Arretaren guda

Arretaren guda –

100 mezu, doodle bat eta 3 agenda sinkronizatuta iritsi da lagunekin elkartzeko unea. Ordua eta tokia zehatzak dira. Errituzko muxuak eta ohiko galderak, lagun bat komunera eta bestea telefonoz hitz egitera aldendu diren arte.

SOS! Bakarrik geratu zara. Zer egin? Nora begiratu? Bakardadeari izua deritzona sufritu duzu, 30 segundoz baino ez, arin atera baituzu mugikorra poltsikotik. Salbatu zaitu.

Arretaren gudaArretarik jarri gabe scroll gora eta behera, appak zabaldu eta itxi. Guda berri bat piztu duzu. Segundoro guda berri bat sortzen da gure buruetan sartzeko gerran. Inpaktatu, arreta eskuratu, gidatu, saldu eta errepikatu.

Arreta gero eta ondare preziatuagoa da aro teknologikoan. Aitzitik, gero eta gehiago kostatzen zaigu egiteko bakarrari eustea. Bizitza konektatuak, multitask lanak, estimulu zaparradak, jarraikotasunik gabe, iraupenik gabe, denbora gabe.

Arreta mantentzeko gaitasuna galdu dugu. Agian, ez dugu galdu eta eraldatu egin da. Beste arreta mota bat garatu dugu, arinagoa eta anitzagoa. Zenbat galdu edo aldatu den jakin gabe agerikoa dirudi konturatu garenerako gertatu dela. Helduok aldatzen ari gara eta haurrek ez dute besterik ikusi.

Teknologiak aise asetzen du arreta mota hau, sari azkarrak eskaintzen ditu: edonon edonoren berri izan, ikusi ahala erosi, like-ak jaso, gisa horretako input-ak eskatzen ditu garun gazteak.

Izan ere, garunean plazer sentsazioa bilatzeko gaitasuna garatzen da lehenbizi; eta, ondorioak baloratzeko gaitasuna ondoren. Azken hau, kontrola eta jarrera inpultsiboak kontrolatzen dituen zonaldea, kortexa, 25 urte bete arte ez da guztiz garatzen.

Garunean gertatzen den desinkronizazio horrek denboran bat egiten du nerabezaroarekin, gero eta luzeagoa den nerabezaroarekin, 10 urterekin hasi eta 24 urte arte luzatu daiteke.

10 urterekin hasten da nerabezaroa, estimuluz gose, arriskuak hartzeko prest eta ondorioei erreparatu gabe. Garuna garatzen ari den garai horretan bertan, 10 urteren bueltan, oparitzen diegu mugikorra haurrei, arretaren guda-frontera bidaliz. Paradoxikoa.

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.