Feminismoaren aurkako gizon-liga?

Feminismoaren aurkako gizon-liga? –

Azkenaldian iritzi-blog honen jarraitzailea naiz, irakurle eta kolaboratzaile moduan, zuetako batzuek dakizuen bezala. Atentzioa ematen dit kutsu feminista duten artikuluek, esaterako, Durangon egin berri diren V. Jardunaldi Feministen gainekoek zenbat irakurle daramaten gaitzespen keinuan klik egitera; desatsegina gertatzen zait arbuio itxura batera irrazional hori. Zenbat urte igaro ditugu gizonok emakumeez batere arduratu gabe, eta orain indar pixka bat hartu dutenean, erabat zapuzturik?

Zientzia kognitiboan aditua den G. Lakoffek dio gure pentsamenduaren gehiena inkontzientea dela. Baina ez Freuden zentzuan, baizik eta literalki ez garela gure pentsamenduaren parterik gehienaz kontziente. Feminismoaren gaian beste horrenbeste gertatzen ote zaigu gizonezkooi eta emakumeei? Horrek ez du esan nahi, ordea, arrazionalizazio ahalegina ezinezkoa denik, eta ez du esan nahi, halaber, nik uste, merezi ez duenik.

Feminismoaren aurkako gizon-liga?Zerk uxatzen gaitu feministengandik? Axolazko puntu batzuk ukituko ditut, exhaustibotasunetik urrun.

Azken hamarkadetan, baina batez ere azken urteetan, ETA desegin ondotik indar handiagoz, genero biolentziaren presentzia arras handia tarteko -goiburu honen bultzadapean bezala: bortxa politikoaren kontra bageunden, emakumeen aurkako biolentziaren kontra ere bai, noski!-, instituzioen aldetik inoiz baino onarpen handiagoa jasotzen du emakumeen aurkako diskriminazioaren kontzientziak, eta berdintasun teknikariak-eta erakundeen aurrekontuetan sartu dira, eta beste itzal bat lortu du, oro har, erakundeetan eta jendartean. Badakigu berdintasun teknikari batzuk egoteak erakundeetan -euskara teknikariekin gertatzen den bezalatsu-, sua itzaltzeko ere balio dezakeela, hots, nolabait erantzun gisako bat eman goraka doan errebindikazio sozial bati benetan inplikatu gabe, baina egia da inoiz baino aitortza instituzional gehiago duela. Horrek molestatzen gaitu gizonok? Neu ez behintzat.

Puntu larrienetik hasirik, emakumeen aurkako indarkeriaren alde ez dut uste inor egongo denik. Egia da izendapen horren pean batzuetan hertsiki edo nagusiki genero-biolentzia ez dena ere sartu nahi izaten dela, eta batzuetan zalantzak sortu ohi direla, eta batez ere gaia kriminalizatzeak ez duela tarterik uzten kasu konkretuak hobeki ezagutzeko, baina hori segur aski saihets ezinekoa da horrelako kasu tragiko zoritxarrekoetan. Nolanahi ere, ekintza zorrotz kondenatzeak ez luke ikerketa eragotzi behar, zergatik gertatzen diren hainbeste hilketa argitzeko, argi daitekeen neurrian, heteropatriarkatua aipatzea ez da aski nire iritzirako.

Gatozen kanpoko lanaren eta familia-lanaren kontziliazio zailaren arlora. Emakumeak etxetik kanpo lan egiten duenean ere, etxearen ardura nagusia berak daramala baieztatzea eta salatzea oso ohikoa da. Gizona gehiago brikolajean eta agian sukaldean, baina emakumea gehiago garbiketa-lanetan eta umeen zaintzan; gizona, onenean, edo maiz, laguntzaile. Kasu gehienetan ez al da hala?; horregatik kexatzeak molestatzen gaitu gizonak? Ez gintuzke molestatu behar, ezta?

Eta horrekin zeharka bederen lotutako adinekoen zaintza-lanak?, gehienetan emakumeen gain gelditzen diren zaintza-lanak? Aitortuak, formakuntzaren merezidun eta ordainduak behar lukete? Eztabaidak ez gintuzke molestatu behar, ezta?

feministakKanpoko lanetara etorrita, gizon eta emakume arteko soldata-arrakala. Lan bera eginez gero, nork defendatzen du soldata-arrakala?, zeren izenean? Umea izateko adinean dauden emakumeak garestiagoak ateratzen zaizkiola enpresari? Horrek ez du inondik ere soldata-arrakala zuritzen.

