Antipunitibismoa eta zigorgabetasuna

Antipunitibismoa eta zigorgabetasuna –

Justiziaren definizioa garaian garaiko ideia eta baloreen arabera osatzen da, beti ere sistema politiko-soziala betikotzeko asmoz.

Marx-ek honakoa zioen: “Klase nagusiaren ideiak garai bakoitzean nagusi diren ideiak dira, bestela esanda, gizartean nagusi den botere materiala erabiltzen duen klasea, aldi berean, bere botere espiritual nagusia da. Ekoizpen materialerako baliabideak eskura dituen klaseak, horrekin batera, ekoizpen espiritualerako bitartekoak ere baditu.”

Beraz, justiziaren kontzeptuari eragiten diote erlijio nagusiek, sistema ekonomikoek, politikoek eta abarrek; Talioaren legetik -begia begi truk- bergizarteratzearen kontzeptura, esaterako.

Ezagutzen ditugun sistema politiko eta ekonomikoak patriarkatuan oinarritu dira garatzeko eta loratzeko, hau da, populazio erdiaren dominazioan eta esplotazioan. Zapalkuntza hori eratzeko eta betikotzeko mekanismoak anitzak dira, sistemikoak eta sistematikoak, indarkeria nagusi izanik: genero bortizkeria edo emakumeen aurkako bortizkeria, sexu bortizkeria, tratu txarrak, lege errepresibo misoginoak, behartutako haurdunaldiak eta ezkontzak, mutilazioak, zigor fisikoak, eta abar. Hortaz, indarkeria matxista boterea dutenen pribilegioa da, hain zuzen ere, botere hori mantentzeko tresna delako, bortizkeriarik gabe emakumeak kontrolatzea eta talde zapaltzailearen nagusitasun status hori iraunaraztea ezinezkoa litzatekeelako. 

Ildo beretik, justiziaren kontzeptua emakumeentzat ez da gizonezkoentzako berbera izan historia osoan zehar, sistema patriarkaletan emakumearen erantzukizuna baita komunitatearen, familiaren eta bereziki familiako gizonezkoen ohorea eta balore moral zuzenak gordetzea. Justizia sistema guztietan historian zehar gizonezkoei delituak egozten zitzaizkien bitartean, emakumezkoenak falta moralak izan dira (eta badira herrialde askotan oraindik ere), eta horregatik bidaltzen zituzten  gizonezkoak galeretara erregearentzat arraun egitera edo meatzetara, eta geroago espetxeetara. Bitartean emakumeak, ordea, mojengana bidaltzen zituzten, mojek kudeatutako zentro erreformatorioetara, moralaren aurkako jokabideak egotzita, adibidez, kalean prostituzioan aritzea edota adulterioa.  

Espetxea instituzio errepresibo gisa gizonezkoentzat diseinatu zen, beraz. Estatistikei begiratzen badiegu, erraz antzemango dugu, gainera, gizon pobreentzat diseinatuta daudela, populazio presoaren profila horixe delako, hain zuzen ere: lapurreta txikiengatik, jabetza pribatuaren kontrako delituengatik, osasunaren kontrako delitu txikiengatik -droga trafikoa- espetxeratutako gizonezkoak dira nagusi; bazterkeriazko testuinguruetako gizonak, hain zuzen ere. Era berean, ikus dezakegu emakumeak espetxeetan populazio preso osoaren ehuneko 5 inguru besterik ez direla, oro har.

Gainera, espetxean dauden emakumeak askotan, gehienetan, beren testuinguruko gizonezkoek egindako delitu nagusiengatik daude espetxean. Gehienetan emakume presoek txikitatik jasan dituzte ordaintzen ari diren delituak baino larriagoak direnak,  esaterako sexu-abusuak, tratu txarrak, eta abar.

Sistemak ez ditu zigor penalak eta kartzelak behar emakumeak “bere lekuan” eta otzan mantentzeko; horretarako emakumeen aurkako indarkeria multidimensional, sistemiko eta sistematikoa dauka, mundu mailan  hedatzen dena, sexuaren araberako lan banaketa eta emakumezkoen sexu- eta ugalketa-esplotazioa iraunarazteko, hain zuzen ere.

Era berean, sistemak zigorrik gabe uzten ditu funtzionalak zaizkion eskubide urraketak: lukurreria, espekulazioa, esplotazioa, polizia indarkeria, tortura, arrazakeria eta, jakina, emakumeen aurkako indarkeria, hau da, sistema patriarkalari eta kapitalistari eusteko balio dutenak. Laburbilduz, sistemak lagungarri eta berezko dituen indarkeriak zigorgabe uzteko joera dauka, eta kalte egiten diotenak zigortu. 

Horregatik guztiagatik ez dago ia emakumerik espetxean. Gainera, aski jakina da kartzelan ez dagoela eskularru zuriko lapurrik, ez nazirik, ez torturatzailerik, ezta ia bortxatzailerik eta tratu-txar emailerik ere. Emakumeen aurkako delituen kopuru erraldoiak aintzat hartzen baditugu, konturatuko gara horiengatik espetxeratutako gizonezkoek preso-populaziorik handiena osatu beharko luketela, eta ez da horrela, inondik ere. 

Bestalde, “populismo populista” zigor gogorragoak eskatzea litzateke, sistemaren biktimentzat, sistemari aurre egiten diotenentzat, jabetza pribatuaren aurka egiten dutenentzat, eskubideak aldarrikatzeko manifestatzen direnentzat, edota gobernua eta koroa madarikatzen dituztenentzat. Baita trans-queer ideologia sexista dela, emakumea giza eme heldua dela eta sexua ezin dela aldatu (eta mundua ulertzeko eta eraldatzeko ezagutu beharreko aldagai garrantzitsua dela) adierazten duten emakumeentzat ere, bide batez.

Komenigarria da gogoratzea, zentzu honetan, besteak beste, bizi arteko espetxe zigorra, mozal legea eta partiduen legea, indarrean daudela oraindik ere; berriki ordena publikoaren kontrako zigorrak handitu dituztela eta jokabide gehiago horrela definitu; animalien eskubideak babesteko delitu eta, beraz, zigor berriak legeztatu dituztela, eta onartzear dagoela feministok “trans-mozal” legea deritzoguna, hau da, umeak mutilatzea eta antzutzea ez direla giza-eskubideak, sexua errealitate material biologikoa dela eta ezin dela aldatu esatera ausartzen direnen aurkako zigorrak.

Ondorioz, badirudi “antipunitibismoa” zer den eta zer ez den definitzeko eskumen osoa soilik batzuek daukatela, eta emakumeen eskubideen urraketentzat soilik dela aplikagarri erabaki dutela, zeren eta beste hainbat eremutan delitu berriak eta zigor gogorragoak aldarrikatzen, babesten eta onartzen ari dira.

Badirudi Euskal Herrian emakumeen kontrako delituetan “antipunitibismoaren” bandera astintzen dutenean, ahaztu egiten dutela emakumeen kontrako indarkeria, genero indarkeria, feminizidioak edota indarkeria sexuala sistema patriarkalaren habeak direla; bortxaketak eta emakumeen aurkako indarkeria ugaritu egin direla; emakumeen beldurra areagotu egin dela; sexu-erasoak gero eta gehiago eta bortitzagoak direla; estatistikek erakusten dutela emakumeen eskubideen aurkako delituengatik zigortutako gizonezkoek joera handiagoa daukatela delitu bera berriro errepikatzeko. Era hori guztia  sistemaren indarkeria dela, ordena patriarkal eta kapitalistari eusteko.

Ahaztu egiten dute, egiturazko zapalkutza indarrean dagoen bitartean, emakumeok ez dugula inoiz justiziarik izango, justizia zer den eta nola egikaritzen den talde dominatzaileak ezartzen duelako, beti. Eta horretan ari dira hain zuzen ere euskal “antipunitibistak” ere.

Euskal Herriko Feminista Erradikalak. Trans legea lege-proiektuaren zirriborroa laster aurkeztuko da Gorte Nagusian. EHko hainbat feministok bat egin dugu lege honen onespenaren aurka borrokatzeko

5 pentsamendu “Antipunitibismoa eta zigorgabetasuna”-ri buruz

  • Gizonak dira presoen gehiengo handia, %90, eta delitu bera egiteagatik gizonek zigor luzeagoak jasaten dituzte. Noski, fem1naziak honekin pozik ez, eta gizon preso gehiago nahi dituzte. Gorrotoan oinarritutako ideologia txoroa.

    Holako babukerietan oinarritzen dituzte “argudioak”:
    “Gainera, aski jakina da kartzelan ez dagoela eskularru zuriko lapurrik, ez nazirik, ez torturatzailerik, ezta ia bortxatzailerik eta tratu-txar emailerik ere.”

    Feminismoa EHtik kanpo!

  • Gainera, ez dute kontuan hartzen giza eskubideen aurkakoa den viogen legeari esker, gizonak lehenengo preso, eta gero epaituak direla, delitu faltsuak izan arren.

    Beraz honakoa gezurra da:
    “Emakumeen aurkako delituen kopuru erraldoiak aintzat hartzen baditugu, konturatuko gara horiengatik espetxeratutako gizonezkoek preso-populaziorik handiena osatu beharko luketela, eta ez da horrela, inondik ere. ”

    Transfobia itxua ez aipatzearren ere, euskalVOX berria:
    “”Baita trans-queer ideologia sexista dela, emakumea giza eme heldua dela eta sexua ezin dela aldatu (eta mundua ulertzeko eta eraldatzeko ezagutu beharreko aldagai garrantzitsua dela) adierazten duten emakumeentzat ere, bide batez.”

    Adierazten duten emakumeentzat? Eta gizonentzat ez? Gezur batetik bestera.

  • Batik bat. Ideia pitorik eduki barik idazten duzu. Lehengo preso eta gero epaituak? Bortizkeria matxistaren salaketek egiaztatze hirukoitza dute. Lehengo preso? Horregatik erahildako emakume mordok bikotekidea salatua zuten, eta jau kalean zegoen.
    Transfobia biologia? Queer-ek eta VOXek antzeko ideologia dute. VOXek uste du emakume jaiotzeagatik zure papera bizitzan gizonaren menpe egotea dela. Kuirrek pauso makurrago bat gehiago ematen dute. Gustoko baduzun papera menekoaren papera bada, emakumea zarelako da. Biologia ukatzen dute. Emakumeen kirolak,lan askorekin lortutako espazio pribatuak..eraitsi nahi dituzte.
    Feminismoak aldiz, ez du biologia ukatzen . Baina biologia jakin batekin jaiotzeagatik,meneko papera ez dagokizula uste du. Ezta gehiago zarelaren papera. Feminismoak esaten du, giza espeziearen eme heldua emakumea dela,eta emakumeek,gizonek bezala,nahi duten izaera,apetak…izan ditzaketela. Emakumea jaiotzeagatik,ez duzula zertan fina izan behar, baina izan zaitezkela,ez duzula zertan futbola gorrotatu behar,baina gorrotatu dezakezula, emakumea jaiotzeagatik tuntunagoa ez zarela,zure iritziak edozein gizonena bezain beste balio dezakela. Adibide txoro hauek, zuk uler ditzazun da. Horregatik errazenak jartzen dizkizut.
    Gizonentzat ez dute adierazten,patriarkatuan bizitzen garelako, eta emakumea jaiotze hutsagatik,opresio estrukturala pairatzen dutelako.
    Esatea bezala, mugimendu anti arrazistakoek, ez direla arduratzen arrazismoa pairatzen ez dutenaz.
    Eta testua ez omen duzu ulertu, gizon gehiago kartzelan daudela esan dutelako, delitu jakin batzuk egiteagatik, eta zigor hoiek handitu dituztela,emakumeak erasotzeagatik murrizten diren bitartean.
    Feminismoaren subjektu politikoa emakumeak dira. Emakumea giza espeziearen emea da.
    Egia esatea ez da transfoboa,eta nago, emakumea zer den ez badakizu, transfobia zer den ere ez.
    Bukatzeko,kuir legeak munduan zehar, ezkerrak,eskumak,elizek..sostengatu dituzte.

  • Marxen zita jarri duzunean ahaztu egin zaizu “Klase nagusia” esaten duenean ez dela gizonetaz ari, eta sistema ekonomiko hau ez “populazio erdiaren dominazio eta esplotazioan’ oinarritzen (honek ez du esan nahi zapalkuntza hori existitzen ez denik).
    Sistemaren oinarria hori balitz, zer desberdintasun dago kapitalismo, feudalismo eta esklabismoaren artean? Guztietan egon da emakumea zapaldua (-go).
    Zapalkuntza hori urrutitik dator eta historian izan ditugun sistemek aprobetxatu egin dute hori, arraza aprobetxatu duten bezala.

  • Eta bestalde, bortxaketa sistemari funtzionala zaionez ez da zigortzen?
    Ez dakit zein metabertsotan zauden, baina bortxatzailea beti izan da gogor zigortua, bai epaiketetan, bai gizartean eta baita kartzela barruan ere. Sistemak bortxaketak bultzatzen eta onartzen dituela esatea pixka bat konspiranoikoa ere iruditzen zait.
    Hori bai, niri kopetean etiketak jartzen hasi baino lehen, onartuz emakumeen aurkako zapalkuntza existitzen dela eta oso errotuta dagoela. Errotuta dago, baina ez da erroa.