zer den… Darwishek dio ere Afrika iparraldean hilerokoentzako produktuak erostea egoera normalean zaila dela, lotsazkoa edo ia ilegala balitz bezala, eta horrek zailtzen dituela beharren identifikazioa eta behar bezalako erantzuna, infekzio arriskuak emendatuz. Emakume haurdunentzako eta ume jaio berrientzako higiene edo mediku zerbitzu eskasak ere hilkortasuna emendatu dezake. Konponbide bat izan daiteke emakumeentzako laguntza programa bereziak antolatzea, eskualde bakoitzeko erreferentzia kultural egokiak dituzten emakume taldeak sortuz. Horrek gizon zurian oinarrituriko estandar “unibertsala” aldatzea suposatuko luke.
Mugitu ezinak, heriotza dakar
ARGIAko 2840. alean Urperatzeari egokitzeko aukerak eta mugak erakusten dizkigute bangladeshtarrek artikuluan aipatzen genuen Bangladeshen ama bat buru duten familiak aita bat buru dutenak baino pobreagoak izanik, haien irabazien zati bikoitza erabili behar dutela hondamendiei aurre egiteko. Horrez gain, zaintza lanek emakumeen mugikortasuna oztopatzen dute, hondamendien aurrean emakumeak zaurgarriagoak izanik. Sonja Ayeb-Karlsson ikerlariak Climate Risk Management errebistan argitaraturiko When the disaster strikes: Gendered (im)mobility in Bangladesh [“Hondamendia gertatzen denean: genero-mugikortasun(ezin)a Bangladeshen”] idatzian azaltzen du Bangladeshen genero rol sozialek baldintzatzen dutela zikloien garaian aterpeetan babesteko joera. Gelditasuna generoari oso lotua zaiola azaltzen du, gizonezkoengandik igurikatzen direlako mugikortasuna eta ausardia, emakumezkoentzat, aldiz, mugikortasuna arriskutsua delakoan.
Igurikimen horiek indartzen dute emakumezkoentzat etxeko jardueren menpekotasuna, eta zikloiak gertatzen direnean, gizonik gabe egonez gero probabilitate handiagoa du bere etxean gelditzeko –hor hiltzeko probabilitate handiagoa du–. 2004ko abenduko tsunamiak gehien jotako Indonesiako Aceh eskualdean, biktimen hiru laurdenak emakumezkoak ziren. Hala iragarri zuen Oxfam GKEak 2005eko martxoan argitaratutako The tsunami’s impact on women (“Tsunamiaren eragina emakumeengan”) txostenak. Ezberdintasun horren arrazoiak nagusiki jarduera ekonomikoan dautza: tsunamiak jo zuen momentuan, kostaldeko herrietako gizonezko asko itsasoan zeuden arrantzan. Uhinak, nabaria izan arren, ez zituen barkuak irauli. Landa eremuetan, gizonezkoak etxetik kanpo zeuden, soroetan lanean edo merkatuetan ekoizpena saltzen. Emakumezkoak etxean haurrekin, eta uhinak jo zuen momentuan haurrak biltzen saiatzen igarotako segunduak erabakigarriak izan ziren. Antzeko lekukotasunak daude Indian. Sri Lankan, faktore horiei gehitzen zaie irakaskuntzarena: mutikoei irakatsi ohi zaie igeri egiten eta zuhaitzetara igotzen, aldiz neskei ez. Tsunamia bezalako gertakizun batean eskas hori beren bizitzaz ordaindu zuten askok.
2007ko The Gendered Nature of Natural Disasters: The Impact of Catastrophic Events on the Gender Gap in Life Expectancy, 1981-2002 [“Hondamendi naturalen genero-izaera: hondamendien eragina bizi-itxaropenean, 1981-2002”] lanean Eric Neumayer eta Thomas Plümper ikerlariek 141 herritan 1981 eta 2002 urteen artean gertaturiko hondamendi naturalak aztertu dituzte. Joera orokor batzuk identifikatu dituzte: hondamendi naturalek, batez bertzean, emakume gehiago hiltzen dituzte, eta emakumeak gizonak baino gazteago hiltzen dira –ezberdintasun horiek handiagoak dira ezbehar hilgarriagoetan–. Aldiz, emakumeek maila sozioekonomiko goragoa duten lekuetan ezberdintasun horiek txikiagoak dira. Haien hitzetan, sozialki eraikia den emakumeen zaurgarritasunak dakar hondamendietan emakumezkoen heriotza-tasa gizonezkoena baino handiagoa dela, eta hori ez da generoen arteko ezberdintasun biologiko edo fisiologikoei lotua.