Beste polemikagai bat: lanbideak sexualizatuak daudela; batzuek feminizatuak eta beste batzuk maskulinizatuak, eta horrek ez lukeela horrela izan behar. Puntu honetan baditut zalantzak. Enpresetako goi-karguetan gizonak dira nagusi, eta bai hobe parekidetasuna edo parekidetasunerantz jotzea. Irakaskuntzan emakumeak gehiago, eta zerbitzuetan, eta esku-lanetan gizon gehiago. Ez dut uste irakasle edo andereño izatea zerbitzuetako langilea edo eraikuntzako langilea izatea baino hobea denik. Zenbait lan zikinetan, esaterako, meatzeetan, gizonak dira nagusi, eta desabantailatuak horrenbestez.

Beste gai polemiko bat: haurra jaiotzean, aski da genitaletara begiratzea sexuak markatzeko? Oraintsu arte bai. Gaur egun badakigu badirela genitalez bestera sentitzen direnak. Baztertu behar ditugu? Garuna berez malgua omen da; ez dezagun zurrundu zahartzearen ondorioz erremediaezina izan baino lehen!

Desegokiak iruditzen zaizkigunak sala, jorra eta kritika ditzagun, baina sar dezagun gai honetan ere arrazionalizazio gehiago, onerako izango delako ustean. Arren, Liga antifeministarik ez!

Feminismoaren aurkako gizon-liga?

Saiakera-idazlea

17 pentsamendu “Feminismoaren aurkako gizon-liga?”-ri buruz

  • Ba al dago gaitzespen keinuak gizasemeengandik datozela asumitzea baino jarrera sexistagorik?

  • Feminismoa zenbateraino da eraikitzailea eta zenbateraino suntsitzailea? Gizartearen %50ak bere arazoen errudun beste %50a jartzen duenean, zer atera daiteke hortik, bi aldeen arteko gerra bat ez bada?

    Oraingo generazioetan gertatu da gutako askok gaztetatik bizi izan dugula feminismoa bete-betean, eta gure gurasoen ohitura sexistak (amarenak barne) alde batera utzita, berdintasunaren alde egiten saiatzen garela, kontzientziatzetik hasi eta etxeko lanen banaketaraino. Baina aldi berean, zein dira iristen zaizkigun mezuak? Errua gure gain jartzen duten mezuak dira beti.

    Ikusten dugu zein erraza den gaur egun gure aurka publikoki jotzea, eta zein zaila den edozein emakumerengatik ezer txarrik esatea. Nahita diot “gure aurka”, ni barruan sartuz, ematen den generalizazio maila baita kezakagarriena iruditzen zaidana. Beti izan da politikoki zuzena esatea ez dela generalizatu behar, topikoak lekuz kanpo daudela etab. Baina feminismoak erreparorik gabe jotzen du generalizatzera. Gizonezkoak gara egoeraren errudun, ez gizonezko batzuk edo besteak. Gizonezkoak.

    Bestalde, iruditzen zait emakume askok bere edozein arazoren aurrean terapia bezala erabiltzen duela feminismoa. Beti da errazagoa arazoen erruduna norbera ez dela jakitea, eta are gehiago erruduna identifikatuta izatea. Horrela, gizonaren kulpabilizazioa ematen den bezala, emakumearen deskulpabilizazioa ere ematen da.

    Gainera, pribilejiatuak garela entzun behar dugu behin eta berriz, askotan guk baino askoz ere bizimodu erosoagoa daukatenen ahotik, guk ere beste edozein emakumek bezala eguneroko bizimoduan oso antzeko arazoak izango ez bagenitu bezala.

    Horrek denak asko zailtzen du mugimendu horrekin bat egitea. Uste dut gizonak ere feminismoarekin bat egitea nahi izanez gero, estrategia aldatu beharra dagoela, eta aurkaria zehatzago identifikatu. Bide batez, izena aldatzea ere aurrerapauso bat litzateke. Feminismoa hitza bera desegokia iruditzen zait. Zergatik ez berdintasuna, berdinzaletasuna? Indarra galtzen du, agian? Ez du eragin berbera izango gizartearen polarizazioan?

  • Ejem, Amets, ez al du Langar-enak zurea hein batean ezeztatzen. Eskerrik asko Langar, zure ikuspegia ematen ausartzeagatik.

  • euskaldun bat 2019-11-14 10:18

    Testu inozentea edo inozentearena egin nahi izan duzu. Inor ez dago emakumeen eskubideen aurka. Jendea asaldatzen duena “gizon zuri heteroa”, “norbere umeak eduki nahi izatea egoismoa da”, “pertsona bati gizona edo emakumea deitzea biolentzia da” eta abar luze bat. Gauza bat da emakumearen eskubideak eta bestea goian idatzi ditudanak. Gainera disimulorik gabe esaten dizute: “feministek indarra dutela aprobetsatu behar da iraultza egiteko”. “Kapitalismoa suntsitu” diote. Edozer gai aprobetsatu nahi dute feminismoarekin rebozatu ondoren jaten emateko. Eta jendea ez da tontoa, konturatzen da. Zuk diozun Durangoko bilkurari buruzko testuan irakurri besterik ez dago: etorkinen egoera, etorkinek diotela Euskal Herriak ez duela horrenbesteraino pairatu eta orduan hango batzuk haserretu egiten dira… Dena zaku berean eta ikusten baduzu, beti muturreko ezker iraultzailearen tesiak. Mugimendu guzti hau urte gutxitan sortu da eta nik galdetzen diot neure buruari guzti hau inozentea al den, ez ote dagoen hemen intres handi batzuen tentakulorik. Heterosexualitateari eraso egiten zaio, gizon zuria azpimarratzen da behin eta berriz… Globalizazio interes horretan, herrien mugak, sexuak, arrazak deusezteko nahi bat dagoela nabaria da. Ez ote daude indar horiek mugimendu hauen atzean? Ez didazu ukatuko guzti honen atzean dagoen dena inozentea ez dela. Eta jendea konturatzen da.

  • Atzo LAB sindikatuak patronalari eta Gasteizko gobernuari helarazitakoa:
    “…Hala, enpresa genero ikuspuntutik parekidea bada (gehienez 60/40) zuzenean zozketa egitea proposatzen du; eta hala ez bada (ez badu gutxienez 60/40 betetzen), zozketa egin ostean, dauden postuak lehentasunez emakumeek beteko lituzkete; «tartean dauden gizonak momentuz baztertuak izango dira, eta zerrendako emakume kopurua amaitzen denean, gizonak kontratatzen hasiko dira, zozketa eta gero ezarritako ordenaren arabera».”

    Zoragarria ezta? Pako, zer iruditzen zaizu, gizonezko euskara teknikari gehiegi baditugu EAEn, demagun %70 zaretela, gizonak baztertzea eta zure lanpostua emakume bati eskaintzen badiozu?

    Zu lanik gabe egotea emakumeen aurkako diskriminazioa ekiditeko izango litzateke, lasai.

    Zoratzen hasiak gara.

    Iturria: https://www.naiz.eus/eu/actualidad/noticia/20191113/kontratazio-prozedura-anonimoak-bultzatzea-proposatu-du-labek-diskriminazioa-ekiditeko

  • Pandoraren kutxa ireki dut. Aurpegi haserre bezainbat kexu idazten bada, ilara ederra osatuko da.

  • euskaldun bat 2019-11-14 11:20

    Hemen gauzak suntsitzea oso erraza da. Kapitalismoa suntsitu, bai, baina hilabete amaieran soldata nahi dugu, finkoa. Goazen kapitalismoa suntsitzera, oraingo ordena deuseztu dezagun… zein da ordezkoa ordena ordea? Edo ez dago ordenik? Ordenik gabe gizarte batek badu etorkuzunik? Jarri ordezko ordena, jarri! Lehenbizi komunitate txiki batean eta jendeak ikusiko du, eta gustatzen bazaio zabalduko da. Gizarte batek eredu bat izan behar du jarraitzeko, helburu eta balio partekatuak, sinboloak, sinesmenak, ohiturak. Dena deseraiki diote! Bai, dena globala nahi dutenek, gizarte taldeak deuseztu eta gizakia indibidualizatu nahi dutenek ere dena deseraiki nahi dute. Emakumearen eskubideak? Nik uste dut hori gutxienekoa dela mugimendu horretan, helburu handiagoak dituzte, emakumea biktima eta erabilia dela esatera ere ausartzen naiz. Eta eskerrak umeak oraindik era naturalean sortzen direla! Laborategian sortzen direnean joango da dena pikutara.

  • Lasai Pako, aurpegi haserre eta kexu dezente biltzen badituzu ere, zure euskaldun- ezkertiar- jator-aliatuaren estatusa ziurtatu duzu.
    Guztion zergetatik bizi diren euskararen eta feminismoaren liberatuen arteko elkartasuna argi utzi duzu

  • Gora babak kopetako izerdiz ateratzen dituzuen xenpelar guztiok.

  • Pena da, baina garbi gelditzen zait ze gaitasun eskasa daukagun kalitatezko eztabaida bat mantentzeko. Gure iritziak tono egoki batean ematen ikasten ez dugun bitartean horrela jarraituko dugu, edozein eztabaida Madrid-Barsa batean bihurtzen. Uste dut artikulua erespetuz idatzia dagoela, hain zaila al da interesgarria izan daitekeen gai baten inguruan lasaiago hitz egitea?

  • Inozente-inozente esanda, gure gazte denboran, bi gerra zeuden oso markatuak: ezkerra-eskuina, esplotatzaile-esplotatuak eta abertzale-espainolista, eta biak korapilatuak. Gerra moduan planteatuak, eta teorizazioa eta arrazionalizazio ahaleginak bai, baina lubaki ezberdinetatik, eta debate gutxi asko arrazional eta errespetuzkorako oso tarte gutxirekin.

    Orain, berriz, artikulu honek zirikaturik emandako iritziengatik (gizonek bakarrik hartu dute parte adierazgarriro), eta iritzi publikoan dagoen giroagatik, beste gerra bat dago matxismo-feminismo dikotomiapean, eta ikuspuntu berdinzale majo batera iristeko eztabaidarik edota, hobeto esanda, eztabaidatzeko jarrera errespetuzkorik apenas, Langarrek dioenaren haritik.

  • Gora zuzentasunaren apostoluak!
    (Azal finegia dutenak barne).

  • Amonamantangorri 2019-11-15 13:00

    Gogora ekarri nahi dut 2006ko martxoan El Paísen argitaratu zen gutun bat, Un Feminismo que también existe izenburuarekin, Manuela Carmena eta Uxue Barkosek izenpetuta, beste berrehun emakumerekin batera.

    https://elpais.com/diario/2006/03/18/opinion/1142636413_850215.html

    Gogora ekarri nahi dut, zeren irudipena baitut gaur egun gutun hori igual ezin izango zela horrela, tonu kritiko horrekin, argitaratu, edo bederen aipatu bi pertsonak ez liratekeela gutuna izenpetzera ere ausartuko.

    Izan ere, gutunean esaten da, besteak beste, kezkagarria dela genero arloko legeria berrian emakumeekiko “jarrera protekzionista” eta “gehiegizko tutela” nagusitzea. Esaten du indarkeriaren kausa bakartzat “generoa” eta “menperakuntza-bulkada maskulinoa” seinalatuz beste faktore anitz ahazten direla, hala nola familia-egitura tradizionala, arazo emozional-mentalak, toxikomaniak eta gatazkak gestionatzeko ezintasunak. Zigorren gogortzea, punitibismoa, ere kritikatzen du.

    Dibortzioetan kustodia partekatua ez hobestea, prostituzioari buruzko ikuspuntu estigmatizatzailea; beti-beti emakumeak biktima gisa eta gizonak dominatzaile gisa aurkeztea… Horrelako gauzak ere aipatzen ditu.

