Emakumearen gorputzaren kondena israeleko kartzela sisteman (Palestinako brigada feministaren 2. kronika)
Emakumearen gorputzaren kondena israeleko kartzela sisteman (Palestinako brigada feministaren 2. kronika) –
Palestinako lurraldean bi aste daramatzagu, gizartean murgildu garenetik ezagututako pertsona orok, preso politiko gisa kartzela estuki ezagutu du, esperientzia pertsonal edota gertuko kontakizun ugari ditugu adibide. Egun, 5.250 palestinar kartzelan dira, haietatik 44 emakumezkoak. Israelen apartheid kolonialistaren areagotzea ezinezkoa litzateke helmen handiko zigor sistema gabe. Hemen inor ez da salbu, sare sozialetan auzi palestindarrarekin bat egite hutsak kondena zaitzake.
Herritartasunaren arabera, sistema legegile ezberdinak ezartzen ditu israelek. Horrela, jerusalemeko hiritar palestinarrei legedi zibila aplikatzen zaie, Gaza eta Zisjordaniako biztanleei, ordea, legedi militarra. Azken honek ahalbidetuta, maiz, ilegala den atxiloketa administratiboa gauzatzen da. Honen berezitasunak epaiketa gabeko itxialdian datza, inolako ebidentzia gabe, hainbat egunez, hilabetez edo urtez luza daiteke espetxeratzea. Jerusalemen, legedi zibilaren arrazoiz, aurreko kasuko egoerarik ez da ematen, honen beharrean etxe atxiloketak gertatzen dira, batez ere gazteen kasuan. Errepresio forma honek etxetik ateratzeko baimena ezeztatzen die kaltedunei. Emakumeak sistema hau aurrez aurre sufritzen du. Semeak zigorra apurtu eta ondorio okerragoen beldurrean, ama presozain bihurtzera behartuta sentitzen da, etxe barruan biolentzia egoera larriak sortzen direlarik.
Askatasun-gabetzea Israel indar okupatzailearen espetxeetan ematen denean, bizi baldintzak onartezinak bilakatzen dira. Gaur egun giltzapetutako 44 emakumeak Damon kartzelan daude. Bertan arazo askori aurre egin behar diete, beti ere, bere genero baldintza jasanez. Higiene pertsonala partekatutako dutxetan egin behar dute, zeldatik ateratzeko egunean zehar banaturik dituzten lau orduetan. Hau kultura arabiarrean bereziki iraingarria da, hala beste emakumeen aurrean biluzik agertzeak nola beraien praktikak kontrolatzeak haien pribatasuna kentzen dielako. Patioan aisialdirako duten ordu bakarra ezin dute eroso igaro, bertako kameren presentziak hijaba erabiltzera behartzeaz gain, kirolak praktikatzeko askatasuna murrizten baitie. Osasunari dagokionez, emakumearen gorputzaren ezaugarriak ez dira lehentasun. Ez dago mediku espezializaturik, egoera hau are gehiago larritzen da haurdunaldian. Beharrezkoak diren mediku kontrolak eskasak dira, eta daudenean, presoa bilurtuta egoten da. Egoera honek israelgo katzela sistemaren aurpegi makabroena erakusten du erditzean, azken momenturaino askatzen ez dutelarik.
Emakumearen gorputza tortura erraminta gisa erabiltzen dute. Hasiera-hasieratik, galdeketetan, sexu irainak ohikoak dira sendotasuna gutxiesteko helburuarekin. Bortxaketa mehatxuen, haien senideen aurrean biluztearen, soldaduen jarrera gertuaren eta beste hainbat erasoen inguruko testigantzak entzun ditugu. Hau gutxi balitz, epailearengana joan aurretik eta bueltatzean beharrezkoak diren miaketak baino gehiago sufritzen dituzte. Gainera, hilerokoa dutenean, konpresen erabilera ezeztatzen diete, haien duintasuna zapalduz. Guzti honek, akusatuak epaiketa prozesua ekidin nahi izana sortarazten du, askotan berarenganako probarik ez dagoela dakien arren, kondena zehatzaren adostasunera iritsiz.
Kartzelaren hormen barruan, garaipen handiak ere eman dira, honen adibide Khalida Jarrar preso ohiak aurrera eramandako eskolak ditugu. Nahiz eta Israelek presoen hezkuntzarako oztopoak jarri, Khalidak espetxealdia politizazio prozesu batean bilakatzea lortu du, legedia eta historia klaseak antolatuz, baita presoak batxilergoarekin jarraitzea ahalbidetuz. Lorpen honen garrantzia bizirik dirauen mekanismoan datza, kartzela liburuz eta baliabidez hornitu baitu, presoen elkarrenganako laguntza eta jositako sareak erresistentziak kartzela barruan bizirik dirauela frogatuz.