Arau patriarkalak indarturik
Malawin, Afrikaren hegoaldean, ezohiko euriteak izan ziren 2015ean. Horren ondorioz, etxalde askok uzta lokazperaturik galdu zuten eta elikadura baliabideak urritu zitzaizkien. Ondorengo urteetan El Niño fenomenoak eragindako lehorteak ez zuen egoera hobetu. Testuinguru horretan ugaritu ziren adin txikiko nesken ezkontzak. Horri buruz Brides of the sun (“Eguzkiaren emaztegaiak”) dokumentala argitaratu zuten Maria Uderscu, Miriam Beller eta Gethin Chamberlain kazetariek. Bertan Ntonya Sanderen lekukotasuna agertzen da: 13 urte zituelarik, 19 urteko gizon batek bere burasoei proposatu zizkien 50 kilo azukre eta 25 000 MWK (30 euro), beren alabaren eskuaren truke. Ntonyak burasoei esan zien ez zela horretarako prest, baina burasoek onartu behar zuela erantzun zioten, etxean jateko aski ez zegoelako. Ntonya bezalako milaka daude. Malawiko gizon gazteen bizitzak klima aldaketarengatik gogorrak izanik ere, gehienak 18 urte eta gero ezkontzen dira eta ez dituzte burasoek behartzen. Tradizio patriarkalek hala bultzaturik, neskak dira horrela ezkontzera behartuak, janaria eskas denean. Youth Net and Counseling (YONECO) gazteria laguntzeko antolakundearen zuzendaria den Mac Bain Mkandawiren arabera, adin txikiko nesken ezkontzen %30 eta %40 artean klima aldaketari lotuak dira Malawin –1.5 milioi neska lirateke egoera honetan–.
Patriarkatuak dakar emakumeak direla hondamendi naturaletako lehen kaltetuak Patriarkatuak dakar emakumeak direla hondamendi naturaletako lehen kaltetuak Patriarkatuak dakar emakumeak direla hondamendi naturaletako lehen kaltetuak Patriarkatuak dakar emakumeak direla hondamendi naturaletako lehen kaltetuak
Nikolas, eta gudan, zeintzuk dira kopuruak???? Honen inguruko datuak faltan somatzen ditut.
Berri faltsuak zabaltzen, nola ez…
Lehen kaltetuak gizonak gara. Horregatik gure bizi itxaropena askoz baxuagoa da.
Nikolas: gogorra izango da gero, gizon jaiotze hutsagatik errudun sentipenarekin bizi beharra.
Ez dakit hau guztia ezjakintasunez, intentzio txarrez, edo modari jarraitzeagatik egiten duzuen, baina nere ustez oker zabiltzate.
Komeni zaizkizuen gaiak bakarrik aztertzen badituzue genero ikuspegitik, oso erraza da beti emakumeak biktima gisa aurkeztea. Jarrera hau, sakonean, oso matxista dela iruditzen zait, ez du dauden arazoak konpontzako balio, eta beste arazo batzuk sortzen ditu.
Tximino, zergatik ez zenuke artikulu bat idatziko horri buruz? Ez duzu uste gaiak merezi duenik? Ziur naiz iruzkinetan norbait ageriko litzaizukeela gerretan emakumezkoak gizonezkoak baino pila bat gehiago bortxatzen direla erranez, zu hemen ari zaren bezalako whataboutism eginez.
Batik 2, berri faltsuak? Ba hori erraiezu hor aipatzen ditudan ikerketa horien egileei. Nik ez dut arrazoirik ikusten lan horiek datuak faltsifikatuz egin direnik pentsatzeko. Dena den, gaiak nahasten dituzu:
– nere artikulu horren gaia zen genero arteko kalte ezberdintasunak hondamendi naturalen ondorioz. Ezberdintasun horiek frogatuak dira, eta horien interpretazio aski sendoak proposatzen dituzte ikerketa horiek.
– gizonezkoen batezbertzeko biziraupena emakumezkoena baino laburragoa dela ere frogatua da, horren interpretazio sendoak badaude, eta horrek ez dio ezer kentzen aurreko gaiari. Heriotz guziak ez baitira hondamendien ondorioz gertatzen. Eta biziraupen ezberdintasun hori neurri handi batean arau sozialen ondorioa da ere.
1349, ba hori galdetu gizon jaiotze hutsagatik errudun sentitzen omen diren horiei. Nik ez dut horrelako inor ezagutzen, eta egia erran benetan horrelakorik badenik sinestea zaila zait. Hori baldin bada zure abiapuntua, nekez ulertuko dugu elkar.