    Artikuluan esaten den guztiarekin ados egon gaitezke edo ez, baina kontua da, esan bezala, ez ditudala imajinatzen, gaur egun, Uxue Barkos eta Manuela Carmena horrelako gauzak esaten, zeren dagoen giro intelektual eta politikoak izugarri zailtzen baitu horrelako iritziak jendartean ematea.

    Feminismoaren kontrako gizon-liga bat al dago? Baliteke.

    Hala ere, nire irudikoz, baita ere gertatzen da bi plano daudela: plano publikoan, diskurtso ofizialean, olatu feminista gauza bikaina eta zoragarria da, eta bozeramaile feministek apenas duten aurkaririk sektore ezkertzale eta aurrerakoietan; plano pribatuan, lagunartean eta sare sozialetako profil anonimoetan, aldiz, esango nuke mobida feministak, oro har, ez duela mundu guztia konbentzitzen agendaren puntu guzti-guztietan eta babesa ez dela hain suharra eta aho batekoa… Ez dakit, hori erabat irudipen subjektiboa da…

  • Amonamantangorri, eskerrik asko ekarpenagatik.

  • Olasoko Telesforo 2019-11-15 20:17

    Amonamantangorriren planteamenduari jarraituz, esan behar da gaurko feminismo hegemonikoaren kontrako kritikarik interesgarrienak zenbait emakume feministengandik datozela. (Adibide pare bat ematearren ikusi Camille Paglia edota Peggy Sastreren lanak).
    Horregatik Suduperen artikuluaren azaleko xalotasunaren atzean jarrera tranpati bat ikusten dut: feminista/matxista dikotomia onartzera mugatzen da, horrela ortodoxia kritikatuz gero, atzerakoien taldean bukatuko duzu.
    Argi dago feminismo ofizialaren kontra daudenen artean betiko matxistak badaudela, baina itsu gaude fenomeno zabalago bat dela ikusten ez badugu (ez dira bakarrik matxistak ez eta denak gizonezkoak ere) eta gurean hain ohikoa den sinplifikazio manikeistetatik ihes egin eta heterodoxia gehiago errespetatzea ez litzaiguke gaizki etorriko.

  • Beno, matxismo-feminismoarena ez da egokia izan, ados Olasoko Telesforo (matxismo eta hembrismo daude muturretan, eta erdian berdintasuna)! Feminismoak zuzeu-n hainbesteko gaitzespena zergatik sortzen duen jakin nahian idatzi nuen artikulua, eta xede horren eraginpean, naturalkeria eta manikeismo dosi bat isuri zitzaidala onartzen dut. Baina ez naiz manikeoa inondik ere.
    Oso egokia iruditu zait amonamantangorri-k gomendaturiko artikulua (200 emakumetik gora sinatuan) puntu gehienetan. Biolentziaren eragile bakarra gizonak duen barne-bultzada ez, begiratu behar zaio familia-egiturari, hezkuntza erlijiosoaren eraginari, maitasunari dena sakrifikatu behar zaiolako usteari, gatazkak konpontzeko trebezia faltari, alkoholismoari, toxikomaniei…Zigor gehiagok ez dakarrela berekin delitu gutxiago eta ezta babes gehiago biktimentzat ere…
    Olasoko Telesforo, aipatu dituzun horiek ez ditut irakurri.
    Zure ekarpena eskertzen dut.

  • Xen Pelar, iritziak modu destruktiboan ematean arazorik txikiena aurrean daukazuna mintzea da. Nire kritika ez doa bide horretatik. Askotan iruditzen zait ez garela kontziente tono erasokor hori beti doala gure aurka, bestea zure posturatik aldentzea besterik ez baita lortzen. Horrela bukatzen dugu edozein gairen inguruan txuria edo beltza aukeratu behar izaten.

    Gai honekin horixe ari da gertatzen, eta adibide garbi bat jarri digu amonamantangorrik aurreko mezuan. Artikulu hori duela urte gutxi gizartean eta feminismoaren munduan onartuta eta ongi ikusita zegoen. Eta orain mezu hori zentzuzkoa izan arren ez dut uste feminismoa mezu hori onartzeko prest legokeenik. Zergatik? Nire ustez horretxegatik: ez dakigulako gai bat behar bezala lantzen, eta beti gure postura nola edo hala defendatu behar horrek muturretara eramaten gaituelako.