Jarrera pasiboak eta aktiboak

Jarrera pasiboak eta aktiboak –

Pertsona talde bat ikusten dut lanean irudi batean. Hiru harri handi bat mugitzen ari dira. Laugarrena begira dago, bigarren planoan bezala, baina adi.

Jarrera pasiboak eta aktiboak

Zertan ari dira? Zertan dabil laugarren pertsona? Zergatik dago begira harria mugitzen ari direnei? Bera ere lanean dela esan dut, horrela da? Emakumea dela esaten badizuet eta beste hirurak gizonak, zer esango zenukete?

Duela gutxi horrelako irudi baten aurrean irakurri dut, emakumea egoera pasiboan dagoela (esan gabe ulertzen da, orduan, gizonak direla lanean ari direnak eta, beraz, jarrera aktiboan daudenak) eta, ondorioz, esaten zuten irudiak izaera patriarkala eta matxista islatzen duela. Eta laugarren hori gizona balitz berdin interpretatuko litzateke?

Eta esaten badizuet emakumea lanak zuzentzen ari dela? Adi-adi dago begira zer egiten ari diren, era lasai batean, keinu handirik egin gabe, baina, esan bezala, adi dago, lana gidatzen eta, behar denean, zer egin adierazteko prest dago.

Orduan, zer da patriarkalismoak eragindakoa, irudia edota egiten diogun irakurketa?

Zeren zergatik ezin da emakumea begira egon lider gisa? Nola adierazten da lidergoa? Lidergoa keinu handien bidez adierazi behar da marraztuta? Edo deigarria edota “agresiboa” izan behar du? Zergatik ezin da era lasai batean egin lidergoa? Zein da arazoa, pertsona horren jarrera ala emakumea dela zertan ari den interpretatzeko?

Hausnarketa asko sortu dizkit kontu honek ikusten duzuenez.

Emakumeak historiaren parte garela esan beharra harrigarria da, gizartearen erdia baikara eta izan baikara. Zoritxarrez, gure gizarteak izan duen izaera patriarkala ere ezin da ukatu eta diskurtso historikoan nahiz beste narrazioetan, gizarteko beste atal ia denetan bezala, emakumearen papera eta lana baztertu egin da edo gutxietsi: ez zaio parte izaten laga eta, parte izan denean, ezkutatu egin da bere partaidetza edota bere ekintzei garrantzia kendu zaie. Hitz gutxitan, berriz diot, emakumeen lorpena ezkutatu egin da edota gutxietsi egin da.

Idazle ezagun eta “handiei” ere irakurri izan diegu emakumeon istorioak eta kontuak ez direla unibertsalak (Gabriel García Marquezi besteak beste) eta diskurtso horrek, nahi gabe ere, sinistarazi digu horrela dela urtez urte eta mendez mende.

Oraindik lan ASKO dago egiteko arrakala kentzeko eta denon artean lan eginez lortuko dugu bakar-bakarrik.

Jarrera pasiboak eta aktiboak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude