Euskararen jirabiran

Euskararen jirabiran –

Edurne Alegria Aierdik BERRIAn.


Irailaren 11ko BERRIAn Iraitz Lazkano Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko lehendakariak argitaratutako Herritar gehiago, euskara gehiago artikuluaren harira, zenbait burutazio sortu zait.

Euskararen jirabiran

Lazkanok frogatu nahi du immigrazioak ez diola kalterik egiten euskarari, zenbaitek zabaldu nahi duten moduan.

Zenbait horien balizko intentzionalitate maltzurra albo batera utzita, ikus dezagun hotz-hotzean norainoko eragina izan dezakeen herrialde bateko biztanle-multzo bat beste batean txertatzeak, edozein izanda ere jatorrizko eta harrerako herriak. Ados egongo gara denok esateko, iritsi berriak beren ohitura, kultura eta hizkuntzarekin datozela eta harrerako herrian beste ohitura, kultura eta hizkuntza batzuekin aurkitzen direla. Bi multzo horien elkarketak egoera berri bat sortzen du harrerako herrialdean, eta honi dagokio jende multzo hori bizitoki berrian ahalik eta ondoen txertatzea, bertako bizieran ahal den eta sakoneko aldakuntza gutxien eragiteko.

Beraz, urteak dira immigranteak jasotzen dituzten herriek gai hori aintzakotzat hartu behar izan dutela eta legeak eta arauak garatzen joan behar izan dutela, immigrazioak gizartean duen eragina hainbat arlotan erregulatzeko: lan- eta osasun-arloan, hezkuntzan, etxebizitzen arloan… eta hizkuntzan ere bai.

Gai honi buruz interesgarria deritzot Rut Bermejo Zientzia Politikako irakaslearen lana (Idioma e inmigración: un análisis de la evolución de los requisitos idiomáticos en las políticas de inmigración [Hizkuntza eta immigrazioa: hizkuntza betebeharren bilakaera immigrazio-politiketan], 16/04/2008), non hizkuntza eta herrialde desberdinetako migrazio-politiken arteko harremana aztertzen duen. Halaber, Jesus Martinezena (Exigencias lingüísticas a migrantes adultos en Europa[Migratzaile helduei Europan exijitzen zaizkien hizkuntza-eskakizunak], Université Sorbonne nouvelle, Paris 3), non ikus daitezkeen, 2008ko ekainean, Europako Kontseiluak antolatutako La integración lingüística de adultos migrantes [Migratzaile helduen hizkuntza-integrazioa] izeneko mintegian aurkeztu ziren inkestaren konklusioak. Bide batez, errepara diezaiegun erabiltzen diren hitzei hizkuntzaren eskakizuna aipatzerakoan: requisitos, exigencias, hots, baldintzak, betebeharrak.

Lan hauek aipatzen ditut zera azpimarratzeko, alegia, hizkuntzarena saihetsezinezko gaia dela immigrazioaz ari garenean, eta noski, bertan azaltzen diren adibideak nazio estatudunei dagozkie: Australia, Kanada, Frantzia, Alemania eta abar. Denetan, hizkuntza ezagutzearen betekizunak etorkinen integrazioa du helburu, eta argudio hori ez dirudi inork zalantzan jartzen duenik; hala eta guztiz, estatu bakoitzak bere hizkuntza propioari ematen dio lehentasuna eta babesa.

Baina gatoz gurera, zer gertatzen da gu bezalako estaturik gabeko nazioekin? Zer gertatzen da gurea bezalako lurraldeetan, non gure hizkuntza erabiltzeko eskubidea izanda ere, derrigortuta gauden espainola/frantsesa jakitera, eta horren ondorioz denok hizkuntza hegemonikoa menperatzen dugun? Hemen, kanpotik etorritakoek, egoera horretaz jabetuta, beharrezkoa den hizkuntza ikastea lehenesten dute, normala den bezala, hego eta erdialdeko amerikarrek salbu, horiek gainditua baitute hizkuntza-eskakizuna Hego Euskal Herrian. Gure kasuan, etorkin gehienak espainolez integratzen dira Hegoaldeko bi erkidegoetan, zentzuzkoa denez, inork eta ezerk ez baititu behartzen euskara ikastera. Bistan denez, ezin diegu etorkinei egotzi gure hizkuntzaren egoera soziolinguistikoa, horren erantzuleak gu baikara. Alabaina, ukaezina da lehenagotik bizi dugun diglosia-egoera areagotu egiten dela erdal biztanleen eransketarekin.

Hau arazoa izan daiteke, bai, baina ez da inolaz gaur egun daukagun larriena gure hizkuntzari dagokionez: euskararen tratamendu orokorraren ondorio bat besterik ez baita. Urteak daramatzagu euskararen normalizazioa aldarrikatzen, haren egoera ez baita normala, eta aldi berean, urtea joan eta urtea etorri, hil ala biziko kinkan dagoen gaixoari, kataplasmak jartzen dihardugu.

Uema eta gainerako elkarte, erakunde, kontseilu, topagune eta abarrek euskararen alde lan baliagarria egiten dutela zalantzarik ez dago. Lazkanok berak artikuluan aipatzen dituen adibideak eredugarriak dira. Alta, lan hori dena —etorkinen euskalduntzea barne— hizkuntzaren berreskuratze-estrategia orokor, planifikatu eta ofizial baten baitan ez bada egiten, urteak eta urteak segi dezakegu dirua eta energia xahutzen, baina ez dugu gure hizkuntza normalizatuko.

Berreskuratze-prozesu honetan, ez dugu ahaztu behar hizkuntzak funtzio berezi bat betetzen duela, hots, herri bateko partaide izatearen sentimendua sustatu eta euskarritzearena. Ikusi besterik ez dugu gure auzokoek zer-nolako garrantzia ematen dioten hizkuntzaren zeregin horri kohesio soziala bermatzeko eta, era berean, etorkinak integratzeko. Goian aipatutako lanetan argi azaltzen da Estatuko nazionalitatea lortzeko, estatuaren hizkuntza menperatzea exijitzen zaiela. Gurean, aitzitik, funtzio hori lausotzen ari gara onkeriaz, gaizki ulertutako solidaritatearen eta unibertsaltasunaren izenean, edota menderatzen gaituztenen aurrean otzan azaltzearen mesedetan. Euren hizkuntza hegemonikoak babesteko, Espainiak eta Frantziak gero eta neurri zorrotzagoak hartzen dituzte gure aurka, eta guk are eta eleaniztunagoak izan behar omen dugu: gizartea, haurren heziketa, harremanak… denetan eleaniztunak, eta bitartean, euskaldun egiten gaituen mintzaira aukeran, eta beste hizkuntzen maila berean edota haien azpian ezarriz.

Gure Herriari Euskal kalifikatzailea ematen dion hizkuntzak behar dituen sendabideak jaso ezean, eta beste edozein hizkuntza nazionali ematen zaion tratu bera eman ezean, gureak egin du.

Edurne Alegria Aierdi

Naziogintza taldeko kidea

Euskararen jirabiran Euskararen jirabiran Euskararen jirabiran

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

13 pentsamendu “Euskararen jirabiran”-ri buruz

  • Eta zergatik ez gara hasten GU GEU euskerari behar dituen sendabideak ematen?
    Dela KULTURGINTZA-2022 delakoaren plangitzaren
    edo beste plangintza baten bidez, ABIAN JARRIZ?

    Hain zaila ote da ideiatik praktikaraigarotzea? Ala nagia?

    Ulertu bai, baina konprenitu… arean ere ez!!!

  • Beñat Castorene 2021-10-13 11:12

    Edurneren artikulu honek zentzuzoa dirudit.
    Imigrazioari buruzko hausnarketa serioa ezinbestekoa da. Euskararentzat nabarmen da onena litzatekeela imigrazioa geratzea baina erabakia ez da gure eskuetan.
    Baina Frantziako hauteskundeetan ere imigrazioa debatearen erdian izango da. Bi joaira edo korrente politikok talka egiten duten debate horrek gainditzen du imigrazioaren gai soila, barnebiltzen ditu baita ere beste gai asko, hala nola nazioaren ikusmoldea,ekonomia, hezkuntza ( unibertsitatea eta lanbide heziketaren arteko hautua) , familiari buruzko laguntza politika, europar eraikuntza, globalizazioaren ebaluazioa eta abar.
    Bi joaira horien arteko zatiketak ez du ordezten beti existitzen den eskuin/ezker zatiketa tradizionala ezta horrekin koinziditzen ere.
    Berrikitan Ingalaterran anitz irakurtzen omen da:
    “The Road to Somewhere: The Populist Revolt and the Future of Politics”
    David Goodharten saio politikoa
    Joaira bat deitzen du” elsewhere” eta bestea “somewhere” eta asken hamarkadeetako espikatzen du bi joare politikoen arteko borrokaren bitartez.
    Nahiz Ingalaterrari dagokion bada zer ikas guretzat ere. Nik itzulpen frantsesa irakurri dut baina harrituko nintzateke espainol bat ez balitz.

  • Beñat Castorene 2021-10-13 18:00

    Ahantzia nuen erraitea David Goodhart bera Brexita kontra bozkatu zuen bera jatorriz, formakuntzaz eta bizimoduz “elsewhere” aldekoa izanki; baina dioenez azken denboretan ikusitako populismoaren garapenak eta gertakariek( Trumpen fenomenoak, brexitak, “gilets jaunen” mugimenduak gogoetatzera eragin diote.

  • UEMAk aspaldian galdu zuen iparra, dirulaguntzaz bizi den gainerako euskalgintza bezalaze. Iraitzen artikulua penagarria da. Euskal txotxolismoaren adibiderik garbiena, ontasunez beterik…

  • Iraitzek artikuluan dio ” udalerri euskaldunetan, euskaltegian ari dira migratzaileen %5, eta udalerri euskaldun txikietan, %7″ eta, ondoren, “Honek guztiak agerian jartzen du etorri berriak euskarara gerturatzeko ekimenak abiarazten direnean eta euskara lanerako zein harremanetarako zubia dela sentitzen dutenean ederki erantzuten dutela”.

    %7 euskara ikasten, %100 gaztelera ikasten. Horrek euskarari kalterik egiten ez diola esatea zeharo itsututa egotea da.

    Herririk euskaldunenetan ere etorkinen %93k euskara ez ikastea eta gaztelanian errotzea larria da euskararen iraupenerako. Gutxieneko objektibotasun batekin begiratzu gero ukaezina da kezkatzekoa dela.

    Kontua ez da etorkinei errua botatzea. Errua ez baita haiena, herri honek pairatzen duen zapalketaren ondorio zuzena baizik. Baina ez dezagun geure burua engaina diskurtso politikoki zuzenekin geure hizkuntza desagertzera kondenatuz. Diagnostiko zuzena egin ezean ezinezkoa izango da irtenbide egokiak ezartzea.

  • Ados MIE-rekin %100ean.

  • Mikel Haranburu 2021-10-15 12:48

    “%7 euskara ikasten, %100 gaztelera ikasten. Horrek euskarari kalterik egiten ez diola esatea zeharo itsututa egotea da”.
    Nik gai honetaz zerbait esan nuen, ehunekoek (demografia zen gaia) ez dutela (hainbeste) inporta; berdin garela euskaldun euskaldun garenak. Izan ere, jakintsuek esan bezate, ziuraski historian inoiz izan garen kopuru handiena gara gaur egun euskaldunok. Ez da kontu hutsala, azken batez, komunitate trinkoa osatzea baita helbururik behinena, eta hori errazago erdietsiko dugu asko izanik, zeinahi den euskaldun ez direnekiko ehunekoa.
    Egia da, hori bai, asko inporta duena dela jendeak nori eta zergatik ematen dion botoa, hots, boterea, erabakimena.

    “Kontua ez da etorkinei errua botatzea. Errua ez baita haiena, herri honek pairatzen duen zapalketaren ondorio zuzena baizik. Baina ez dezagun geure burua engaina diskurtso politikoki zuzenekin geure hizkuntza desagertzera kondenatuz. Diagnostiko zuzena egin ezean ezinezkoa izango da irtenbide egokiak ezartzea”.
    Asko mintzatzen gara etorkinez… gure ondoan, etxean sartuta sarri askotan, hamarkada batzuez bizi direlarik “egokinak”, “Euskaraz bizi nahi dugu“ leloa darabilten askoren eskutik helduta… Horiek ez dute ehunekorik osatzen ala? Beldur naiz horrelako euskaltzaleak ez diren toki batzutan edo askotan gehiengoa…

  • Joxe pottotto 2021-10-16 20:32

    Zergatik da euskararentzat onena inmigrazioa geratzea eta ez inmigranteak euskaratzea?
    Inmigrante guztiak euskaldunduko balira, ze ekarpena euskararentzat!
    Baina horretarako ez daukagu aski botererik. Noski, inmigrazioa geratzeko bezain gutxi.
    Ez bada, Voxekin aliatzen garela.
    Hori ote euskaldunon etorkizuna…?

  • MIEren pentsamenduarekin bat nator.

    Alferrik da Migrazioari stop egitea,ez soilik botere autonomorik ez dugulako,bizik eta migrazioaren patua ezinbestekoa delako (eta justiziazkoa, are gehiago geure kolonizazioaren ondorioa delako).

    Ez dago errua migratzaileei eurei errua egoztea. Haien, normalean, gure pare edo guk baino gehiago dakite zer den kolonizazioa eta beren hizkuntza galtzen ikustea.

    Argi dago, baita ere, arazo hau urjentziazkoa dela. Beraz, KULTURGINTZA-2022ko programan sartu beharrekoa.

    Bide bat hauxe litzateke, ene ustez: inmigranteak dauden guneetan harrera-taldeak antolatzea, nora etorri diren azaltzeko.

  • Benat Castorene 2021-10-17 11:08

    Etorkin gehienak, orai, nausiki etortzen dira haien herrietan espero ez duten gure bizimodua — on ta tzar nahaste–gozatu nahian. Alta ez dira baitezpada malurusenak euren herrietan. Hemen, lehentasunez, ikasten dute, kontzientzia problemarik gabe, bizimodu hori lortzeko gehien lagunduko dituen hizkuntza . Dakidanez, gure arbasoek ere Txilen edo Nevadan ez zuten indianoa ikasi.
    Bistan da salbuespen ederrak badirela beti eta beharrik. Bizkaiko arrantzale senegaldar batzu edo. franrses euskalzale batzu adibidez.
    Baina salbuespen horiek ez dute kentzen orokorrean imigrazioa kaltegarria dela gure hizkuntzarentzat eta tamalez ezin dugula geratu. Horixe da suertatzen gurean bederen . Beharbada zurean ez da horrela izango?
    Azken gauza bat , orai datozenek ez eiki dute zuzenean ezagutu kolonizazioa, bai ordea ezagutzen dituzte oraiko gobernu “hala hulakoak”, askotan herria garatzeko ezgai, usteldutxeak ere eta horregatik hobena beti kolonisazioaren gainean emaiten dutenak. Hor ere beharrik salbuespenak badira.
    Horiek hola, harrera-taldea ideia oso bihotz onekoa eta errespetagarria da baina hizkuntzaren aldetik tamalez beldur naiz arrakasta biziki mugatua izanen duzula.

  • Joxe pottotto 2021-10-17 15:22

    Ea Benat.
    Zuk diozu euskararentzat inmigrazioa txarra dela, eta gaur egungo egoera jartzen duzu horren adibide. Ondo dakizu zuk gaur egungo egoera, boterea, ez dagoela euskaldun euskaltzaleen esku, erdaldun erdaltzaleen esku baizik.
    Beraz:
    1. Gaurko egoeran, etorkinek erdaraz egiten dute.
    2. Ez dugu botererik gaurko egoera iraultzeko.
    Zure ondorioa: Boterea behar dugu etorkinei atea ixteko.
    Nire ondorioa: Boterea behar dugu etorkinek euskaraz egiteko.
    Zergatik da zure aukera nirea baino hobea?

  • Benat Castorene 2021-10-17 17:56

    Joxe, lehenik bortak erabat hestea ez da on ezta posible ere. Baina herri aske batek ahalmen gehiago luke bortak nahi eta behar duen neurrian hesteko edo idekitzeko. Iduritzen zait oso guti utzi behar lukeela sartzera iimigrazio gabe ere jada txarra den euskararen egoera hau sendotu arte.
    Gero ere jakin behar da, herri tipia izanki, gure integrazio edo asimilazio gaitasuna mugatua dela.
    Etorkinak asimilatzea–independienteak izan arren– oso zaila da batez ere populazioaren ehuneko batetik goiti. Orduan haiek gaituzte eraldatzen eta.
    Horretan gara errealistak izan behar, etorkinak jiten dira ez asimilatuak izaiteko baizik eta hemengo bizimodua gozatzeko eta asmo hori lortzen ahal badute beren jatorrizko komunitateak hemen mantenduz edo berreraikiz oraindik hobeto haientzat. Oso naturala da haientzat euskaldunentzat bezala.
    Horregatik estatu batentzat biziki inportantea litzatzeke imigrazioa hasieratik kontrolatzea sobera berandu gabe.

    Europan imigrazioa da gai biziki inportantea eta larria. Ez bakarrik gurea bezalako herri menderatuetan baina Frantzia bezalako herrietan ere. Horregatik datozen hauteskundeetan gau eztabaidatuenetarik bat izango da. B

  • “Boterea behar dugu emigranteek euskal elea ikas dezaten”

    Zeharo ados.
    Baina ez gaitezen izan inozoak.
    Botere hori ez zaigu etorriko Zerutik, Goiak agortuta daudelako aspalditik (kontra ez daudenean).

    GUK GEUK hasi behar dugu gurdia lokatzetatik ateratzen. Ez dezagun geure burua engaina.
    Geuk, euskaldun kontzientziadunok hasi behar dugu mugitzen; eta kultur proiektu oso bat zehaztu, edozein kulturgunri aurkezteko modukoa.
    Eta horrek KOSTE bat dauka, astean hiru-lau ordu bideratzea langintza horretarako.

    Gero bai, eska dezakegula laguntza UEMARI edo dena delakoari.

    Has gaitezen lehenbailehen, euskeraren kinkak urjentziako neurriak behar dituelako.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude