Martxoak 8 borroka eguna

Martxoak 8 borroka eguna –

Martxoaren 8 hau, niretzat, laneko astearte egun arrunta izan zen. Astearteetan, goizez eta arratsaldez lan egiten dudanez, ezin izan nuen manian parte hartu, ezta beste ezer egin. Jardunaldi honetan, emakume langilearen egunean hain zuzen ere, klase eta generori men eginez horrelako eguna bizi nuen: goiz altxatu, txikitxoa eskolara eraman, lanera, etxera bazkaltzera eta atseden pixka bat hartzera, lanera berriro eta etxera itzuli haurrari afaltzen emateko eta oheratzeko. Lagun batek orain dela gutxi esan zidan bezala: erreprodukzioa-produkzioa-erreprodukzioaren zikloa elikatzen eman nuen eguna.

Martxoak 8 borroka eguna

Gauzak horrela, dibertigarriagoa izan zen beste Martxoaren 8 bat etorri zitzaidan burura, 2001. urtekoa. Martxoaren 6an, bi egun lehenago, hamabost gazte inguru atxilotu zituzten Haika Gazte Antolakundearen zuzendaritzako kideak izatea leporatuta. Kaleak pil-pilean zeuden. Hala ere, Bilboko Emakume Gazteon Koordinadorako kideek ez zuten amore eman eta egun honetarako deituta zuten borroka egunarekin aurrera egitea erabaki zuten. Agian, gazte eta feminista bezala, kaleak astintzeko beste arrazoi bat izan zen hura.

Bilboko Emakume Gazteon Koordinadora, 2000. urtearen inguruan osatu zen. Eragile honetan, hiriburuko neska gazteen talde feminista zahar eta berriak elkartu ziren Bilbo mailan ekiteko. Kalezaleak ziren. Hala ere, hastapenetan feminismoaren eskolaren batean parte hartu zuten eta gerora, beraiek antolatu zituzten jardunaldiak bi urteetan Kukutza Gaztetxean. Gazte mugimenduaren beste kolektibo edota antolakundeetako kideak izanda, eroso mugitzen ziren aktibismo honetan. Aipatutako urtearen martxoaren 8an, paseoaz nazkatuta, borroka egun bat diseinatu, deitu eta burutu zuten.

Beste eremu batzuetan egiten zuten bezala aritu zuten. Goizetan, busen margoketak auzo ezberdinetan. Ostean, bide mozketak bi auzoetan. Goizeko lehenengo ekintza hauek, zipaioak despistatuta harrapatu zituzten, eta tartean, beraien ikuspen itxia eta matxista dela eta, mutil batzuk identifikatu zituzten zonalde ezberdinetan. Holako batean, emakume batzuk sprayak boltxoetan zituztela beraien aurretik pasa ziren gizonei karneta eskatzen zieten bitartean.

Eguerdian, Kale Nagusiko komertzioetatik kalejira egin zuten, dendetara sartzen eta barruan panfletoak botatzen. Corte Ingelesera eta Zarara sartu eta ziztu bizian, zipaioak heldu ziren. Tira-bira batzuen ostean, bi kide atxilotuta eraman zituzten.

Arratsaldean, maniaren zehar, iturriak morez agertu ziren. Kale honetako erakusleihoak ez ziren salbu geratu ere, kolore bereko margoarekin apaindu zutelarik. Zipaioak ordurako, gertatzen ari zena ulertu zuten. Manian, nesken ehiza egiten saiatu ziren, baina ez zuten lortu. Haien haserrea nabaria zen.

20 bat neska gaztek Bizkaiko hiriburua, apur bat izan bazen ere, astintzen lortu zuten. Ondorio errepresibo arinak egon ziren, baina koordinadora aktibo egon zen bitartean, Martxoaren 8-a ez zen izan gehiago paseo bat.

Geroztik asko aldatu da Euskal Herria. Greba feminista deitu izan denean 8 politak bizi ditugu ere. Iritzi honen helburua ez da egungo mugimendu feminista kritikatzea. Orainaldira ekarri nahi nituen pasarte hauek eta memoria apur bat egin.

Azkenik tartetxo hau, Koordinadora gorpuztu zutenei eskaini nahi diet. Batera hazi eta hezi egin genuelako.

GORA BORROKA FEMINISTA!

Martxoak 8 borroka eguna Martxoak 8 borroka eguna