Emakumeen indarra, guztion etorkizuna!

Emakumeen indarra, guztion etorkizuna! –

Estatuko Gobernuak eta, zehazki, Berdintasun Ministerioak emakumeen eta haurren eskubideak deuseztatzea helburu duten eraso berrien ondorioz, une historiko erabakigarrian gaude. Gaur egun, oraindik ere, indarkeria matxistaren zigorgabetasuna, emakumeen merkantilizazioa, esplotazioa eta gauza bihurtzea, “genero-identitatearen” legeak, erlijioak gizarte-bizitzan sartzea, pobreziaren eta zainketen feminizazioa eta emakumeen aintzatespenik eza gure zapalkuntzaren adierazle dira. Emakumezko jaiotzeagatik zapaltzen gaituzte.

AINTZAT HARTUTA Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren 2. artikuluak honako hau ezartzen duela: “Pertsona orok ditu Adierazpen honetan aldarrikatutako eskubide eta askatasun guztiak, arraza, kolorea, sexua, hizkuntza, erlijioa, iritzi politikoa edo beste edozein motatakoa, jatorri nazionala edo soziala, posizio ekonomikoa, jaiotza edo beste edozerren araberako bereizkeriarik gabe”.

EGIAZTATUTA, borroka feministak aurrera egin ahala, Gobernuak, alderdi politikoek, komunikabideek eta instantzia juridikoek abiarazitako patriarkatuaren erreakzioa jasaten ari garela

GUK, EMAKUMEOK, feminismoaren subjektu politiko gisa:

• DELIBERATZEN DUGU legeak emakumeen aurkako indarkeria mota eta adierazpen guztietatik modu eraginkorrean babestea eskakizun demokratikoa dela. Terrorismo matxista geldiarazteko helburua duten nazioarteko hitzarmen guztiak betetzeko ESKATZEN DUGU.

• DELIBERATZEN DUGU ez dela emakumeen salerosketarik egin behar, ez baikara objektuak. Lege integral bat ESKATZEN DUGU, prostituzioa, legez, ordaindutako bortxaketatzat ulertzeko eta abolitzeko; nazioarteko akordioak ezar daitezela sexu-esplotaziorako pertsonen trafikoaren esklabo-sareak pertsegitzeko eta desagerrarazteko; gure lurraldea sexu-turismorako sare horren sarrera, kontsumitzailea eta jomuga da.

• Pornografia bortxaketaren eskola dela jakinda, debekatu egin behar dela DELIBERATZEN DUGU. Pertsegitzeko eta desagerrarazteko legediak garatzeko ESKATZEN DUGU.

• DELIBERATZEN DUGU, emakumeen ugalketa-esplotazioa eta haurtxoen erosketa debekatzeko Gobernuaren ekintzarik ezaren aurrean, ez garela geldirik egongo. Lagundutako Giza Ugalketako Teknikei buruzko Legearen 10.3 artikulua indargabetzeko ESKATZEN DUGU, inork ez dezan erreklamatu ugalketa-esplotaziotik jaiotako haur baten seme-alabatasuna, eta atzerrian lege-iruzurra egitea ahalbidetzen duen 2010eko instrukzioa deuseztatzeko.

• DELIBERATZEN DUGU emakumeak esplotatzen dituzten praktikak ezin direla laguntza bidezko ugalketa-teknika gisa legezkotu, hala nola, hirugarrenentzako obuluak erauztea edo bizirik dauden emakumeen umetoki-transplanteak. Praktika horiek eta horien publizitatea debekatzeko ESKATZEN DUGU.

• DELIBERATZEN DUGU ezin dela onartu joera eta estereotipo patriarkal eta androzentrikoek zientziari, ikerketari eta emakumeen osasun-tratamenduari eragitea. Osasun arloan ere emakumeen berdintasun eza, indarkeria mediko eta obstetrikoa eta gaur egun emakume langileen osasunean eragina duen lan-arloko legeria diskriminatzailea amaitzeko ESKATZEN DUGU.

• DELIBERATZEN DUGU emakumeen sexu- eta ugalketa-prozesuak beren berezitasunean aintzat hartu behar direla. Amatasun-baimena eta erditze osteko errekuperaziorako baja-medikoa bereizteko ESKATZEN DUGU. Halaber, estatu osoan osasun publikoan haurdunaldia borondatez eteteko eskubidea bermatzeko ESKATZEN DUGU.

• DELIBERATZEN DUGU herri honek feminismoaren arrazoi kritikoa entzun behar duela eta, emakumeak subjektu politiko gisa ezabatuz, generoa identitate gisa babesten duen legeria oro gelditu eta indargabetu behar duela. Era berean, DELIBERATZEN DUGU ez dela autoidentifikazio subjektiboei buruzko legerik egin behar: hori egiteak emakumeen eta gizonen arteko berdintasun eraginkorrerako politika publikoak hutsaren hurrengo bihurtzen baititu. Norbanakoen nahiak edo sentimenduak emakumeen eskubideen gainetik ez egoteko ESKATZEN DUGU.

• Kultur ohiturek eta erlijioek inoiz ez dutela giza eskubideen gainetik egon behar DELIBERATZEN DUGU. Era guztietako espazio publikoak laikoak izan daitezela ESKATZEN DUGU; beraz, ohituretan edo erlijioan oinarrituta, nesken eta emakumeen askatasun eta osotasun fisiko eta moralari kalte egiten dioten jarduerak delitu izan daitezela ESKATZEN DUGU.

• DELIBERATZEN DUGU Europak emakume eta neska migratzaileentzat harrera-gune segurua izan behar duela. Europako Parlamentuari eta Espainiako Gobernuari giza eskubideen aurkakoa ez den migrazio-legeria ESKATZEN DIEGU.

• Eguneroko bizitzarako eta zaintzarako ezinbestekoak diren lanek Estatuaren gizarte-erantzukizuna izan behar dutela DELIBERATZEN DUGU. Funtsezkoak izan arren, inolako prestigio, aintzatespen sozial edo ekonomikorik ez duten zeregin eta lan horiek emakumeoi soilik EZ egozteko ESKATZEN DUGU.

• DELIBERATZEN DUGU pertsonen denborak izan behar duela erantzunkidetasun sozialeko politiken ardatz nagusia, egungo sistema bizitzarekin bateraezina baita. Lan-denbora pertsonen bizi-denboraren subsidiarioa izateko ESKATZEN DUGU. Halaber, lan prekarioak eragiten dituen kontratazio-sistema sakon berrikusteko ESKATZEN DUGU, batez ere lanaldi partziala, ia soilik emakumeei egozten baitzaie.

• Patriarkatuaren eta kapitalaren arteko aliantza kriminala amaitzea DELIBERATZEN DUGU, enplegu prekarioenak feminizatzen dituena, soldatan diskriminatzen gaituena eta karrera profesionalaren garapena eragozten diguna; gainera, horrek langabezia- eta pobrezia-tasa handiagoa pairatzea eragiten du, eta beraz, emakume izateagatik, etxegabetzeen, esplotazioaren eta gure bizitzaren merkantilizazio neoliberalaren aurrean ahulagoak izatera kondenatzen gaitu. Enplegu, soldata eta pentsio duinak ESKATZEN DITUGU; eta legeak eta justiziak etxeko langileek dekretuz jasaten duten bezalako sexuagatiko lan- eta soldata-zapalkuntza pertsegi dezatela, salbuespenik gabe; zerbitzu publikoen pribatizazio gero eta handiagoa salatzen dugu, bereziki emakumeei eragiten baitie.

• Emakumeen memoria historikoarekin zorretan gaudela DELIBERATZEN DUGU; gure talentuak eta historiak eskolako eta akademiako espediente eta curriculumetan egon behar dute. Gobernuari eta Estatuari ESKATZEN DIEGU emakumeek eta Mugimendu Feministak historian zehar esparru guztietan egin dituzten ekarpenak ezagutu eta aitortu ditzatela.

• DELIBERATZEN DUGU demokrazian ez dela onargarria emakumeak ezabatzen dituen neohizkuntza: emakume gisa ezabatzen bagaituzte, herritar gisa ezabatzen gaituzte. “Guraso haurduna”, “Pertsona menstruantea”, “Bagina-eramaleak”, “Zis-emakumeak”, “Emakume ez transak”, “Amatasun subrogatua”, “Sexu-langileak”… bezalako terminoak ez erabiltzeko ESKATZEN DUGU.

Honako hau OHARTARAZTEN DUGU:

Ez dugu onartuko gure eskubideak urratzen jarraitzea.

Ez dugu onartuko pentsamendu kritiko feminista gorroto-delitutzat hartzea, existitzen ez diren fobiak salatzean.

Gure ahotsak gizartean eta politikan parte hartzeko gune guztietan entzungo dituzue.

Ez diogu berriro bozka emango printzipio horien alde borrokatzen ez duen inolako alderdiri.

Ez dugu onartuko sexua ezabatu eta genero-estereotipoak areagotzen dituzten teoria azientifikoak eskoletan sartzea.

Kalean borrokatuko gara gure helburuak lortu arte.

Aurrez aurre izango gaituzue, EMAKUMEON INDARRA GUZTION ETORKIZUNA baita.

SINATU HEMEN:
https://docs.google.com/forms/viewform

 

Euskal Herriko Feminista Erradikalak. Trans legea lege-proiektuaren zirriborroa laster aurkeztuko da Gorte Nagusian. EHko hainbat feministok bat egin dugu lege honen onespenaren aurka borrokatzeko